UDAKO SERIEA

Ekonomia atzerako ispilutik (IV) Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa

Sistema ekonomiko osoari zentzua ematen dion giltzarria da. Gorrotatua eta maitatua, itxura batekin edo beste batekin gizateriaren aurrerapen guztiarekin lotuta ageri da dirua, onerako eta txarrerako.

Ivan Santamaria - Jon Fernandez
2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
K.a. 400

Diruaren arkeologia

Produktuen trukea ordezkatzeko lehen urrezko eta zilarrezko txanponak Lidian egin ziren, duela 2.600 urte inguru, gaur egungo Turkia mendebaldean. Garai hartan, ordea, Greziako kulturaren parte zen Lidia. Hiri estatu bakoitzak bere dirua sortu eta erabili zuen, harik eta Mazedoniako Filipo erregeak, Alexandro Handiaren aitak, Grezia batu eta dibisa bakarra ezarri zuen arte. Aitaren ohiturari jarraituz, diruaren alde batean agintariaren aurpegia zizelkatzeko ohitura zabaldu zuen Alexandrok. Paperezko dirua, berriz, dezente geroago asmatu zuten txinatarrek, IX. mende inguruan. Egungo kontzeptu ugari ulertzeko eremu oparoa da diruaren historia. Etimologiari kasu eginez erraz topa daiteke diru hitzaren atzean denarius dagoela, erromatarren garaiko zilarrezko txanpona. Soldata berbaren jatorrian ere erromako beste txanpon bat dago, latinezsolidus zeritzona. Gutxi gorabehera 25 denarioren balioa zuen solidus batek. Bestalde, ingelesezko salary , frantsesezko salaire eta gaztelerazko salario berbak latinezkosalarium -etik datoz. Egiptoko inperioaren garaian gatzetan ordaintzen zieten soldata langileei, gatza haragia eta arraina kontserbatzeko produktu preziatua zelako. Erromatar inperioan ere ohitura bera izan zuten soldaduei ordaintzean, eta horregatik deitu zioten salarium lanaren hileroko ordainari.

 

1637

Dolarra pesoa da

Euroaren sinboloa € da, dibisaren izenaren lehen hizkia. Libera esterlinarena ere, kamuflatuagoa dirudien arren, lehen hizkia da, latinezko libera hitzeko L-an oinarritua. Zer esan nahi du, ordea, AEBetako dolarraren $ ikurrak? Argi dago ez duela zerikusirik dibisaren izenaren lehen hizkiarekin; izan ere, sinbolo horrek Espainiaren menpeko Amerikako lurraldeetan erabiltzen zen pesos diruaren laburdura irudikatzen du —egun ere diru hori darabilte Latinoamerikako zortzi herrialdetan—. Hasieran S bat zen P baten gainean, pesos -en lehen eta azken hizkiak, baina, urteen higadurarekin, egungo itxura hartu zuen 1770eko hamarkadarako. AEBetan ohiko dirua zen pesoa —Spanish dollar esaten zioten—, independentzia lortu eta bi urtera herrialde berriko diru ofiziala dolar estatubatuar izendatu zuten arte. Izen berria jarri zioten, baina sinbolo zaharra mantendu. Eta dolar izena nondik dator? Bada, Txekiar Errepublikatik. Bohemiako Erresumako Joachimsthal hirian —egungo Jachimov hiri txekiarrean—joachimsthaler izeneko dirua egiten hasi ziren 1518an. Thaler deitu zion jendeak berehala diruari, eta hortik dolarrera egin zuen bidea diruaren hitzak hainbat herrialdetan. Europa erdialde eta iparraldera hedatu zen batez ere dolarra, eta estatubatuarrek hitz zaharra berreskuratu zuten diru propioa izendatzeko.

 

1931

Egurrezko dirua

Depresio Handiak deskalabru itzela ekarri zuen Ameriketako Estatu Batuetan. Hainbeste, non bankuak diru barik geratu baitziren, eta ateetan bezeroen ilarak pilatzen zitzaizkien, aurrezkiak jasotzeko eskean. AEBetako seiehundik gora bankuk jaitsi zuten pertsiana, baita Washingtongo Tenino herriko The Citizens bankuak ere, 1931. urteko abenduan. Egoera larria zen, eta herriko Merkataritza Ganberak aterabide burutsu bat asmatu zuen: wooden money deitu zitzaiona jaulkitzea; egurrezko dirua, alegia. Gordailuak eta aurrezkiak izoztuta zeuden, eta itxitako bankuan ez zegoen dirurik, eta, hortaz, zedro eta haritz xafletako billeteak jaulkitzea erabaki zuten. Dolar bateko billeteak, bostekoak eta hamarrekoak jaulki zituzten; baita 25 zentimokoak ere. 3.255 dolar jaulki zituzten, baina ez zuten izan arrakasta handirik. Gehienek bildumagileen eskuetan amaitu zuten.

 

1942

'Bernhard operazioa'

Nazien Alemaniak Erresuma Batua hondoratzeko ezkutuko plan bat izan zuen: uhartea faltsifikatutako libera esterlinekin airez bonbardatu, eta, zirkulazioan zebilen diru kopurua nabarmen igota, ekonomia britainiarrean inflazioa eragitea. Ideia txoroa zirudien, eta bere horretan egin ez bazuten ere, izan zuen eragina Erresuma Batuko ekonomian. Ideia aurrekari propioetatik atera zuten naziek, Lehen Mundu Gerraren ostean alemaniarrek hiperinflazio aro gogorra izan zutelako. Agindua goitik jaso bazuen ere, SSetako Bernhard Kruegerrek gidatu zuen plana, eta horregatik hartu zuen Bernhard operazioa izena. Sachsenhausen eta Auschwitz kontzentrazio esparruetako 140 judu hautatu zituen libera esterlinak faltsifikatzeko. 1942tik 1945era bitartean 8,9 milioi billete inprimatu zituzten, 400.000 libera esterlina hilean: guztira, 135 milio libera esterlinako balioa zeukaten. Baina ez zuten dirua hegazkinez bota Erresuma Batura. 1943rako, aliatuen aireko indarrak gailendua zuen nazien hegazkinena. Beraz, bestelako bide bat hartu zuen Kruegerrek. Naziek nazioarteko merkataritzarako, espioitzarako eta eroskeriarako erabili zuten diru faltsua. Alemaniak Espainian, Suedian, Suitzan eta Turkian zituen enbaxadetara iritsi zen dirua —neutralak ziren herrialde horiek—, eta handik zabaltzen hasi zen, Erresuma Batura iristeraino. Gerra amaituta, Ingalaterrako Bankua jabetu egin zen operazioaz, eta, faltsifikazio hain onak zirenez, ezin izan zituen bereizi billete onak eta txarrak. Zirkulazioan zituen libera esterlina guztiak kendu eta diseinu berriko billeteak jaulki behar izan zituen.

 

1991

Paperezko fedea

Urrezko leihoa Richard Nixonek itxi zuen, 1971ko abuztuaren 15ean. Harrigarria iruditu arren, ordura arte posible zen, salbuespen eta mugekin, dolarren truke urre kopuru bat eskuratzea. Ordutik aurrera, dirua sostengatzen duen gakoa konfiantza da: billetea jaulki duen erakundean dagoen fedea. Fede hori urratu zitzaien SESBeko biztanleei, 1991. urteko urtarrilaren 23an. Ustekabeko mugimendu batean, Mikhail Gorbatxoven gobernuak baliorik gabe utzi zituen 50 eta 100 errubloko billete guztiak. Soilik hiru egun zituzten herritarrek trukatzeko, eta truke mugatua zen. Ia egun batetik bestera, billeteak paper huts bihurtu ziren. Valentin Pavlov Finantza ministroak argudiatu zuen, justifikazio gisa, Mendebaldeko bankuek billete horiekin gainezkatu nahi zutela sistema herrialdea hondoratzeko. 14.000 milioi errublo atera ziren zirkulaziotik. Gaur egun, euroguneko biztanleak ia bilioi bat euro mugitzen ari dira eskutik eskura billeteetan. Ez da asko. Izan ere, kalkulatzen da dagoen diru guztiaren hamarren bat inguru baino ez dela. Benetako dirua ez dago billeteetan; benetako dirua ordenagailuen pantailetan agertzen diren apunteetan baino ez da existitzen.

 

2009

Trilioiak poltsikoan

Bazirela bai, baina inork non zeuden ez omen zekielako jarri zitzaien binladen ezizena 500 euroko billeteei. Baina kontuz, gauza bat delako billeteak duen azaleko balioa, eta beste bat, oso ezberdina, benetan balio duena. Alegia, billete horrekin benetan zenbat produktu erostea den posible. Muturreko kasuak hiperinflazioari lotuta daude. Errekor tristea Zimbabwek du. 2009. urteko urtarrilean 100 trilioi dolar zimbabwetarreko billeteak jaulki zituen —euskaraz, ingelesezko trillion bilioi bat da, milioi bat milioi—. Benetako erosahalmena? Garai hartako hamabost euro inguru. Alemaniako Weimar errepublikan ere bilioi bateko billetea jaulki zuten, 1923ko azaroan. Baina zein da inoizko baliorik handiena izan duen billetea? Bada, 1934an AEBek jaulki zuten 100.000 dolarreko billetea, Woodrow Wilsonen aurpegiarekin, urre gordailuekin sostengatuta. Kopuru hori txiki utz zezakeen ideia moderno batek. AEBetako amildegi fiskala saihesteko asmoz, ekonomialari batzuk trilioi bat dolarreko platinozko txanpon bat sortzea proposatu zioten Barack Obama presidenteari. Ez zen halakorik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.