UDAKO SERIEA. Lehengo lekutik bertsoa (eta VI). Saioa Alkaiza Guallar

Errimaren josteta askotarikoak

Bertso sorta bat aukeratzeko eskatu die BERRIAk sei bertsolariri. Horien gainean egin dute gogoeta, kantatu ziren toki berean. Nazioarteko Inprobisatzaileen Birako bat oroitarazi du Alkaizak. Quiala, Arguello, Lujanbio eta Soto aritu ziren kantuan, Iruñean.

Quiala, Soto, Arguello, Lujanbio eta Iriarte, Zentral aretoan. Irati Majuelo —ezkerrean— itzultzaile aritu zen. BERTSOA.EUS.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bertsoaldi mordoa du kaskoan gorderik Saioa Alkaizak (Iruñea, 1991); askotariko gaiei buruzkoak, askotariko ahoskeretan kantatuak. Izatez, erdaretan eginak ere baditu gogoan, eta, hain justu, horietako bat bururatu zaio bertso sorta kutun bat oroitzeko eskatuta. Lau inprobisatzailek, errima jostalariz eta txandaka, saio berean euskara eta gaztelania taularatu zituzteneko bat: Tomasita Quiala repentista (Banes, Kuba, 1961), Araceli Arguello Argentinako payadorea (Pozo del Molle, Argentina, 1995), Maialen Lujanbio (Hernani, Gipuzkoa, 1976) eta Julio Soto (Iruñea, Nafarroa, 1987) bertsolariak aritu ziren kantuan.

2018ko urriaren 9an egin zuten saioa, Iruñeko Zentral aretoan, eta Nazioarteko Inprobisatzaileen Biraren parte izan zen. Izan ere, urriaren 9tik 14ra, eguneko emanaldi bat antolatu zuten —horietako bakoitza, herri batean—, eta, hortaz, Iruñekoa izan zen lehenbizikoa. Bertan zen Alkaiza, entzule. Nabarmendu duenez, huraxe izan zen bertsolariak izan ez baina ahozko inprobisazioan aritzen diren sortzaileak aditu zituen lehenbiziko aldia. «Flipatu egin nuen». Eta hala segitzen du.

Kuadrillako zenbait lagunekin joan zen Zentralera. «Berez bertsozaleak ez diren lagun batzuekin», zehaztu du. Harro. «Gogoan baitut, hala ere, denek oso ongi pasatu zutela, eta iruditzen zait hori gertatzea oso polita dela; deus jakin gabe joatea, eta emanaldiak zu harrapatzea».

Kontua da ezagutza handiagoa zutenak ere liluratu zituela saio hark. Alkaizak aitortu duenez, Quialaren eta Arguelloren kantaerak guztiz «berritzaileak» iruditu zitzaizkion teknikari dagokionez. «Erreparatuz gero, bertsolariok errima berekin edo familia bereko errimekin aritzen gara, salbuespen batzuekin. Aldiz, bai payadoreek bai repentista kubatarrek errima mota diferenteak ibiltzen dituzte bertsoaren baitan. Ez dakit zailagoa ote den, baina bada beste errima molde bat, eta guztiz harritu ninduen, eta engantxatu». Kazetariarekin eginiko hitzordurako, Alkaizak zenbait ohar ekarri ditu sakelakoan bilduta. Quialaren eta Arguelloren olerkiak ditu idatziak, errimei xehe erreparatzeko. «Begira zein lotzen dituen elkarren artean», adierazi du, miresmenez.

Gainera, payadaren eta repentismo kubatarraren ezaugarri bereizgarriak bezainbeste gustatu zitzaizkion Alkaizari bertsoarekin alderatuz gero aurkitutako antzekotasunak. «Guztietan erabiltzen dira, adibidez, kontrasteak, pilaketak, deskribapen xeheak, esajerazioak... baliabide literario antzekoak baliatzen dituzte ahozkotasunari dagokionez, eta uste dut publikoak kode konpartitu hori ulertzen duela, eta jasotzen duela».

Diziplina diferente horiek elkarren ondoan jartzeak dakarren onura zalantzan jarri ezinezkoa da, Alkaizaren ustez: «Denak dira oso dialogikoak, solasean oinarrituriko arteak, eta asko aberasten dute elkar». Besteak beste horregatik, bertsolariak onartu du harramazka ezti bat ere sentitu zuela egun hartan. «Inbidia puntu bat. Pentsatzen nuen: zer polita hori egitea».

Urteek emandakoetatik

Zehazki, saio hartako ariketa bat aukeratu du Alkaizak. Horretan, lau inprobisatzaileak aritu ziren, txandaka, Iker Iriartek jarritako gaiari segika. Iriartek aipatu zuen belaunaldi diferenteetakoak zirela laurak, eta eskatu zien norberaren adina izateak zituen abantailak kanta zitzaten lehen bertsoan; bigarrenean, desabantailak aipatu beharko zituzten.

Hain justu, gaiarengatik ere maite du Alkaizak bertso sorta, «belaunaldi artekotasuna» lantzeko aukera ematen duelako, eta, are, gaia gisa horretara emanda, bakoitzak bazuelako beretik kantatzeko aukera. «Nahiz eta gero norberak erabakitzen ahalko zuen maskara bat jantzi edo halakorik gabe aritu». Hau da, fikzioa egin edo ez.

Izan ere, adinari buruz aritzean norberaren azaletik kantatu ahal izatea bereziki interesgarria iruditzen zaio Alkaizari. «Ez zaidalako gauza bera iruditzen zahar batek kantatzea zer den bere bilobak zaintzea, edo nik egitea. Nik egin dezaket fikzioa horri buruz, noski, baina litekeena da halakorik bizi ez dugunok aukera gehiago izatea egoerak edo adinak estereotipatzeko. Belaunaldi guztietako ordezkariak izateak asko laguntzen du begirada zabaltzen», gogoetatu du. Are, beste onura bat ere erantsi du: «Bertsolaritzan, ematen du ez bazara gaztetan hasi egurra ematen ja pasatu egiten zaizula aukera. Horrelako bertsoaldiek erakusten dute sorkuntzaren bidea ez dela bukatzen adin batean; edo aukera bakarra ez dela gazte sariketetan hastea».

Punka eta umorea

Oholtzan zirenetatik, Quialak zuen biderik luzeena: 57 urte zituen orduan. «Tomasita oso pertsona punka da», esan du Alkaizak hari buruz. Esplikatu duenez, Quiala itsua da, aulkian eserita inprobisatzen du, baina franko mugitzen da kantatu bitartean, eta irri asko ere egiten du, eta umorea erabili. Jarrera horrek guztiz harrapatu zuen Alkaiza. «Emakumeak oholtzan bagaude, beti kritikatzen gaituzte: ez baduzu irri egiten, serioegia zara; irri gehiegi egiten baduzu, irribarre bortxatua duzu; gaizki kantatzen baduzu, esanen dizute bertsotan hobeki kantatu behar dela, baina, kontuz, gehiegi kantatzen baduzu, esanen dizutelako bertsoa kantatuegia dela». Espazio publikoetan egoteko emakumeek exijentzia handiagoak dituztelakoan dago, «langa bat» sumatzen du hor: «Ikusteak nola haiek —bai Quialak bai Arguellok— hartzen dituzten espazio horiek, nola iritsi diren tradizionalki emakumerik ez zen tokietara... Pentsatu nuen: ze ongi, zer bidea egin duten».

Parez pare entzule izan zenez geroztik, Alkaizak hainbatetan aditu du bertsoaldia berriz. Gehienetan, ikasleei erakusteko ibili du, eta, dioenez, kariño handia hartu dio horrela. Halere, iradoki du horrelako bertsoaldiek nekez sortzen dutela emozio berbera aurrez aurre, unean-unean, edo gerora bideo bidez. «Diferentea da». Zaila egiten zaio sentitzen den lilura hitzez esplikatzea. «Bertsoaren edo dena delakoaren aurreko isilune hori, sortzaileak pentsatzen ematen dituen segundo horiek...», hasi da esplikatzen. Eten txiki bat egin du, eta hala lotu zaio atzera hari: «...neroni publikoan nagoenean, iruditzen zait une hori magikoa dela».

Saio hari esker, Alkaizari are eta ikusgarriagoa egin zitzaion «hitzaren indarra». «Fonema batek, edo esanahi batek, edo hoskidetasun estu batek, edo soinu batek nola balio duen mundu ikuskera oso diferenteak irudikatzeko eta ekartzeko. Bere xumean, inongo artifiziorik gabe. Ez duzu aldamio gehiagorik behar. Zeinen gauza handiak egin daitezkeen, langaia hain denean xumea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.