Alderdia erregistratzea debekatzeko Espainiako Auzitegi Gorenak harturiko erabakiaren inguruan, honakoa adierazi nahi du Sortuk:
• Sortuk aurkezturiko estatutuek eta azken hilabeteotan izan duen jarduerak Alderdien Legea betetzen dute. Legeak berak ezartzen dituen baldintzak bete egin ditugu. Estatuaren Abokatutzak zein Fiskaltzak Sorturen legeztatzearen aurka jarririko helegiteak ikuspegi juridikoa alboratu eta susmo, aurreiritzi eta ikuspegi politiko zehatz batzuetan oinarritu dira.
• Delibero motz baten ostean Auzitegi Goreneko 61. Aretoak harturiko erabakia oinarri politikoa duela deritzogu. PSOE eta PPk definituriko estrategia eta erabaki bati men egiten dion erabaki politikoa da Goreneko epaileek, barne kontraesan nabariekin, hartu dutena. Salagarria deritzogu argudio juridikoak aztertu beharrean erabaki politiko batean oinarritu izana Sorturen inguruko erabakia hartzeko.
• Era berean, gure kritika Espainiako Gobernuari ere luzatu nahi diogu. Euskal Herrian zabaltzen ari den ilusioari ateak ixteko saiakera baino ez da Sortu ez legeztatzea, gure alderdia aurkeztu genuenetik gobernuak izan duen helburua.
• Dena dela, zalantzarik ez da, gure herria aurrera doa. Legeztatzeko emandako urratsa zein ezker abertzalearen legeztatzearen alde euskal herritarrengan dagoen iritzi orokortuak normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera egitea ahalbidetzen duten urratsak dira. Horixe gure helburua, eskubide guztiak aitortuak eta errespetatuak izango diren egoera irekitzea Euskal Herrian.
• Azkenik, Sortuk adierazi nahi du Auzitegi Gorenaren epaia jaso eta aztertzerakoan horren inguruan egiten duen balorazioa eta horrekiko harturiko erabakiak jakinaraziko dizkiola iritzi publikoari.