Soslaia. Eskuinaren irudi berria

2010eko maiatzaren 11
22:19
Entzun
David Cameronek (Londres, 1966) haize freskoa eraman zuen Margaret Thatcherren garaietan harrapatuta zegoen kontserbadoreen familiara. Tony Blair laboristak bere garaian egin bezala, baina kontrako norabidean, eskuinetik zentrorantz bultzatu zituen alderdikideak 2006an. Orduan ere askok mesfidati begiratu zioten. Garai zaharrak faltan botatzen zituztenek marmarka hartu zuten "kontserbadurismo moderno eta errukitsuaz" hitz egiten zien hura. Cameronek, ordea, jakin bazekien manifestu hark herritarrengana hurbilduko zuela. Baita asmatu ere. Gordon Brown azken lehen ministroak kritika zaparradari nola edo hala eusten zion bitartean, kontserbadoreen buruzagi distiratsuaren ospeak gora egiten jarraitzen zuen. Ingurumenari buruzko politikek, gizarte justuagoaren aldeko aldarriak eta abortuaren eta homosexualitatearen aurkako jarrera leundu izanak laborismoarekin aspertuta zeudenak erakarri zituen, eta Brownen alternatiba argia bilakatu zuten berehala lider kontserbadorea.

Eskuinaren promesa, ordea, ez zen konformatzen klase ertaineko enpresarien botoekin. Behe mailako herritarren sostengua ere lortu nahi zuen. Horretarako, baina, etxean zuen oztopo handiena. Izan ere, haren ama, Mary Fleur Mount baroi baten alaba da -Cameronen emaztea ere, Samantha Sheffield, aristokraziako kidea da- ; aita, berriz, burtsa agentea. Berkshireko haien etxean ez zen inoiz ezer falta izan. Eta Cameronek berak Elisabeth II.a erreginaren semeetako baten eskola berean ikasi zuen, Winkfielden, non ez zituzten 90 ikasle baino gehiago onartzen. Handik, berriz, Etonera joan zen, Erresuma Batuko eskola pribaturik ezagunenetariko batera. Han ikasi izan dute gerora gobernuburu izandako askok, eta baita errege familiako hainbat kidek ere.

Familia kontserbadorekoa izanik, alderdiko lidergoa hartuko zuenak ez zuen zalantzarik egin Etongo beste ikasle ohi batek Komunen Ganberan dokumentalista lanetan aritzea eskaini zionean. Era horretan hasi zuen ibilbide politikoa. 1988an, Filosofia, Politika eta Zientzia Fakultatean lizentziatu zen ohoreekin, eta hurrengo lau urteetan Alderdi Kontserbadorearen Ikerketa Departamentuan egin zuen lan. Kargu horri esker alderdiko buruzagi goren ugari ezagutu zituen, eta horrek bidea zabaldu zion 1991n orduan lehen ministro zen John Majorren ondoan aritzeko.

Gaztea izan arren, azkar ikasten duela erakutsi du Cameronek azken urteetan. 2001ean 36 urterekin, eserleku bat lortu zuen Komunen Ganberan, botoen %45ekin. Lau urte geroago, irailean, alderdiko buruzagitzako bozetara aurkeztu zen, eta baita lortu ere. Askok leporatzen diote jarrera argirik ez hartzea baina, finean, bera izan da Blairren laborismo berria-ren gainbeherari probetxua ateratzen jakin duen lehenetarikoa.

Cameronek badaki agintaldi luzea izan daitekeela berea. Azken finean, laboristek ez dute oraingoz aurre egingo dion buruzagi sendorik, eta liberal-demokratak ahulegiak dira oraindik kontserbadoreei aurre egiteko.

Bere ametsa bete eta Downing Streeteko ate beltza zeharkatu du, eta azken ehun urteetako gobernuburu gazteenean bilakatu da.

Arantxa Elizegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.