SOSLAIA. Morales, indigenen idoloa

2009ko abenduaren 8a
17:55
Entzun
Aimara bada ere, herrialdeko indigena guztien, kitxuen, txikitaoen, guaranien eta abarren idoloa da Evo Morales (Isallavi, 1959). Boliviako presidentea nekazarien sendi apal batean jaio zen eta llama artzaina izan zen umetan. Oruro hirian egin zituen lehen hezkuntzako ikasketak, baina gazte hasi zen lanean; okin bezala hasieran eta adreilu lantegi batean gero. Futbola eta musika zituen zaletasun -talde batean aritu zen eta herriko bandan tronpeta jotzen zuen- eta oraindik ere maiz aritzen da futbolean. Chapare eskualdera joan zen familia eta han ekin zion, aitarekin batera, koka lantzeari. Ibilbide politikoa sindikalismotik abiatu zuen -Tropikoko Kokaleroen Federazioko presidente izan zen-. 1997an aukeratu zuten diputatu eta gerora egin zuen salto nazio mailako politikara. 2002an aurkeztu zen aurreneko aldiz bozetara eta hiru urte geroago bilakatu zen herrialdeko lehen presidente indigena. 'Evo' izena erruz jartzen diete jaioberriei Bolivian. Morales ezkongabea da eta bi seme-alaba ditu, emakume ezberdinena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.