Euskal presoen gaia hizpide izan du Iñigo Urkullu lehendakariak Gasteizen egindako agerraldian. Haren aburuz, presoek Espainiako espetxe erakundeetara jo beharko lukete espetxe onurak eskuratzeko. "Ez gaude duela hiru urte eta erdiko testuinguru berean. Presoen estrategiek bat egin beharko lukete egoera berriarekin". Lehendakariak dei egin die presoei bizikidetzaren alde pausoak eman eta iraganaren interpretazio kritikoa egiteko.
Era berean, espetxe politikaren helburuak gizarteratzea izan behar duela gogoratu dio Urkulluk Espainiako Gobernuari. Presoekin lan egiten duten lagunen atxiloketen inguruan, berriz, lehendakariak adierazi du Espainiako Gobernuak "ezohiko legedia bertan behera" utzi behar duela.