SENTENTZIAK

Udal ordezkariak, Kontseiluak deituta, udal legearen defentsan. M. RAMIREZ / FOKU.
2023ko azaroaren 05a
00:00
Entzun
Urteotan, epai ugari izan dira erakundeek euskararen normalizazioa sustatze aldera hartutako erabakien eta onartutako araudien kontra. Horra bilduma bat:

2021eko maiatza

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen «diskriminatzailea» zela euskaraz jakiteko eskatzea Irungo (Gipuzkoa) udaltzain lanpostuetarako. Hamabi udaltzain hartzeko deialdi batean ezarri zuen udalak euskara eskakizuna, baina sententzian argudiatu zuten eskaria «diskriminatzailea» zela euskaraz ez dakitenentzat.

2022ko otsaila

Gasteizko epaile batek ebatzi zuen «diskriminatzailea» dela 45 urtetik gorako funtzionarioei euskara eskatzea. Hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik Laudioko Udalean lanpostua galdu zuen langile batek abiatutako auzibideari erantzun zion horrela. Sententzian eman zituen hainbat argudiok sumina piztu zuten; besteak beste, argudiatu zuen euskara «zaila» dela: «Munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena».

2023ko urtarrila

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren (Bizkaia) aurkako sententzia bat eman zuen, eta ebatzi ezin ziela euskaraz jakiteko eskatu azpikontratatutako zerbitzu bateko langileei. Epaiaren arabera, ezin zaizkie eskakizun berak «inposatu» langile publikoei eta enpresa pribatu batentzat beharrean ari direnei. Hilabete horretan bertan, auzibide bati erantzunez, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2. Epaitegiak ebatzi zuen «diskriminatzailea» dela udaltzainen lan poltsan dauden poliziei euskara eskatzea.

2023ko martxoa

Uliazpi fundazioak 34 zaintzaile kontratatzeko hasitako prozesuaren kontrako ebazpena eman zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, hainbat langilek abiatutako auzibideari erantzunez. Kontratazio prozesu horretan, erabaki zen 32 zaintzailek euskaraz jakitea: B2 titulua eskatzen zitzaien. Beste bi postuetan meritu gisara aintzat hartzea onetsi zen. Epaiak ebatzi zuen, ordea, ezin zirela «lehenetsi» euskara normalizatzeko planaren bidez ebatzitako neurriak. Handik gutxira, beste epai bat atera zen argitara, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiarena hori ere: ebatzi zuen «inposizioa» dela eskolako garraio zerbitzuak emateko kontratazio publiko baterako hautatu den enpresa bateko langileei euskaraz jakin dezatela eskatzea administrazioarekiko hartu-emanetarako.

2023ko maiatza

Bilboko Administraziorekiko Auzien 1. Epaitegiak emandako epai bat plazaratu zen, zeinean ezarri baitzen Erandion (Bizkaia) udaltzain jarduteko lanpostu bati ezarritako hizkuntza eskakizuna ezin zela derrigorrezkoa izan. Arrazoibide gisara, propio aipatu zituen Uliazpi fundazioaren inguruan emandako sententzian EAEko Auzitegi Nagusian erabilitako argudioak.

2023ko uztaila

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin zuen udalek euskara hutsean jardun ahal izatea agiriak-eta egitean. Ebatzi zuen EAEko udal legeak hizkuntzaren gainean emandako hainbat irizpidek «bidegabeki» urratzen dutela «oreka linguistikoa».

2023ko urria

Udal legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu zituen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epaien arabera, hizkuntzaren gainean emandako hainbat irizpidek «bidegabeki» urratzen dute «oreka linguistikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.