Haserre eta iraindurik sentitzen dira harrera familiak. Haien kontrako kanpaina mediatikoa salatu eta nabarmendu dute gerraren itsasotik bizi-esperantzaren tanta bat atera nahi dutela.
A. Renteria
Bi mila kilometroko bidea egin ondoren, hilabeteetan prestatu duten harrera egiterik ez dutela jakin ondoren, begitarte beltza daukate Aitor Sarasua eta Maiana Laskaraik. Filipe Laskarai ere bikotearen etxean da Itsasun (Lapurdi). Darfurreko gerrako umezurtzei aterbea ematea dute helburu. Behar beste denborarako eskaini diote etxea eta aterbea heldu ez den haur ezezagunari. Orotara Nafarroa Behereko eta Lapurdiko sei etxetan ireki dizkiete ateak Darfurreko haurrei.
«Guk ez dugu haur gehiagoren beharrik, gure alabek asetzen gaituzte», dio haserre Sarasuak. Ez du onartzen legez kanpoko adopzio sarearen aipamenik. Lehentasuna haurrak ekartzea da eta babes politikoa eskatzea. Ondoren, egoeraren arabera, haurraren arabera, haurra itzuli behar den edo adopzioa burutu behar den aztertuko luketela diote. Baina ez da adopzioa helburua.
«Gezurrez beteriko kanpaina mediatikoa deitoragarria da, gerrako umezurtzei zor eta ukatzen zaien harrera eskaini nahi diegu, babesa eskaintzea da gure xede bakarra».
Harrera familien eta xedearen bultzatzaileen kontrako kanpaina espero zuten. Horregatik operazio guztia hastapenetik filmatzea deliberatu zuten, guztia agindu bezala burutu dela bermatzeko. Eta baldintzak zehatzak ziren. Haurrak umezurtzak izan behar ziren, bost urtez beherakoak. Familiek ez zuten hautatzerik haurraren sexua edo adina. Ez osasun egoera. Haurrek ez zekarten osasun agiririk eta gerlak eragindako traumak, hiesa edo bertze eritasun bat ukan zezaketen. Herrien arteko elkartasuna traba horien gainetik pasatu behar dela dio Sarasuak. Haurren segurtasuna eta osasuna bermatzen ez duten gobernuen gainetik ere bai. «Elkartasun proiektu kolektiboa da».
Gobernuen indarraren jakitun, balizko bahiketa salaketari buru egiteko operazio guztia zehatz-mehatz filmatzea deliberatu zuten. Alta, kazetariak atxiloturik daude eta dokumentu horiek ez dira ageri. Gatazka saihesteko haurrak umezurtzak izan behar ziren eta agiriak eskas diren tokian leinuetako buruzagien lekukotasuna funtsezkoa da. Dokumentu horiek non dauden galdetzen dute.
Gogoz kontra, bermerik ez zuten haurren kasuak baztertu behar izan dituztela dio Sarasuak. Bertze jatorri bateko haurrak ere ezin zituztela hartu deliberatu zuten. Bazekiten zirimola mediatikoa izugarria izan zitekeela. Hastapeneko xedea apaldu eta operazioa 103 haurrekin egin behar zela gogoratzen du. Urriaren 27ko bake konferentziak ere ez ditu gauzak konpondu. Bai matxinatuek, bai Txadeko Gobernuak, jazarpena gogortu dute, mugimenduak ekidinez.
Txadeko buruzagiak jakinaren gainean zeudela eta operazioa egin baino egun bat lehenago ez zutela jarri azpimarratu du. «Zer gertatu da gero? Zeinek egin du presioa operazioa mozteko?».
NBE-REN EZINTASUNA. Petrolioaren ustiapena, armen trafikoa eta interesen lehia dakar gogora Filipe Laskaraik. Nazio Batuen Erakundearen ezintasuna ere azpimarratu du. Khartumen egoteko baimena daukate, baina ez handik ateratzeko baimenik. «Ehunka 4x4 dituzte geldirik eta alokairua ordaintzen diote horiengatik Txadeko Gobernuari». Matxinatuek ebasten dituzte eta lehen gameluz egiten zuten gerra, NBEren auto indartsuetan egiten dute. Txadeko gobernuak hartzen dituelarik berriz ere NBEren erakundeari saltzen diotela salatzen du.
Gobernuz kanpoko erakunde ugari daude Darfurren, 50etik gora. Baina NBE dagoen egoera berean daudela azpimarratu du. Hoteletako alokairuak, janaria, erosketak, dibisen iturri bihurtu direla salatu du. Testuinguru horretan gerra luzatzeko interes ugari daudela dio. «NBEk 15 ebazpen hartu ditu, baina non dago eragina?», galdetu du Maiana Laskaraik.
Adopzio elkarteak ere uzkur daude operazioaren aitzinean. Bertze antolaketa bat daukate, abantzu bost urteko epeak eta diru eskaera handia hori burutzeko. Alta, gerlak astintzen duen lurraldean eragin murritza daukate. Ez dira gai epe laburreko beharrari ihardesteko eta denbora berean sistema osoa arriskuan dagoela ikusten dute.
Preseski, ikusirik etor zitekeen operazioa mediatikoa, zuhur jokatzea deliberatu zuten Zoeren Ontzikoek. Hastapen batean adopzioa eskatu zuten jendeen sarea baliatu zuten. Geroago zabaldu zuten. Gobernuak indartsuak dira eta pedofilia aipamenak eragin handia du. Hori saihesteko hautatu zuten adopzio familietatik abiatzea harrera eskaria, ingurukoei eta jende militanteari zabaltzeko ondoren.
Egia da operazioa burutzeko dirua jarri dutela. Hastapenean 1.400 euro jarri zituzten eta gero bertze mila. Dirua ez dela baitezkoa azpimarratu dute. Ahal izan duenak jarri du eta haurrik hartuko ez zuen hainbat jendek ere jarri du. Diru hori bizi baldintzak hobetu, haurrak artatu eta bidaia antolatzeko baliatu dela diote. Zoeren Ontziak ez du erakundeen dirurik onartzen eta jendeen parte-hartzea izan da diru iturri bakarra.
Bazekiten 103 haur horietan bakar bat ez zela jinen Euskal Herrira eta hala ere bidaia egin dute Reimsera elkartasuna adierazteko, haserrea adierazteko bezala.
Euskal Herriak ere ezagutu du gerlatik ihes egin behar zuten haurren errealitatea. Gobernuek antolatu zuten. «Gobernuek legitimitate hori bermatzen ez dutenean, herritarrek egin behar dugu elkartasun urratsa», dio Filipe Laskaraik. Ezberdintasuna handia dela dio, orain jende xumeak egin duelako . Filosofia politikoa dela diote, jendeak bere txikia egin dezakeen urratsa. Umezurtzak gerretan esklabo gisa baliatzen direla gogoratu dute, soldadu ez direlarik.
Sei harrera familia dituzte zain Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu