Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako emaitza txarrengatik bere kargua alderdiaren esku utzi zuen herenegun EAko presidente Unai Ziarretak. Orain Bizkaiko EAko zuzendaritzak hari eskatu dio berriz pentsa dezala erabaki hori, eta karguan jarrai dezala.
EAk lehendik (EAJrekin koalizioan) zituen bost diputatuetatik bira jaitsi zen iragan igandeko bozetan. Gainera, horietako eserleku bat koloka dago, Araban lortutakoa, hain justu. Izan ere, Arabatik kanpo bizi diren herritarrek postaz bidalitako botoak zenbatzeke daude, eta han PSE-EErekiko soilik zortzi botoko aldearekin eskuratu zuen, behin-behinean, eserlekua EAk. Ziarretak, gainera, ez zuen eserlekurik lortu, Bizkaian aurkeztu baitzen, eta EAk soilik Gipuzkoan eta Araban lortu zituen ordezkariak.
Alderdiaren presidentetzari uko egingo zuela iragartzeaz gain, datorren apirilaren 4ean EAk kongresu berezia egingo zuela iragarri zuen Ziarretak astelehenean. "Barne hausnarketa ireki behar du EAk, bere mezuak gizartera hurbiltzeko".
Hala, Bizkaiko EAko zuzendaritzak "baldintzarik gabeko babesa" eskaini dio Ziarretari, bere "gardentasun, argitasun, jendearekiko hurbiltasun eta gestiorako ahalmenagatik".
Iñaki Galdos Gipuzkoako EAko presidenteak, berriz, alderdiaren emaitza "porrot handia" izan dela esan du berriro gaur, eta ez dela nahikoa biltzarra egitea. EAko lehendakari berria Ziarretaren ildo berekoa izan daitekeelakoan dago Galdos.
Ziarretari dimisioa emateko erabakia atzera botatzeko eskatu dio Bizkaiko EAko zuzendaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu