Erreakzioak.

2010eko irailaren 11
17:29
Entzun
Iñigo Urkullu (EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea). "Auzitegi Nazionalaren probokazioa da debekua, eta atzera egitea. Gainera, kontraesanak daude auzitegi horretan, batzuetan baimentzen dituztelako manifestazioak eta elkarretaratzeak, eta besteetan ez".

Joseba Egibar (EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidentea). "Oinarrizko eskubideen urraketa da. Hanka-sartzea da, eta urduritasun handia dute. Beste deialdi bat egin dezakete orain, eta parte-hartzea handitu egingo da".

Ezker abertzalea. "Manifestazioa debekatzea erabateko arduragabekeria da, Euskal Herrian irekitzen ari den fase politiko berriari PSOEk eginiko sabotajea. Herritarroi dagokigu Espainiako Estatua herri bezala dagozkigun eskubideak zein eskubide zibil eta politikoak errespetatzera behartzea. Herri mobilizazioarekin eta konfrontazio demokratikoarekin lortuko dugu".

Pello Urizar (EAko idazkari nagusia). "Debekuarekin Espainiako Estatuko esparru batzuetan eta Jaurlaritzako Barne Sailean urduritasuna dutela ikusten da. Debekuaren tresna behin eta berriz erabiltzen dute gizarte nahia atzera botatzeko, baina gizarte mugimendu sendoa eratuta dago".

Jon Abril (Aralarreko koordinatzaileordea). "Era desberdineko eragileek deitutako manifestazio baketsua zen, eta kezkagarria da Auzitegi Nazionalak berriro debekatu izana. Demokraziako urraketarik handienetakoa da. Modu tinko eta baketsuan erantzun beharko da".

Eneko Oregi (Hamaikabat-eko presidenteordea). "Ulertezina eta onartezina da debekua ematea, adierazpen askatasuna eta manifestazioa bezalako oinarrizko eskubideen urraketa delako".

Serafin Llamas (EBko Presidentziako bozeramailea). "Debekuak bultzada politikoa du. Auzitegia bakearen bidean oztopoak jartzen ari da".

Oskar Matute (Alternatibako bozeramailea). "Debekuak ez du zerikusirik 'terrorismoarekin', baizik eta batzuek jokaleku politiko berriari dioten izuarekin".

Jose Antonio Pastor (PSE-EEko bozeramailea). "Aurrenekoaren ordezkoa zen bigarren deialdia, nabarmen. PSE-EEk, beti bezala, errespetatu egiten du Justiziaren erabakia".

Leopoldo Barreda (EAEko PPko bozeramailea). "Justiziari izkin egin nahi zioten bigarren manifestazioaren deitzaileek. Ontzat jotzen dugu auzitegiaren debeku erabakia. Ikusiko dugu batzuen profil demokratikoak bere horretan segitzen duen edo desegiten joaten den".

ELA. "Salbuespen egoerako neurria da hau. Bakebidean pausoak emateko Zapateroren borondate eza erakusten du. Baina herri honek bake eta demokratizazio nahia ez du aldarrikapen ekitaldi baten soilik jokatzen. Are erantzun zabalagoa emateko premia dago orain".

LAB. "Oso larria da debekua ematea, onartezina. Hipotesiak, usteak, aurreiritziak, faltsukeriak erabiliz, Espainiako Estatuak euskal gizarteari oinarrizko eskubideak galarazten dizkio. Hainbat eragile politiko eta sozialek martxan jarritako ekimena bukatu nahi dute".

Lokarri. "Eskubide urraketa garbia da. Bistan da oraindik oinarrizko eskubideak ez daudela bermatuta gure gizartean. Bakearen eta giza eskubidearen aldeko lanari eutsi beharra dago".

Eskubide barik (Karmelo Landa, Amaia Esnal, Unai Beaskoetxea, Julen Arzuaga, Eli Zubiaga, Oiakue Azpiri, Agurtzane Solaberrieta, Olatz Karro Adierazi EHko kideak)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.