Zozketetan parte hartzeko modua berritu da

Berria
2016ko maiatzaren 20a
16:37
Entzun

Orain arte, BERRIAk papereko edizioaren harpidedunen artean opariak eta sarrerak zozkatu izan ditu astero, Kioskoa izeneko atalaren bidez. BERRIAlagunaren gunearekin batera, zozketen sistema eta parte hartzeko modua berritu egin dira. Hemendik aurrera, zozketetan parte hartzea errazagoa izango da.
Batetik, BERRIAren proiektua sostengatzeko ekarpena egiten dituzten guztiek, hau da, BERRIAlagunek, BERRIAlagun harpidedunek eta BERRIAlagun iragarleek parte hartu ahal izango dute zozketetan. Parte hartzeko sistema nagusia internet bidezkoa da. Sistema hau berritu egin da errazagoa egin asmoz. 

Non daude zozkatzen diren opariak eta sarrerak?
BERRIAlagunaren guneko Zozketak izeneko atalak ordezkatuko du orain arteko Kioskoa. Beraz, zozketa guztiak Zozketak atalean argitaratzen dira, berria.eus/berrialaguna/zozketak helbidean. Alde batetik, opariak, eta, bestetik, sarrerak. 
Orain arte bezala, asteko zozketak igandean argitaratzen dira, bai webgunean bai papereko egunkarian. Igandetik asteartera bitartean parte hartu ahal da. Asteazkenean egiten da zozketa, eta ostegunean argitaratzen dira saridunen zerrenda.

Nola egin parte hartzeko?
Webgunean parte hartzeko sistema, ordea, aldatu egin da. Lehenik, BERRIAlagun kontua sortu behar da, berria.eus/berrialaguna/sortu-kontua helbidean. Kontua sortzeko nortasun agiriaren zenbakia eta BERRIAlagun txartelaren zenbakia eskatzen dira. Horrez gain, kontua kudeatzeko posta elektroniko bat eta pasahitz bat ere beharrezkoak dira. Datu hauek sartu ondoren kontua berretsi egin behar da. Horretarako, norberak emandako posta elektronikoan mezu bat jasotzen da eta klik egin behar da berrespen estekan. Hurrengo pausoa saioa hastea da, hau da, BERRIAren sistemarekin konektatzea. Zozketetan parte hartzeko behar-beharrezkoa da konektatuta egotea.
Behin saioa hasita, zozketetan parte hartzea ezin errazagoa da: Eskaintza aukeratu eta dagokion 'Parte hartu' botoian klik egin. Besterik ez. Botoia kolorez aldatuko da eskaintza horretan izena eman dela ohartarazteko, eta datuak bidaliko dira sistemara.  Parte hartzeko epean 'Parte hartu' botoia laranjaz egoten da, klik eginez gero beltzez jartzen da, eta 'Eginda' hitza agertzen da. Parte hartzeko epea amaitzen denean, botoia grisez agertzen da, eta ezin da klik egin.
Zozketa asteazkenetan egiten da, eta irabazleen zerrenda hurrengo egunean argitaratzen da.
Orain arte, harpidedun gutxi batzuek telefono bidez parte hartu izan dute,  943 30 43 45 zenbakira deituta eta datuak erantzungailu automatikoan utziz. Momentuz, telefono bidez parte hartzeko aukera indarrean egongo da, baina internet bidezkoa lehenestea da helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.