Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiko manager nagusiak BERRIA.INFOri jakinarazi dionez, txirrindulariek ez ezik gainerako langileek ere atsedena hartzeko aprobetxatzen dute. Geratzen diren egunetarako helburu nagusia Samuel Sanchezek Tourreko hirugarren postuari eustea dela adierazi digu. Eta esan du Tourmaleten etapa garaipena lortzea ez dela "ezinezkoa", Morzine-Avoriazeko etapan bigarren izan zelako Samuel Sanchez.
Hamasei etapa gainditu ostean, zein balorazio egiten duzue?
Tourraren hasieran oso zorte txarra izan genuen. Erorketa asko izan genituen eta Amets Txurruka eta Juanjo Orozek etxerako bidea hartu behar izan zuten. Bi txirrindulari horiek gabe zailagoa izan dugu ihesaldietan sartzea eta etapa garaipenen borrokan sartzea. Hala ere, Samuel Sanchez egunez egun hobeto aurkitu da eta orain hirugarren postuan izatea handia da. Alde horretatik oso gustura gaude.
Eta geratzen diren lau etapaterako zein helburu dituzue?
Helburu nagusia podiuma da, Parisko podiuma. Parisko podiumean egon nahi dugu Samuel Sanchezekin. Hirugarren postuari eusteko aukera asko ditu eta horretan saiatuko gara. Etapa bat irabazten ere saiatuko gara, baina zaila daukagu.
Handia litzateke Tourmaleten etapa irabaztea, ezta?
Izugarria litzateke, bai. Eta, egia esan, ez da ezinezkoa ere. Morzine-Avoriazeko etapan bigarren izan zen Samuel Sanchez. Eta aukera handiak ditu, nahiz eta Contador eta Andy Schlecken aurretik iristea oso zaila izango den. Oso kontrario gogorrak ditu.
Tourmaleten bildu diren euskal zaleekin egoteko aukerarik izan al duzu?
Ez. Azkar pasatu ginen Tourmaletetik lehengoan, eta ez genuen haiekin egoteko astirik izan. Ea orain posible den. Izugarria da bertan bizi dena. Euskal zaleek ez dituzte Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak soilik animatzen. Txirrindulari denak animatzen dituzte. Handia da hori.
Euskaltel-Euskadiren etorkizunaz zurrumurru ugari zabaldu da. Hurrengo urtean ez omen du Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) Protour ligan segitzeko modurik izango, arrazoi ekonomikoak medio.
Oraingoz, itxaron egin behar dugu. Egia da krisi garaiak-eta zailago egin duela egoera, baina guk dakigunez une honetan babesten gaituzten erakunde eta instituzio guztiek nahi dute hurrengo urtean ere Euskaltel-Euskadi mailarik gorenean egotea.
Igandean, Tourra Parisera heltzen denean, bi gasteiztar dira Paristik Gasteizera 35 ordutan bizikletan itzultzekoak. Haiekin itzultzeko indarrik eta gogorik izango al du Igor Gonzalez de Galdeanok?...
Ez, ez. Lan handia ari gara egiten. Oso nekatuta iritsiko gara Parisera. Akaso, autoan bertan hartuko dugu lo. Ez gaude horrelako izugarrikeriak egiteagatik egiteko.
Elkarrizketa. Galdeano: "Parisko podiumean egon nahi dugu Samuel Sanchezekin"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu