Lokalizazioak

Bihurgunez bihurgune

Soldadu, musikari poeta, bohemio, erbesteratu, artzain, erromantiko peto. Mito bat. Gernikako arbola kantaren sortzailea baino gehiago. Jose Mari Iparragirre (1820-1881). Jaio zela bi mende, asteon. Hari buruzko film bat iragarria zuten negurako, baina tiraderan geratu da proiektua; ez da hala gertatzen den lehena. Tiradera hori zabaltzeko eta mitoa egurasteko saio bat da sail hau.

Iparragirre jaio zen etxeko plaka. BERRIA
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko abuztuaren 14a
17:29
Entzun

 

Jose Mari Iparragirreren biografia bihurgunez eta pasarte ezezagunez betea dago. Bi kontinente eta hamaika herrialde korritu zituen, eta artistak kantaldiz kantaldi eta bidaiaz bidaia egin zuen bideak labirinto itxura hartzen du, ibileron lokalizazio posibleen zerrenda luzea harilkatuz.


 

 

URRETXU (GIPUZKOA)

Alzola Etxea. Kale Nagusia, 10. Bertan jaio da Jose Agustin Iparragirreren eta Francisca Manuela Balerdiren bigarren umea: Jose Mari, 1820ko abuztuaren 12an. Herriko eskolan hasiko da ikasten, irakasle liberal batekin, baina, 6 urterekin, Zerainera (Gipuzkoa) bidaliko dute gurasoek, osabarekin ikas dezan.

MADRIL

San Isidro ikastetxea. Toledo eta Estudios kaleen gurutzaketa. Iparragirreren eskola berria, jesuitena. Jendetzak eraikina asaltatu du 1834ko uztailaren 17an, kolera izurrite bat dagoelako hirian eta jesuitek eragin dutelako zurrumurrua zabaldu delako. Iparragirreren irakasle Casto Fernandez apaiza ere hil dute. Hortik gutxira, Gipuzkoako frontera abiatu da 13 urteko ikaslea, amari eskolara doala esanda.

PARIS

Rochechouart kalea 38. Parisko Kontserbatorioko irakasle titular eta tenor handi Gilbert Duprezen etxea. La Rochejaqueleingo markesaren aurkezpen gutuna lagun jo du atea Iparragirrek, 1842an. Badira bi urte pasa Frantziara heldu dela, Karlos Maria Isidro Borboikoaren alde armak hartu zituzten beste milaka euskal herritarrekin batera, eta kantutik bizi nahi du, bere eztarriaren ahalen jakitun. Karlisten babes sareari esker iraun du orain arte. Baita musikarako bere dohaiei esker ere. Ez du maite opera kantagintzak eskatzen duen diziplina, baina, eta Paristik alde egitea erabakiko du, abentura eta entzule bila, Europan barrena.

LARRESORO (LAPURDI)

Apaiztegia. Gratien Adema Zaldubi ikaslea (Senpere, Lapurdi, 1828 - Baiona, 1907) lehen bertsoak idazten hasia da, eta Iparragirreren bisitak inarrosi dio barrena. Haranburu zuzendariak gonbidatuta heldu da hamaika naziotan eta plazatan zaildutako bardoa, «txapela buruan, gitarra eskuan, begia sutan, bizarrak apaindurik aurpegia, gerriko gorria tinko, espartin arinak oinetan». Berehala, «bere boz aberats eta dardarkariarekin», zortziko zenbait ematen hasi da apaizgai gazteen aurrean. Gitarra zahartxo bat, besteak beste.

Irudiaren deskribapena
 

Londresko Hyde Parken egon zen Kristalezko Jauregia, 1851eko Nazioarteko Erakusketaren egoitza izateko eraiki zuten. Bertan kantatu zuen Iparragirrek. BERRIA

VESOUL (FRANTZIA)

Saint-Georges karrika, 3. Andere Grosdemongek, ofizioz emagina, munduratzen lagundu du mutiko bat, 1847ko abuztuaren 9an, arratseko zazpietan, Sophie-Adele Picquartek sortu duena. Ezkongabea da azken hori, eta 21 urtekoa. Estrasburgon (Frantzia) sortu, eta Belforten (Frantzia) bizi da. Joseph Femand izena eman dio semeari. Hamar urte barru, 1857ko irailaren 6an, Iparragirrek bere semetzat onartuko du haurra, Joakin Elosegi Donostiako notarioaren aurrean.

LONDRES

Kristalezko Jauregia. Hyde Park. Nazioarteko I. Erakusketaren egoitza, 1851ko maiatzaren 1etik abuztuaren 31ra. Okzitaniako Tolosan atxilotua eta Frantziako lurretatik egotzia izan ostean, Florentziako konpainia liriko bateko kide egin da Iparragirre; Txirula magikoa taularatzen dute. Karlisten artean oso zabaldua den Ai, ai, ai mutilak porrusalda Tirolgo estiloan kantatzen entzun du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kapitain nagusiak, Manuel Mazarredo jeneral liberalak –Guardia Zibilaren sortzailea–. Hunkituta hurbildu zaio kantariari, «Etxera itzuli nahi dut», esan dio Lehen Karlistaldia amaitu zenetik sorterrira itzuli ezin duen soldadu ohiak. Bisa berezia lortuko dio Mazarredok.

BILBO

Cafe Suizo. Plaza Barria 1. Posta kaleko 3. zenbakiko gozotegiarekin dago konektatuta. La Pasteleria izeneko gazte kulturzaleen egoitza da azken hori, bertan egiten dituzte tertuliak. Gazteok azalduko diote Iparragirreri zer diren foruak, 1951ko udan, Londrestik etorri berritan. Azalpenok jaso berritan sortu du Gernikako arbola, eta berehala hasi da jendaurrean kantatzen: «Arbola botatzia/ Dutela pentsatu/ Euskal-erri guziyan/ Denak badakigu./ Ea bada jendia,/ Denbora orain degu/ Erori gabetanik/ Iruki biagu». 1852ko abuztuaren erdialdean, kontzertua eskaini du Donostiako handikien aurrean, eta Eustasio Amilibia eta Joaquin Mendizabal liberalak asaldatu egin dira kanta entzutean. «Espainia osoari desafio egitea da hau!», esan dute, denek entzuteko moduan, eta entzule guztiak hasi zaizkio protestan musikariari.

GUEÑES (BIZKAIA)

Tolosako (Gipuzkoa) epaitegian preso egon ostean, Bizkaia bukatu eta Kantabria hasten den mugaraino ekarri dute bi guardia zibilek, 1852ko udaren amaieran. Londrestik itzultzeko agiria eman zion berak, Mazarredo jeneralak, desterratu du. Bizipen horiek Nire amak baleki kantuan jasoko ditu bardoak: «Kartzelatik aterata/ fiskalen etxera/ abisatu ziraten/ juateko berihala/ ez etortzeko gehiago/ probintzi honetara/ orduan hartu nuan/ Santander aldera».

MADRIL

Cafe y Fonda San Luis. Montera kalea, 17. Juan Maria Altuna piano jolea lagun duela kantatu du Gernikako arbola, 1853ko udaberrian, hemen. Madrilera itzuli da Iparragirre. Ama besarkatu du berriz, hogei urteren buruan. Hiriko dirudunek maite dute bardoaren jarduna; baina, bohemio beti, Espainian zeharreko bira bati ekitea erabaki du. Galizia eta Portugal ere bisitatuko ditu. Garairik oparoena du. 1854ko abuztuan, bere aurkako desterru agindua bertan behera geratzean, Euskal Herrira ere etorri da kantatzera.

Zozabarro benta. Han hil zen Iparragirre
 

Zozabarro benta. Han hil zen Iparragirre. BERRIA

BUENOS AIRES

Rio de la Platan, txalupa bat, bardoa eta Anjela Kerexeta andregaia barruan. 62 egun egin dituzte itsasoz, Baionatik, Angelita ontzian. Lehorreratzeko aldatu dira txalupara. Dozenaka euskaldun dituzte moilan zain; gehienak, Lehen Karlistaldian borrokatutakoak. Altxatu da Iparragirre, hasi dira oihuka lehorrekoak. Gernikako arbola kantatuz heldu dira Ameriketara bardoa eta bikotekidea, marearen erdian zutik, 1858ko urriaren 29an. Errepertoriorako kanta berri bat ere badakar: Agur Euskalerriari. «Gazte gaztetatikan/ Herritik kanpora/ Estranjeri aldean/ Pasa det denbora;/ Egia alde guzietan/ Toki onak badira/ Baina bihotzak dio/ Zuaz euskalerrira./ Lur maitea hemen uztea/ Da negargarria/ Hemen gelditzen dira/ Ama eta herria;/ Urez noa ikustera/ Bai, mundu berria/ Oraintxen bai naizela/ Errukigarria». Kaian txaloka hartu dutenek txalo egingo diote berriz, hiriko antzokian lehen emanaldia eskaini duenean. Bigarren emanaldiko ikusleek, aldiz, txistuka hartuko dute Victoria antzokian, azaroaren 27an.

SORIANO (URUGUAI)

Trobadorearen Postua, 1860an, La Agraciada udalerritik gertu. Antzokietan arrakasta lortzeko ametsa zapuztuta, herrialdez aldatu, eta emaztearekin batera altxatu du etxe hori bardoak, 200 buruko artalde baten artzain lanari ekiteko, Uruguai ibai ertzean finkatuta dagoen lehengusu aberatsaren bitartez.

MONTEVIDEO

Café del Guernicaco Arbola. Cagancha plaza, ipar-mendebaleko izkina, 1861eko abuztuaren 14an. Iparragirrek kafetegia irekitzea lortu du. Zailago zaio ixtea; parranda betean bizi da. Hainbeste, itxi egin beharko du, zorrek itota.

SORIANO

Los Cancheros etxaldea, Daca ibaiaren ertzean, 1868an, departamentuko hiriburu Mercedesetik bi legoara. Artzain dabil artista, berriz, 1.000 buru gobernatzen, inguruko hirietara kantatzera joateari utzi gabe.

DONOSTIA

Ezkurra hotelean, 1877ko azaroaren 4an, ongietorri afaria eskaintzen ari zaizkio Iparragirreri. Urriaren 24tik dago hirian, Ameriketatik bueltan. Entzuleen artean da Jose Manterola musikologoa, pieza asko bere kantutegian jasoko dizkiona. Bost egun geroago, Hara nun diran kantu idatzi berriaren hitzak emango dizkio bardoak Manterolari.

EZKIO-ITSASO (GIPUZKOA)

Zozobarro benta, Itsason, 1881eko apirilaren 6an. Bronkopneumoniak jota hil da bardoa. Hiru urteko gainbehera fisiko eta emozionalaren ostean.

Bardoa, bardoaren hitzetan.

Jose Mari Iparragirrek gutun ugari idatzi zuen, bere bizitzako hainbat pasarteren berri emanez. Gutunotako zenbait, gainera, prentsan argitaratu zituzten. Segidakoak eskutzik horietako pasarte batzuk dira:

«Zer nekien nik karlismoaz eta liberalismoaz? 13 urte nituen, eta probintziakideekiko maitasuna besterik ez nuen sentitzen»

«Bidaiatzeko afanak Parisera eta Lyonera eraman ninduen, eta Alpeak zehazkatuz segitu nion nire bideari, Mont-Cenis eta San Gotardo mendiak, Tirol eta beste hainbat zapalduz; Righiko panorama ezagutzeko gogoa ere izan nuen, zeina Europako ikuspegirik pintoreskoena den, turisten esanetan».

«Otoi eskatzen diot berorri [Urretxuko Udalari], Frantziako Kontsuletxetik edo Alemaniarekin muga egiten duen Altsazian jaio zen -eta egun Parisen bizi den- nire seme batengandik abixua jasoko balu, nire jaiotza ziurtagiria eskatuz, ez diezaiola trabarik ipini batere»

«Duela hilabete batzuk, etxetik irten eta Buenos Airesera eta Montevideora jo nuen, Habanarako ontzia hartzea erabakita, baina asmo guztiak hankaz gora geratu zitzaizkidan, abentura zenbait tarteko»

«Gaztetan, buruari eutsi ezinean ibiltzen nintzen; zahartzaroan, eskuari eutsi ezinda nabil»

«Sei neska eder eta bi mutil ditut; zaharrenak 16 urte ditu eta txikienak hilabete (ez zaitezte beldurtu!). Nesketan zaharrenak 12 urte ditu. Denbora honetan guztian zazpi-zortzi iraultza ikusi ditut, inongo istilutan nahastu gabe, nire sorterri maitea mets beti! Gela onak izan ditut, baina alferrik denak, ez baitugu urte on bakarra ere izan. Zazpi izurriteak nozitu ditugula esan daiteke, eta ondare urria dut oso; Buenos Airesen eta Paraguain bildutako apurrak besterik ez»

«Ez nuke nahi On Karlosen deiak Euskal Herriko mendiak berriz odoleztatzea. Ez al da anaien arteko nahikoa odol isuri dagoeneko, haren izenean?»

«Hogei urtez falta izan ostean, ametsik ederrenak bete ditut: nire herriko lur maiteak ikustea eta zapaltzea. [...]. Ametsetan ari ote naiz? Ez, egia da. Nire seme eta senideez inguraturik nago hemen; semeak diot, Donostian gazte atseginak baitaude, aita deitzen didatenak, gozo»

«[Madrilgo Principe Alfonso eta Real antzokietako] Bi kontzertuetan, eta publiko ilustratu eta ugariaren eskariz, eszenara atera behar izan nuen. [Enrico] Tamberlik tenor jaun ospetsua ere, adiskidantza adeitsua ari zait adierazten. Gure herrikide [Julian] Gaiarreren eskua estutzeko grazia ere izan dut; ospetsua da oso egun Europan»

«Harrituta irakurri dut Gernikako arbola-ren musikaren egilea nire adiskide on izandako [Juan Maria] Altuna ote den. Ez da egia. [Juan Jose] Santesteban konpositore gipuzkoar zoliak egin zuen gauza bera egin zuen Altunak, ez besterik: nik nire konposizioak gitarraren laguntzarekin kantatu, eta berak kopiatu, akats txikiren batzuk zuzenduz asko jota, ez bainaiz oso azkarra Rosiniren eta Belliniren arte sublimean. Horixe da egia»

«Arima osoz eskertuko dizuet Gasteizen eta Donostian funtzio bana antolatzen baduzue, eta orduan esango diot agur azkenekoz lur degeneratu eta esker txarreko honi. [...] Berriz ontziratu eta hiltzera joango naiz urruneko herrrialdeetara, desesperazioz eta lotsaz beterik. [...] Erantzuidazu azkar, kontsola nazazu... Osasuna pattaltzen hasi zait; ezin dut kantatu...»

«Diputazioen pentsioa eman didate: Gipuzkoak, 40 pezeta; Bizkaiak, 40 pezeta; Arabak, 30 pezeta. 22 ogerleko guztira. Ez da asko, baina tira, nire existentzia ziurtatua da»

«Mateo Durañona eta Francisco Aranguren jaunek, nire egoeraren berri zutenez, Caravacako bankuan zeuden hamabi mila erreal bidali dizkidate: Donostiako Aurrezki Kutxan sartu ditut erdiak; gainontzekoekin, txukun jantzi eta zorrak kitatu ditut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.