Zer harreman izango dute Erresuma Batuak eta EBk?

Ivan Santamaria.
2016ko ekainaren 24a
07:43
Entzun

Gaur-gaurkoz, Europako Batasunaren barruan jarraitzen du Erresuma Batuak. Horrek esan nahi du merkatu bakarraren parte dela, eta bertan ezarritako printzipioen arabera jokatzera behartuta dagoela. Merkatu bakarra lau askatasunetan oinarritzen da: ondasunak, kapitalak, zerbitzuak eta pertsonak nahierara mugitzeko aukera dago blokearen barruan. Esan nahi du, halaber, kanpora begirako merkataritza itunak eta aduana baldintzak egiteko eskumena batasun osoarena dela, eta ez Downing Streetek erabakitakoaren neurrikoa.

Batasuneko kide estatusa aldatzeak berealdiko ondorioak izan ditzake. Halako irteera bat ez da sekula gertatu, eta ez dago eragina neurtzeko balio dezakeen aurrekaririk. EBtik ateratzeko jarraitu beharreko prozedura da uneotan nahiko argi dagoen bakarra, Lisboako Ituneko 50. artikuluak arautzen baitu. Alde egin nahi duen herrialdearekin akordio bat negoziatzera derrigortuta dago batasuna. Bi urteko epea aurreikusten da negoziazio horretarako. Akordio horren helburua litzateke hausturaren osteko harremana zein izango den finkatzea.

Araudiak ez du zehazten nolako akordioa lortu behar den. Are gehiago, bi urtetan itunik ez balego, irekita uzten du alde bakarreko erabaki baten bidez irteteko aukera. Negoziazioa luzatzeko aukera ere eskaintzen du, krisi gordin bat eragozteko. Ezin da ahaztu EB ezer baino gehiago merkatu bat dela, eta prozesu horren helmuga nagusia harreman komertzial berri bat eratzea izango dela.

Aukera ezberdinetan sakondu aurretik, ezinezkoa zer den gogoratzea komeni da. EBko legediak ez du baimentzen hanka bat barruan eta beste bat kanpoan izatea. Hots, ezin da EBko kide erdizka izan, nahi diren legeak onartu eta nahi ez direnak ezartzetik salbuetsita geratzea.

Halako zerbait gertatzeko orain dauden itunak aldatu beharko lirateke. «Salbuespen bat egin eta EBk Erresuma Batuari estatus berezia —Norvegiari edo Suitzari behin eta berriro ukatu zaizkien abantailekin— onartuko dion ideia onartezina litzateke estatu kide gehienentzat eta EBko erakundeentzat», Jean Claude Piris Europar Kontseiluko legelari buru ohiaren hitzetan. Hori dela eta, bozketan zirt edo zart egin beharko dute hautesleek: irtetearen alde egiteak esan nahi du benetan lotura haustea, erdibiderik gabe. Zazpi ate eta horma bat daude ateratzeko bidean.

Harreman berria
Lehenbiziko aukera litzateke propio diseinatutako harreman berria sortzea EBren eta Erresuma Batuaren artean, baina hutsetik abiatu gabe. Hau da, gai batzuetan orain dauden akordioei eta baldintzei eustea, baina beste batzuetatik ateratzea. Esaterako, Londresek bila dezake blokearen politiketatik ateratzea pertsonen mugimendu askean edo nekazaritzan. Hurbilketa horrek konponbide azkarra eman dezake gai batzuetan, baina korapilatsuak diren arazoak konpontzeko modurik ez du jartzen. Gainera, bestelako harreman berezi eta salbuespeneko bat indarrean jartzeko grina handirik ez lukete izango EBko erakundeek, erraztuko lukeelako jada euroeszeptikoak diren herrialde batzuek antzeko tratua bilatzea. Edonola ere, halako konponbide batek ere Erresuma Batuaren independentzia mugatuko luke. EBrekin adosten dituen gaietan ez luke iritzia edo botoa emateko aukerarik izango, eta finantza ekarpenak egiten jarraitu beharko luke, halako itunak dituzten beste herrialdeak bezala.

Norvegiako bidea
Bigarren aukera da Erresuma Batua Europako Esparru Ekonomikoan (EEA) sartzea. Akordio horrek merkatu bakarraren parte handi batean aritzea ahalbidetzen die hiru herrialderi: Islandiari, Norvegiari eta Liechtensteini. Funtsean, lau askatasunak partekatzen dira herrialde horiekin ere —baita pertsonen mugimendua ere—, baina EBko beste politika batzuetan parte hartu gabe. Arrantzan, nekazaritzan, kontu judizialetan eta atzerriko politikan aritzetik salbuetsita daude, beste batzuen artean.

Merkatu bakarrari dagokionez, berriz, Europako Batasunak onartzen dituen arauak —lehiaren baldintzetan edo estatu laguntzen kasuan, esaterako— jarraitzera behartuta daude, eta alor horietan dituzten legedi propioak egokitu behar dituzte, politiken norabidea erabakitzeko eskumenik izan gabe. Hau da, batasunetik irteteari esker ustez berreskuratuko dituen eskumen batzuei uko egin beharko lieke Londresek EEAko kide izan nahi izatekotan.

EFTAko kide
Hirugarren aukera litzateke Europako Merkataritza Librerako Elkartea (EFTA) onartzea, EEAn sartu ordez. Berez, Erresuma Batuak berak bultzatu zuen egitura bat da, 1960ko hamarkadatik indarrean dagoena. Garai horretan, Europako Ekonomia Erkidegoari uzkur begiratzen zion Londresek, eta merkataritza librea bultzatzeko beste egitura baten alde egin zuen.

Lau herrialdek segitzen dute EFTAn. Haatik, horietatik hiruk gainditu dute ituna, eta EEAko kide dira. Suitza da EFTAko kide bakarra EEAn ez dagoena. Gaur egun, EFTAren balio praktikoa hutsaren hurrena da, alde biko harremanean garatzeko eta sakontzeko akordio ugari sinatu dituztelako harrezkero Suitzak eta Europako Batasunak. Hortaz, hurbilketarik logikoena urrats horretan Suitzako eredua errepikatzen saiatzea litzateke, hilda dagoen itun bat gaurkotzen saiatu ordez.

Suitzako eredua
EBrekin duen lankidetzaren berezitasunen artean dago Suitza ez dagoela Europako Batasuneko justiziaren erabakien menpe. Erresuma Batua EBtik at ikusi nahi dutenen obsesioetako bat da Europako auzitegiek ezartzen dituzten erabakiei men egin beharra. Eskumen horrek ez dio aparteko abantailarik ematen Suitzari, legeak egokitzera behartuta segitzen duelako praktikan.

Suitzaren eredua aukera mugatua da, besteak beste Europako erakundeei ez zaielako gustatzen akordioa nola funtzionatzen ari den. Legeak egokitzeko atzerapenak aspaldiko kexa dira, baina beste talka handiago bat batu zaie: EBtik doan migrazioa mugatzearen alde bozkatu zuten suitzarrek. Debekua gauzatzeak ituna apurtuko luke, eta, ondorioz, merkatu bakarrerako sarbidea galduko luke Suitzak.

Turkiaren aduanak
Europako Batasunaren egitura juridikoan indarrean dauden ereduetatik azkena litzateke aduana batasuna. EBren eta Turkiaren arteko lankidetza akordioak halako bat jasotzen du, esaterako. Mota horretako itun batek barrura begirako muga sariak ezabatzen ditu, eta kanpora begirakoak bateratzen ditu. Kasu honetan, ondasun merkaturako sarbide librea dute Turkiako produktuek, baina ez du halakorik zerbitzuetan, nekazaritzan eta kontratazio publikoan.

Hots, Erresuma Batuak halako irtenbide bat negoziatuko balu, immigrazioaren giltza berreskuratuko luke, baina trukean ez luke zer esanik izango nazioarteko merkataritzan EBk negoziatzen dituen itun eta baldintzetan, eta ez luke lortuko sarbide automatikorik beste herrialdeetara. Burujabetza galera horrek oso zail jarriko luke bide hau aukeratzea.

Kanada eta AEB
Indarrean dauden egituretatik kanpo, irtenbide ohikoena merkataritza libreko akordio bat negoziatzea litzateke. EBk Kanadarekin bukatu berri du halako bat, oraindik indarrean sartu ez dena, eta AEBekin ere ari da negoziatzen TTIP polemikoa.

Bi parteen arteko produktu eta zerbitzu trukeak nolako tarifak ordaindu behar dituen ezarriko luke. Erresuma Batuak orain duen sarbide zabala defendatuko luke, baina EBk aukera luke zenbait sektore akordiotik kanpo uzteko, lehiatik babesteko. Esaterako, finantza zerbitzuak.

Brexit-aren aldekoei gustatzen zaizkie, baina trabak dituzte. Negoziatzeko zailak dira, iritzi publikoan irudi zalantzazkoa dute, eta akordio oso eskuzabala onartzeak herrialde euroeszeptikoei irteera atea erakustea ez ote den neurtu behar du EBk.

MMEren arauak
Dibortzioaren ostekoa kudeatzeko modua ematen dute orain arte deskribatu diren aukerek. Baina irteera adosteko inolako akordiorik ez badago, nola geratzen da kontua? Bada, bi blokeen arteko lotura nazioarteko akordioetara mugatuko litzateke.

Hau da, MME Munduko Merkataritza Erakundeak ezarritako arauen arabera salerosiko lituzkete produktuak eta zerbitzuak elkarren artean, EBk gaur egun Txinarekin, Errusiarekin eta beste ehunka dozenakarekin egiten duen bezala. Hori bai, merkatu horiei Europako Batasunak ezartzen dizkien muga sariei eta baldintzei aurre egin beharko lieke Erresuma Batuak. Gainera, aduanak eta muga berrezarri beharko lituzke Irlandarekin, eta gai benetan sensiblea da hori. Beste arazo bat da EBk dituen 60 bat merkataritza akordio berriro negoziatu beharko lituzkeela Londresek.

EBn, erdizka
Aurreko guztiak EBtik kanpo geratzeko irteerak dira. Europako legediak propio debekatzen duen azken aukera ere aipatu behar da: herrialde bat ezin da batasuneko kide erdizka izan. Hau da, ezin du aukeratu gustatzen zaizkion politikak ezartzea, eta beste batzuetan kanpoan geratzea. Gai batzuetan optout klausulak negoziatu izan dira, proiektu komun batzuetatik kanpo geratzea baimendu dutenak. Erresuma Batua, esaterako, ez dago euroan edo Schengeneko akordioan. Salbuespena dira, hala ere.

Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroa argi mintzatu da horri buruz duela gutxi. «Gehienek brexit-aren alde egiten badute, hori merkatu bakarraren aurkakoa da. Barruan barruan da. Kanpoan kanpoan da. Batek errespetatu behar du britainiarren burujabetza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.