Xabier Arzalluz EAJko EBBko presidente izandakoak harreman estua eduki zuen Gorka Agirrerekin, eta hori "beti bakearen, elkarrizketaren eta konponbidearen alde" egon zela nabarmendu du. "Gizon ona zen, onegia, eta inoiz ez zuen inori buruz gaizki esaka jardun, arrazoiak eduki arren", esan du Arzalluzek gaur Euskadi Irratian. "Euskal Herriari hitz egiteko ahalmena utzi dio".
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Agirre auzipetu egin zuen 2006an, ETAren zerga iraultzailea-n bitartekari lanak egin zituelakoan -2008an geratu zen libre, kargurik gabe-, eta Arzalluzek uste du auzi hark "eragin handia" izan zuela jeltzalearengan. "Epaileek suntsitu egin zuten. Grande Marlaskak izugarrizko sumarioa egin zuen haren aurka, ez sinestekoa. Guri [EAJra] enpresaburu bat etortzen zitzaigunean [ETAren] karta batekin, guk Gorkarengana bidaltzen genuen, honek egiazta zezan karta benetakoa zen edo ez. Orduan, Marlaskak esan zuen kartak Agirrek egiten zituela! Azkenean terrorista bezala azaltzeak hondoratu egin zuen Gorka".
Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidenteak ere goraipatu egin du haren lana eta duela gutxi Euskal Herriko egoeraz mintzatu zirela esan du. "Niretzat, Gorkaren analisiak ziurtasunaren seinale izan dira beti".
Xabier Arzalluz: "Epaileek suntsitu egin zuten"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu