Zapateroren neurriak

2010eko maiatzaren 26a
16:19
Entzun
Espainiako defizit publikoa 15.000 milioi eurotan jaisteko, neurri hauek iragarri ditu Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak:

1. Funtzionarioen soldatak %5 jaistea. Espainiako Gobernuak ekainetik aurrera funtzionarioei batez beste %5 murriztuko dizkie soldatak, eta datorren urtean izoztu. Hau da, aurtengo %5eko jaitsiera indarrean izango da 2011n ere eta ez die kontsumorako prezioen indizearen (KPI) araberako igoerarik aplikatuko. Jaitsiera soldaten proportzionala izango dela esan zuen Zapaterok. Espainiako Gobernuko ministroen eta goi karguen soldatak %15 murriztuko dituzte. Neurri horrekin 4.000 milioi euro aurreztu nahi ditu. Hego Euskal Herrian 143.564 funtzionario daude.

2. Pentsioak izoztea. Espainiako Gobernuak pentsioak izoztuko ditu 2011n, ez die aplikatuko KPIaren pareko igoerarik. Horrela, erretiratuek eros ahalmena galduko dute, Europako Batasunaren datuen arabera prezioak %2 garestituko baitira 2011n. Espainiako Gobernuak ez ditu izoztuko gutxieneko pentsioak eta kotizaziorik gabekoak. Neurri horrekin 1.500 milioi euro aurreztu nahi ditu. Hego Euskal Herrian 610.000 herritar inguruk kobratzen dute pentsioren bat.

3. Haur jaioberrien laguntzarik ez. 2011tik aurrera bertan behera geratuko da Espainiako Gobernuak haur jaioberriengatik edo adoptatutakoengatik gurasoei ematen dien 2.500 euroko laguntza. 2007ko azaroan jarri zuen indarrean eta ordutik 2.700 milioi euro eman ditu laguntzetan.

4. Mendekotasun laguntzak, onartutakoan. Mendekotasun Legean aurreikusitako laguntzak ez dute atzeraeraginkortasunik izango. Gaur egun, Mendekotasun Legean aurreikusitako laguntzaren bat onartuz gero, eskaera egin eta onartu bitarteko denborari dagokion laguntza ere jasotzen da lehen ordainketarekin batera. Defizita murrizteko neurriak indarrean jartzen direnean ez. Eskaeraren eta erabakiaren arteko epeari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea dutenek gehienez bost urtean kobratuko dute atzeratutako laguntza.

5. Atzerapenak eta guraizea inbertsio publikoetan. Espainiako Gobernuak inbertsioak murriztea erabaki du: 6.045 milioi euro aurten eta datorren urtean. Aintzat hartu behar da aurten jada 5.000 milioi euroko murrizketa egin duela. Guztira 11.000 milioi euro dira, beraz. Jose Blanco Sustapen ministroak onartu du horrek atzerapenak eragingo dituela obretan.

6. Erretiroa, gordinago. Espainiako Gobernuak erretiroa hartzeko baldintzak zuzenean aplikatuko ditu, progresibotasunik gabe: 61 urte izatea, enpresan sei urtean lan egitea, lanaldia gehienez %75 murriztea eta 30 urtean kotizatzea.

7. Murrizketa gehiago erkidegoek eta udalek. Autonomia erkidegoei eta udalei lehendik aurten 10.000 milioi euro aurrezteko eskatu zien Gobernuak, eta orain 1.200 milioi euro gehiago.

8. Tratamenduei egokitutako botikak. Kaxetako pilulen eta dosien kopurua tratamenduen ohiko iraupenera egokituko da, gaixoei botikak soberan ez geratzeko eta dirua aurrezteko. Espainiako Gobernuak dosi bakarreko botikak ere nahi ditu, kopuru zehatzak erosteko.

9. Laguntza gutxiago garapenerako. Beste herrialdeen garapenerako laguntzak 600 milioi euro murriztuko dituzte aurten eta datorren urtean (%1 murriztu zituzten iaz).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.