UDAKO SERIEA Euskal Herriko hiriburuak (I). Donostia.

Donostia, turistarena egin gabe

Turismoari buruzko eztabaidaren erdi-erdian dago Gipuzkoako hiriburua. Topikoak topiko, baditu bisitari arruntentzat ezkutuan egoten diren hainbat txoko eder eta interesgarri.

Donostia, turistarena egin gabe.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Euskaldunek badakite zer den euren herrian arrotz sentitzea. Ba al da ezer okerragorik? Bai, noski: norbere herrian arrotz eta turista sentitzea. Udako eztabaidagai nagusia izaten ari da turismoa, eta hura salatzeko protesta ekitaldiak. Baina nola egin diezaioke izkin euskal herritarrak turistifikazioari Euskal Herriko hiriak bisitatzen dituenean? Modu bakarra dago: bertakoei galdetzea zein estrategia hartzen dituzten euren hirietan bizitzeko.

Donostiako Parte Zaharrean bizi da Xabier Etxaniz Rojo idazle eta irakaslea. Beraz, turismoaren ekaitzaren erdigunean dago, eta, Napoleonek bezala, erbesteko bidea hartu behar izaten du, itsasoaren erdira. «Uda partean egun-pasa egiteko lekurik onena irla da», esan du. Asteburuetan jende gehiago joaten da, baina esan du normalean tokia aurki daitekeela lasai egoteko. «Turistak ere joaten dira, ukaezina da, baina, mendiari buelta eman eta argazkiak atera ostean, denak itzultzen dira hirira. Irla donostiarrentzat da, eta, bereziki, Parte Zaharreko bizilagunontzat».

Baina, batzuetan, ez da egun-pasa egiteko asmorik izaten, baizik eta bainu bat hartu eta eguzkitan egotekoa. Halakoetan, Aquariumeko arrapala izaten da Etxanizen aukera: «Auzoko jendea joaten da han bainatzera, eta turistek goitik ikusten gaituzte».Etxanizek gogoratu duenez, iaz Eusko Jaurlaritza moilatik uretara jauzi egitea debekatzen saiatu zen. «Ez zuten lortu».

Zelako paradoxak: uretan bainatzeak egarria ematen du. Etxanizen arabera, Parte Zaharrean zurrutean egitea «ekintza politikoa» bihurtu da. Turistifikazioaren ajeak: «Gero eta gutxiago dira betiko tabernak, betiko zerbitzariak, betiko bezeroak». Taberna bat berritzen duten bakoitzean, turismoaren «kanonetara» egokitzen da. Honela deskribatu du Etxanizek kanon berri hori: taberna argitsuak dira, agian argitsuegiak. Jakina da argiak turistak erakartzen dituela, baina ez da hori bakarrik: «Turistek argia behar dute pintxoei argazkiak ateratzeko». Tabernetako turisten habitatean, pintxo barra handia egoten da, eta platerak eskura, turistek bospasei pintxo har ditzaten. «Sekulako amorrua ematen digu bertakooi tabernariak pintxoetarako plater bat eskaintzeak». Lehen ez bezala, gaur ezinezkoa da «goazen pintxotara» proposatzea, idazlearen arabera. «Prezio berean, jatetxe on batean afal dezakezu». Azken ezaugarria: turistentzako tabernek zerbitzari asko izaten dituzte, uniformez jantzita, eta askotan, ez dakite euskaraz, nahiz eta ingelesez edo frantsesez moldatu.

«Bertakook oso ondo pentsatu behar dugu non utzi gure sosak, nor saritu eta nor zigortu», adierazi du Etxanizek. Fermin Kalbeton, Kale Nagusia eta Abuztuaren 31 kaleetako taberna gehienak «turista tranpak» bihurtu direla esan du. «Edonola ere, badira tabernak non bertako indigenok gustura sentitu gaitezkeen: Ensantxe, Rekalde, Ordizia, Federiko, Hamabost, Txurrut, Ormazabal, Quinto Pino, Belfast, Belea… A!, eta realzalea bazara, ez dago Perku taberna bezalakorik futbol partida ikusteko».

Benetako Donostiaren bila doazenen klasikoa: Urgull mendia. Hango liburutegia maite du Etxanizek. «Damen baterian dago, eta oso txikia da, baina huraxe da tokirik onena liburu bat irakurtzeko». Udan bakarrik zabaltzen dute.

Gomendioa badu Euskal Herritik datozen bisitarientzat, Donostian turista senti ez daitezen: Grosera joan daitezela, Egiara, Antiguara. «Badira beste leku batzuk, Kristina Enea, Aieteko parkea, Ulia… Donostia Parte Zaharra baino gehiago da».

Donostia galdua

Turistek, eta bertako askok, ikusten ez duten hiria erakusteko Oh My Walk! ekimena abiatu du Leonor de Landia igeldotarrak. Hura ere aspertuta zegoen postaleko Donostiaz, eta hiriko leku ezkutuak eta historiaz beteriko bazterrak ikertzea erabaki zuen.

«Historia interesatzen zait, baina baita horrek dakartzan istorioak ere». De Landia liluratzen dituzten lekuek «Donostia bera» ordezkatzen dute, haren arabera. Hiriaren bizitza kontatzen dute. «Donostia emakume eder bat bada, leku horietako lehena haren haurtzaroa da». Kanpandegi kaleko zubiaz ari da historiazalea. XII. mendean portu txiki bat zen Donostia, eta horren zantzua ematen du Parte Zaharreko Portu kalearen gainean dagoen pasabideak. «Izugarri maite dut zubi hori, alde batean Portu kale bizia ikusten duzulako, eta, beste aldean, kaia eta itsasoko atea. Parte Zaharraren barruan zaude, baina, halere, kale isil batean. Leku horrek dena lortzen du».

De Landiaren hurrengo leku gogokoenak hiriaren gaztaro gatazkatsua ordezkatzen du: Urgull mendiko eta hango gazteluko buelta. Turistek beldurra diote aldapari. «Jendea ez da igotzen; nahiago izaten dute funikularra hartu Igeldon». Mendi osoa maite badu ere, badu han ere leku kutuna: ingelesen hilerria. Karlistadetan liberalei laguntzeko Donostiaratutako militar ingelesak lurperatuta daude han. Erromantikoa da, oso.

Menditik jaistea maite du Landiak. Harresia bota eta hiria zabaldu zutenean, Erregesoro deituriko militarren maniobra gunea Alderdi Eder bihurtu zen. Han bada leku bat, pergola baten inguruan, eta han gustura egoten da. «Ingeles estiloko lorategi hori txoko ahaztu bat da». Turistek zergatik ez diote kasurik egiten?: «Ondoan badia duelako, eta denak itsasoari begira egoten direlako. Hango aulkietan esertzeak beste garai batera eramaten nau, aro dotore eta fin batera».

Hurrengo geldialdiak hiria merkataritzara, kulturara eta aisialdira dedikatzen hasi zeneko garaira eramaten du. Horrek erabat aldatu zuen hiria, baita hirigintzaren ikuspegitik. Eta orduan hasi zen turismoa Donostian.

Hori oroitzeko, Miramar jauregira joaten da De Landia. Hango eserlekuetan irakurtzera, badiari begira. Baina Miramar turistaz beteta egoten da sarri. De Landiak estrategia bat du halakoetan. Kontxa eta Ondarreta bereizten dituen lurmuturrera jaisten da, Loretopera —erdaldunek Pico del Loro bihurtzeraino itxuragabetu zuten toponimoa—. «Han harrizko eserleku bat dago, eta ez da ia inor jaisten. Ia uretan sentitzen zara han, eta Donostia zaharra, zabaldua eta berria ikusten duzu».

De Landiaren azken txoko kutunak ziurtatzen du bisitaria ez dela turista sentituko Donostian, apur bat aldenduta dagoelako: Igeldoko itsasargia. Ilunabarrean joatea gomendatu du, eguzkia ezkutatzen ikusteko. «Mendia eta itsasoa batzen dira han, eta denak zentzua hartzen du».

Euskal herritarrak Donostian turista ez sentitzeko «aukera bakarra» hiria sakonago ezagutzea da. Auzoetan ibili behar da, haren arabera. «Han Donostiako jendea ikusiko duzu».

Nostalgian ezin da bizi

Uliako parajeetan barrena galtzea maite du Mikel Iturriak. «Aurten hil zen boluntario moduan mendia ia 30 urtez garbitu zuen Josetxo Mayor jauna, eta, haren oroimenez, ahalik eta txukunen utziko nituzke bazterrak». Irunen jaio zen Iturria, baina aspaldi dabil donostiartuta. Donostia Kulturako komunikazio sailean ari da lanean, eta Harrikadak bloga idazten du aspaldi.

Tabakaleran badu beste leku gogoko bat: azken solairuko terraza, hiriaren beste ikuspegi bat ematen duelako. Duela bi urte zabaldu zutenean, jende asko elkartzen zen han. «Denbora pasatu da, eta uste dut orain jende gutxiago dabilela, eta ez da plan txarra». Iturriak gogoko du erakusketetan galtzea.

Kultura eta tabernak osagarriak dira Iturriarentzat. Lantokitik gertu dagoelako, askotan biltzen da jendearekin Tanger tabernan. Parte Zaharrean Paco Bueno eta Ormazabal tabernetan egiten die izkin turistei, eta Antigua-Benta Berrin, Artikutza tabernan.

Baina geratzen al da zeozer Donostian garai bateko girotik? «Garai bateko tokiak aipatu, eta nostalgia da bururatu zaidan lehen hitza», esan du. «Badut Fermin Muguruzaren esaldi gustuko bat: 'Nostalgia museo bat da, baina ez da komeni bertan bizitzen geratzea'». Hau da, «sartu-irten kontrolatuak» egin behar dira.

Garai batean, musika ona jartzen zuten tabernetara joaten ziren, «baina horietatik gero eta gutxiago gelditzen dira». Dirautenen artean Le Bukowski aipatu du. Kontzertu ugari egiten dituzte han urte osoan. «25 urte bete ditu, eta tinko dirau zutik». Handik gertu, Dabadaba dago. «Hiru urte bete berri ditu, baina azkar lortu du klasiko bihurtzea».

Parte Zaharrera ahalik eta gutxien joaten saiatzen da. Kanpoko bisitarien kopuruarekin aztoratuta dauden biztanleei elkartasuna adierazten die horrela. Gros ere saihesten du. «Lagun batek dioen bezala, bi gune horiek turistentzako eremu bihurtzeak zera ekarri du, donostiarrok —edo donostiartuok— bizitza sozial gehiena auzoetan egitea». Fenomenoak ondorio interesgarri batizan du: auzoak indartu ditu.

Turisten oldeak harrapatuta ikustean gaizki sentitu diren Euskal Herriko bisitariak kontsolatuko ditu Iturriak, agian, aitorpenbatekin: turistek harturiko eremu horietan, «gu ere, donostiarrok edo donostiartuok, turista moduan gabiltza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.