Josetxo Arizkuren euskal presoa Murtziako espetxera aldatu izana "mendekua" izan da, Sorturen esanetan. Alderdi independentistak gogora ekarri du apirilaren 17an, preso ohiek Bilbon antolatu zuten manifestazioan, haren gutun bat irakurri zutela: "Salbuespen legedia ezabatu eta espetxe legedia arruntera itzultzea eskatu zuen Josetxo Arizkurenek. Mezu hori nahikoa izan da mendeku gisa Murtziarako espetxe aldatzeko".
Gaitz larria du Arizkurenek, eta aske behar duela uste du Sortuk, haren patologiak eskatzen duen zaintza medikua "behar den baldintzetan" emateko.
Mobilizatzeko deia
AAM eta Askatasunako kide izateagatik zigortutako lau presoren eskaerak ere aipatu ditu Sortuk oharrean; Espainiako Auzitegi Gorenak ukatu egin die Zigor Kodeko 579.4 artikulua ezarri eta zigorra murriztea. Horrek, presoen alde aritzeagatik jarritako "zigor izugarriez" gain, preso horiei "min gehiago" ematen diela salatu du.
Herritarrei zuzendu zaie Sortu: "Espainiako Estatuak judikatura baliatzen du konponbideen aurka egiteko eta irabazle eta galtzaileen kontakizuna gailendu ahal izateko. Egoera honen aurrean, Sortuk mobilizatu beharra aldarrikatzen du, preso politikoen eskubideak eta kaleratzea lortu arte".