Soslaia. "Ni ez naiz mendean hartzekoa"

2010eko azaroaren 1a
08:59
Entzun
(Amagoia Mujika)

PSDB oposizioko taldeak telebistan, iragarki batean, lan bila dabilen emakumea erakutsi du, Dilma Rousseffen antzekoa (Belo Horizonte, 1947). Curriculuma gezurrez josteaz eta merkatari eskasa izateaz akusatu ondoren, hauxe esaten du emakumeak: "Barkatu, baina presidentearen laguna naiz". Hala ere, merkatari txar bat baino zerbait gehiago ikusi zuen Luiz Inacio da Silva Lula-k ezagutu zuenean, 2002an. "Nire gobernurako ministro bat topatu dut", pentsatu zuen. Lula presidente hautatu zutenean (2003an), Energia ministro izendatu zuen Rousseff, denen ezusterako.

Ministro kargutik erregaien prezioak kontrolatzeko plana bideratu zuen, eta bioerregaien eta gasbideen garapena bultzatu zuen. Petrobraseko Administrazio Kontseiluko presidente egin zuten.

2005ean Presidentetzako Ministerioko arduradun jarri zuen Lulak. Bizkorra, langile amorratua, gogorra eta gauzak lortzen dituena delako aukeratu zuen Lulak, ezustean orduan ere. Gogorregia da, aurkarien ustez. Margaret Thatcherrekiko konparazioari horrela erantzun zion: "Emakumeek, hainbat kargu hartzen dituztenean, gogorrak izan behar dute. Ni ez naiz mendean hartzekoa, eta nire herriarentzat onena dela iruditzen zaidanarekin obligatu naiz".

Nietzcheren esaldi bat asko gustatzen zaio: "Hiltzen ez zaituenak indarra ematen dizu", eta bere ibilbidea bada horren isla. Preso politikoa hiru urtean, 22 egunez torturak jasandakoa eta loraldi politikoarekin bat minbizia linfatikoari aurre egin izana dauzka bere gain, baita generoaren aurreiritzien kontra borrokatu behar izatea ere, oso matxista den herri batean.

Lan egiteko eta ikasteko gaitasuna duela esaten dute. Zolaren eta Dovstoieskiren irakurle nekaezina da, eta horrenbeste existentzialismok, aitaren bidezko sobietar munduaren ezaguerak -bulgariar komunista zuen aita- eta 1968ko mugimenduak militantzia politikora eta armatura bideratu zuten, Belo Horizonteko Ekonomia Fakultatea zapaldu bezain pronto.

Polop eta Colina taldeetan aritu zen lehenik, eta horiek bat egindako Palmares taldean gero -70eko hamarkadan Brasilgo gerrillari talderik sendoenetako bat-, baina ez dago argi zenbaterainoko partaidetza izan zuen. Batzuek diote buruzagia zela. Veja aldizkari eskuindarraren arabera, 1969an Sao Pauloko gobernadorearen maitalearen etxeko ekintzan parte hartu zuen. Dioenez, lapurtu zituzten 2,5 milioi dolar zeramatzaten ekintzaileei ihes egiten lagundu zien. Hamarkada batzuk geroago oroitzapen hori lausotua duela esaten du.

Gerrillari iragan hori gorabehera, espetxetik atera ostean ekonomia ikasketetan sakondu zuen, eta Brasilgo garapenaren ardatz diren oinarri programatikoak ikertu zituen. Porto Alegreko gobernuan Energia Ministerioan egindako lanak eman zion prestigioa eta aukera Lularen ondoan lan egiteko. Orain ere ondo-ondoan dauka laguna.

Lulak uste du orain arteko programari jarraipena emateko pertsona egokiena. Otsailean hautatu zuen PT Langileen Alderdiak haren ordezko gisa, Brasilgo presidentegai. Bart, presidente.

Estatuak esku-sartze handiagoa eta erabakigarriagoa izan behar du, haren ustez. Lula baino ezkerrerago kokatzen du bere burua; oposizioak, Hugo Chavezen alderago.

Nortasun agiria

- 1947an jaio zen. Bello Horizonten jaio zen Dilma Vana Rousseff.

- Gaztetatik politikan. 60ko hamarkadan Brasilgo diktaduraren kontrako mugimenduan parte hartu zuen. Palmares Abangoardia Armatu Iraultzaileko kide izan zen.

- Kartzela. 1970ean atxilotu eta torturatu egin zuten, eta hiru urtean eduki zuten kartzelan.

- Ikasketak. Rio Grande do Suleko unibertsitatean lizentziatu zen Ekonomian, Alderdi Demokratiko Laborista berregituratzen lanean zebilen bitartean.

- Gobernuan lehen aldiz. Alceu Collaresen Rio Grande do Suleko gobernuan Energia ministro izan zen 1991 eta 1995 artean, eta Olivio Dutraren gobernuan kargu hori izan zuen.

- Haustura. Laboristen alderdia utzi egin zuen dobernuarekin ados ez egoteagatik, eta PT Langileen Alderdian afiliatu zen 1999an.

- Lularen gobernuan ere bai. Lulak 2003an Energia ministro jarri zuen, 2005ean Presidentetzako Ministerioko arduradun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.