UDAKO SERIEA. Ezkutuko ezinbestekoak (III) Ane Agirre Loinaz (Azpeitia, 1980)

Arte garaikideari bideak errazten, ustekabean

Bartzelonan hamar urte eman ondoren, Euskal Herrira bueltatu zen iaz, Tabakalerako Praktika Garaikideen arduradun gisa; arte komisarioa, arte historialaria eta kultur kudeatzailea da, eta esperientzia handia du erakusketak atontzen eta arte garaikideko praktiken ekoizle.

Donostia
2015eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Tabakalerako Praktika Garaikideen alorreko arduraduna da Ane Agirre (Azpeitia, 1980). Ez, ez ditu bekadunen praktikak koordinatzen, nahiz eta askok hala uste duten izena entzuten dutenean. «Ez da gauza bera nire lana ulertzea eta nik antolatu dudan erakusketa bat edo proiektu bat ikustea, idatzi ditudan testuak irakurtzea...». Kultur kudeatzailea, arte historialaria eta arte garaikideko praktiken ekoizlea da; hau da, beste gauza batzuen artean, «bideratzaile» bat da: «Bideratzaileak artisten lana errazten du, artistei laguntzen die, eta haien proiektuak garatzea errazten». Tabakaleran egiten duen lana zehazki bideratzailearena ez den arren, oso lotuta dago. Beste eginkizun batzuen artean, artistei emango dizkieten laguntzen eta baliabideen diseinuan ari da, zuzendaritzarekin batera.

Urtebete darama Tabakaleran, baina esperientzia handia eta askotarikoa du arte garaikidearen munduan: komisarioa eta arte ekoizlea izandakoa da, eta hainbat galeriatan egin du lan, izan enplegatu gisa, izan freelance gisa. Bartzelonan hamar urte eman eta gero, Euskal Herrira bueltatu zen iaz, Tabakalerako lana eskaini ziotelako. «Euskal Herrira bueltatzeko aukera polita iruditu zitzaidan. Banuen erritmoz eta lekuz aldatzeko beharra».

Oso «hunkigarria» deritzo une honetan Tabakaleran egoteari: «Oso une zirraragarria da, jaiotzen ari garelako. Hortxe gaude, eta laster ikusiko dugu argia gure osotasunean», begiekin eta ahoarekin irribarre egiten duela ahoskatzen ditu hitzok. «Orain arte, gure programa garatzen egon gara, baina dimentsio txikiago batean, Sukaldeko lokalean; aurrean dugun momentua oso garrantzitsua iruditzen zait».

Tabakalerako obrak amaitu bitartean Donostiako Atotxa dorrean duten lokala da Sukaldea. Berton garatutako programaren diseinuan ere parte hartu du Agirrek, Tabakalerako talde guztiarekin batera. Izan ere, komisario lanetan esperientzia handia du. Hala ere, ez du bere burua komisariotzat: «Ez naiz erosoegi sentitzen etiketa horrekin. Ez dut ikusten neure burua arte komisario gisa soilik; arte historialaria eta kultur kudeatzailea ere banaiz». Hain zuzen ere, azkena da gustukoen duen egitekoa: artistei laguntzea. «Artisten segimendua egitea gustatzen zait, eta haien prozesuak erraztea».

Artistek eta beste eragileek proiektuak garatzeko behar dituzten baliabideak eskuratzen lagundu, arte lanen garraiobideak lotu, erakundeekin bitartekari aritu, diru laguntzak eskatu, erakusketak atondu... Hamaika egiteko biltzen ditu bideratzailearen lanak, eta guztiak egin izan ditu Agirrek.

Ofizio «berri xamarra» da bideratzailearena; Tabakaleran haien profesionalizaziorako ematen ari diren urratsekin oso pozik dago: «Gure xede nagusietako bat da. Artearen ekoizpena sustatzeko eta errazteko». Hain zuzen ere, profesionalizazioa beharrezkotzat jotzen du arte praktika garaikideen jarraipenerako eta horien kalitatea bermatzeko.

Arteari kanpotik begiratzen diotenentzat, ezezaguna izaten da bideratzaileen egitekoa, eta, askotan, ez dakite ezta hor daudenik ere. «Artistak edo beste eragile batek ideia bat duen momentutik hasten da bideratzailearen lana. Proiektu eta pertsona bakoitzarekiko sentiberatasun berezi bat izan behar duzu, elkarlanaren jarraipena segurtatzeko, eta kalitatezko emaitza segurtatzeko».

Esperientzia onak eta «ez hain onak» izan ditu lanean, eta, dioenez, ez du proiektu kuttunik, guztiek «zerbait» eman diotelako: «Beti ateratzen duzu harreman berriren bat, eta hori ederra da. Pertsonekin duzun harremanak egiten du artea hain eder».

Artean, «kasualitatez»

«Kasualitatez» heldu zen arte garaikidearen mundura. Gasteizen bizi zen, eta naturala gertatu zitzaion han ikasten jarraitzea. «Ez nuen buruan Artearen Historia ikasi nahi nuenik, baina, neure burua Artearen Historian guztiz sartuta ikusi nuen». Fakultatean, batez ere beste garaietako artea izan zuen ikasgai; baina Erasmus beka batek beste mundu baterako ateak zabaldu zizkion:«Sizilian [Italia], ikusi nuen artea ez zela soilik Erdi Aroko zerbait, Egiptoko piramideetan zegoen zerbait, eta Errenazimentutik hona ere egin izan dela arterik. Konturatu nintzen artea diziplina plurala dela, eta, adibidez, zenbait material antropologiko eta filosofiko ere arte direla».

Harreman «laburra» baina bizia izan zuen Sizilian arte garaikidearekin. Berton emandako hilabeteek arteaz zuen ikuspegia berregituratu zuten. Gasteizera bueltatu eta gero, Bartzelonara egin zuen alde, Gironan arte garaikidearen inguruko master bat ikasteko. Eta, hain zuzen ere, Bartzelonan geratu zen, hamar urtez.

ADN galerian egin zuen lan lehenengo, eta, besteak beste, Loop bideo artearen azoka eta jaialdiaren antolakuntzan aritu zen. «Batez ere, kudeaketa lanak egiten nituen: galeriek azokara joateko zer behar zuten ezagutu behar nuen, zer behar tekniko zituzten edo bestelako eragileen laguntzarik behar zuten; garraioak kudeatu behar nituen, aseguruak eta atzean dauden beste zenbait gauza lotu...». Lan ikusezina zen harena, baina jaialdia bera eta horren barneko erakusketak posible egiteko ezinbestekoa. «Adibide praktiko bat jarriz: hautatutako galeria guztiei deitu behar diezu, eta galdetu behar diezu lana nola nahi duten erakutsi, bideoa zein formatutan dagoen —esaterako, digitala edo analogikoa den—, soinuak nolakoa izan behar duen... Eta, gero, teknikoekin hitz egin behar duzu dena behar bezala erakusteko. Azken finean, bitartekari lana egiten duzu».

Eskatzea askea da; eskatutakoa eman ahal izatea, ordea, ez da beti posible izaten, eta, edozein erakusketa edo jaialdi prestatzen ari zarela, negoziazio bat egon ohi da artistekin edo proiektua gauzatu behar duten eragileekin. «Badira oso eskaera sinpleak egiten dituztenak, eta badira beste batzuk lortzen oso zailak diren gauzak eskatzen dituztenak. Askotan, negoziatu behar izaten duzu, eta kontuan hartu behar duzu harreman berdintsua izan behar duzula erakusketan parte hartuko duten guztiekin».

Toni Tapies galerian lan egin zuen urteetan ere erakusketen ekoizpenean aritu zen, baina, horrekin batera, komunikazio lanen ardura ere bazuen. «Galerietan mila gauza diferente egin behar izaten dituzu. Alde handia dago galeria batean edo beste batean lan egitearen artean. Desberdina da, zuzendariak pertsonak direlako, eta pertsona horiek oso ezberdinak direlako eta interes ezberdinak dituztelako: bai artistikoak, bai merkatuari dagozkionak, bai ekonomikoak, bai komunikabideekikoak».

Sizilian ezagututako arte garaikideko diziplina anitzeko proiektuak gustatzen zaizkio gehien, eta, beste gauza batzuen artean, horregatik du hain gogoko Tabakalerako lana: «Uste dut hemen bateratzen direla praktika garaikideen inguruan ditudan irizpideak. Tabakalerak dituen zutabeak ezinbestekoak iruditzen zaizkit praktika garaikideen garapenerako: alde batetik, proiektua zeharkatzen duen hezkuntza programa bat dago; bestetik, artearen ekoizpena sustatzeko eta errazteko, eragileen profesionalizaziora doan bide bat jorratzen ari gara. Kultura digitalaren laborategiak ere baditugu, hiritarrek puntako teknologien garapenean nola eragiten duten ikusteko. Azkenik, badaukagu mediateka bat praktika ugari batzen dituena: artearen historia, pentsamendu kritikoa eta filosofia. Ontzi handi hori beharrezkoa da gure kulturaren berri izateko, bai gizartean, bai artearen munduan».

Freelancearen askatasuna

Tabakalerara etorri aurretik, eta Toni Tapies eta ADN galerietan lan egin eta ondoren —eta bitartean— freelance aritu zen hainbat eragilerentzako lanak garatzen. Horien arteko bat izan zen Gerard Ortin artistarekin landutako proiektu bat; mendi ibilbide bat prestatzen lagundu behar izan zion. «Proiektu zabalago baten parte zen. Kataluniako Generalitatearen Sala d'Art Jove aretoan zuen lanaz aparte, bere proiektua beste hankatxo batzuetan garatzen zen, eta horietako bat zen mendian zeharreko ibilbide bat».

Artearen merkatua galerien bidez ezagutu zuen; freelance ari zela, ordea, artearen munduaren beste parte bat ezagutzeko aukera izan zuen. «Artistekin eta arte garaikidearekin harremana egiteko beste aukera batzuk eman zizkidan, merkatuaren kanaletatik kanpo». Betiere, beharrean ari dela gehien gustatzen zaion lana artistengandik gertu egoteko aukera ematen diona izaten da. Freelance aritu zenean ez ezik, galerietan ere hori zuen gustukoen. Galerietako lana freelance gisa egindakoarekin uztartu zuen zenbait urtez, baina bere kabuz egindako beste proiektu horien eskaera maila handitu zen, eta galeria utzi behar izan zuen. Bertako lanarekin pozik zegoen arren, bere kabuz lan egiteak askatasun handiagoa ematen ziola uste du.

Juan Canela komisarioarekin partekatu zuen askatasun hori maiz. Izan ere, harekin aritu zen sarri freelance zebilenean. Beharrak hala eskatuta bakarrik lan egin behar duenean hala egiten duen arren, nahiago du taldean aritu. «Elkarlanean egindako proiektuak aberatsagoak izan daitezke: eztabaida bat sortzen da, eta esperientziak partekatzen dira». Tabakaleran ere taldean lan egitea du gogokoen. Artearen mundura «kasualitatez» heldu zen arren, artearekiko pasio handia dauka Agirrek, eta aurrerantzean ere jarraituko du, Tabakaleratik, arteari bideak errazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.