Eusko Legebiltzarrak 2015ean onartutako Etxe Eskubidearen Legearen berritasun nagusia etxe eskubide subjektiboa arautzea izan zen. Bizitoki duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidea bermatzen die Eusko Jaurlaritzak, legearen arabera, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten eta eskubide hori bete diezaietela eskatzen duten pertsonei; gizarteko sektore zaurgarrienetakoak dira denak. Praktikan, ordea, eskubide subjektiboaren mugak ere agerian geratu dira. Esaterako, 2015etik aurtengo apirilera arte 15.000 lagunek baino gehiagok eskatu dute eskubide hori aitortzeko, baina 7.900 ingururi aitortu diete. Horietako 2.400 inguruk dute etxe bat gaur egun, alokairu sozialeko erregimenean, eta beste 2.000 inguruk, alokairua ordaintzeko diru laguntza bat.
Hasteko, 2015eko legeak arautzen duen eskubideak adjektibo bat du: subjektiboa. Marrubi Bregaña legelariak azaldu du izenondo horren esanahi juridikoa:«Eskubidea bera subjektiboaizateak esan nahi du titularrak zilegitasuna duela administrazioak eginbehar jakin bat bete dezala eskatzeko. Betetzen ez bada,berez badago aukera erakundeetara [Etxebidera, adibidez] joateko eta esateko: 'Niri administrazioak etxe bat eman behar dit'».
Nafarroan ere 2019tik dago araututa etxebizitza eskubide subjektiboa, baina Euskal Autonomia Erkidegokoa «salbuespen positibo bat» dela nabarmendu du Administrazio Zuzenbideko katedradun Juli Poncek: «Gainerako autonomia erkidegoetan legeak ez ditu erakunde publikoak behartzen etxe eskubidea bermatzeko neurri zehatzak hartzera. Hau da, gainerako autonomia erkidegoetan etxerik gabeko pertsona batek ezin dio erakunde bati exijitu etxe bat izatea, nahiz eta bere eskubidea izan».
Hala ere, Bregañak itzalak ere ikusi dizkio eskubide horrek azken zortzi urteotan izan duen bideari: «Interpretaziorako marjina uzten dute, exijentzia ez dadin horrenbestekoa izan». Gainera, gogora ekarri du eskubide bat subjektiboa izateak ez duela esan nahi pertsona guztientzat denik: «Eskatzen duenarentzat eta baldintzak betetzen dituenarentzat da». Izan ere, herritar batek nahi badu bere etxe eskubide subjektiboa aitor diezaiotela, eskatu egin behar dio Jaurlaritzari.
Baldintza «oso zorrotzak»
Eta eskaera ere ezin du edonork egin. Hiru baldintza bete behar dituzte eskatzaileek. Lehena da etxe egonkor edo egokirik gabe egotea. Arrazoiak izan daitezke bizigarritasuna, tamaina, ahalmen ekonomikoa, arrazoi juridikoak edo eguneroko bizitegi normalizatua izatea zailtzen duen beste edozein. Bigarrenik, gutxienez lau urtez egon behar da etxebizitza babestuen eta zuzkidura bizitokien eskatzaileen erregistroan izena emanda. Eta hirugarrenik, «urteko diru sarrerak erregelamenduz ezarritako mugen barruan» daudela frogatzea.
Bada, 2015eko legeak muga hauek ezartzen ditu: hiru kide edo gehiagoko bizikidetza unitate batek urtean 15.000 euroko diru sarrerak izatea gehienez; bi kideko unitate batek, gehienez, 12.000 euroren diru sarrerak urtean; eta kide bakarreko unitateak, berriz, 9.000 euro edo gutxiago. Baldintza horiekin kritiko mintzatu da Bregaña: «Eskubide subjektibo gisa definitzea aurrerapauso bat izan daiteke, baina baldintzak hain gogorrak diren bitartean, ez da etxe eskubidea bermatuko. Baldintzak oso zorrotzak baitira, eta kolektibo oso jakin batzuetara bideratuta daude, oso baldintza txarretan bizi direnengana».
Gainera, baldintza horiek betetzen dituztenei, eskaera egiten dutenean, ez diete berehala aitortzen etxe eskubide subjektiboa: beste prozesu administratibo bat igaro behar dute. Horren ostean, horietako batzuei aitortzen diete eskubidea. Hala, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak emandako datuen arabera, 2015ekolegea indarrean sartu zenetik aurtengo apirilera arte, 15.471 pertsonak eskatu dute eskubide subjektibo hori aitortzeko. Hala ere, erdiari baino ez diote onartu: 7.924 laguni. «Eskaria egiten duten unean baldintzak betetzen dituzten edo ez aztertzen dugu. Batzuek ez dituzte baldintzak betetzen hasieran, eta, ondorioz, ezin zaie eskubidea aitortu», azaldu du Mario Ioldik, Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak.
Hala ere, eskubide subjektiboa aitortu dieten 7.924 lagunetatik 2.408k baino ez dute alokairu sozialeko etxebizitza bat gaur egun. Legearen arabera, etxe eskubide subjektiboa aitortu dieten pertsonei «lehentasunez» eman behar diete bizitoki bat, baina %30i baino ez diete eman. Arrazoia azaldu du Bregañak: «Etxebizitza parke publikoa ez da nahikoa, eta ez dago etxebizitza nahikorik emateko».
Bat etorri da Ioldi. Nabarmendu du alokairu sozialerako 16.000 etxe daudela Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, baina ez direla nahikoak etxe eskubide subjektiboa asetzeko. Eskubide hori aitortu dieten beste 2.004 laguni, beraz, hilabetean 300 euroko diru laguntza bat ematen diete, merkatu libreko etxe baten alokairua ordaintzeko. Legeak aurreikusi du bide hori, etxerik emateko aukerarik ez dagoenerako.
Hala ere, eskubide subjektiboa aitortu dieten 7.924 lagunetatik 3.903ri «iraungi» egin zaie eskubidea. «Eskubidea onartu eta gero, baldintzak betetzen jarraitzen ote duten ere aztertzen dugu. Norbaitek baldintzak gainditzen baditu, eskubidea kentzen zaio. Ulertuko ez duen jendea egongo da, baina norbaiten gaitasun ekonomikoa nabarmen handitzen bada, kendu egiten zaio, beste batena jokoan dagoelako. Irizpideak betetzea bermatzen dugu», adierazi du Ioldik.
Dekretua, bidean
«Legeak ezin dira paper errea izan: eskubide horri erantzuteko behar diren baliabideak izan behar dituzte erakundeek. Bestela, frustrazioa eragingo du», nabarmendu du Poncek. Bregañak gaineratu du «beharrezkoa» dela etxe eskubide subjektiboak garapen juridiko bat izatea, ez baitu izan zortzi urtean.
Ioldik aurreratu du irailean argitaratzekoak direla legea garatzeko dekretu bat. «Etxebizitza eskubide subjektiboa egokituko du, eta hedatu. Legearen arabera, Etxebideko eskatzaileen erregistroan lau urtez egon behar du pertsona batek izena emanda, gutxienez, eskubide subjektiboa eskatzeko. Orain, hiru urtekoa izango da gutxienekoa. Diru sarreren muga batzuk ere handituko dira. 13.000 euro kide bateko bizikidetza unitatean, 15.000 bikoan, eta 17.000 hirukoan. Kopuru horiek diru sarrerak bermatzeko errentaren araberakoak dira».
Izan ere, dekretu berriaren helburua etxebizitza politika eta gizarte politika uztartzea da, Ioldiren arabera: «Denbora asko behar izan dugu, eta prozesu zaila izan da».
UDAKO SERIEA. Etxebizitza (III). Eskubide subjektiboa
Eskubide baten mugak
2015ean Eusko Legebiltzarrak etxebizitza legea onartu zuenetik, eskubide subjektiboa da bizitokia, eta hala eska dezakete herritarrek. Egun, eskubide hori aitortuta, 2.408 lagunek dute etxea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu