Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak atzo iragarritako asmoari, hots, Batasunarekin batzartzekoari, oniritzia eman dio Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak. Hala ere, ñabardura bat ezarri dio: batzar horren helburua izatea Batasunari adieraztea bizitza politikoan parte hartzeko "legea errespetatu eta bete" behar duela. Batasuneko mahaikideek Auzitegi Nazionalean duen hitzordua dela-eta, Grande Marlaskak legea egungo "testuinguruaren arabera" interpretatu beharko lukeela iritzi dio.
"Batasunari bizitza politikoan parte hartu nahi badu legea errespetatuz eta betez egin ahal izango duela adieraztea den guztia baimentzen dugu guk", esan du Blancok Tele5 telebista katean, Patxi Lopezek atzo iragarritako bilerak PSOEren baimena duen galdetu diotenean. "Ez zait gaizki iruditzen Lopezek ezker abertzaleko kideei begietara begiratzea, eta argi eta garbi esatea: 'parte har ezazue bizitza politikoan, egin ezazue arauekin eta legeekin bat etorriz, legea betez'. Testuinguru horretan ez zait gaizki iruditzen batzarra egitea eta iritziak trukatzea".
Mahaikideen deklarazioa eta Marlaskaren jarrera
Batasuneko zortzi mahaikidek Espainiako Auzitegi Nazionalean inputatu gisa deklaratzera deituta daudela-eta, gai horren inguruan duen iritziari buruz ere galdetu diote Tele5n Blancori. Ez du erabateko jarrera argirik adierazi Batasuneko kideak espetxeratzeko aukeraren inguruan, baina Grande Marlaska epaileak legea "egungo testuinguruaren arabera" interpretatu beharko lukeela esan du, eta haren erabakiak "terrorismoa amaitzeko" lagungarri izan beharko lukeela.
PSOEren baimena du PSEk Batasunarekin bilera egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu