UDAKO SERIEA. Gerraurreko emakume idazleak (I). Literaturaren historia auzitan.

Ezabatutako katebegia

«Ordua da norbaitzuk gutaz oroitzekoa», idatzi zuen Tene Mujikak 1971n, eta, oraindik ere, lanbropean segitzen du gerraurreko emakume idazleen 'gu' horrek. Modu kolektiboan euskaraz idazten jardun zuten lehen andreak izan ziren, baina ez dira ia ageri euskal letren historian, eta ez zirela izan pentsatzeko aukera zabalik utzi du horrek. Nolatan, ordea?

XX. mende hasierako zenbait emakume idazle eta haien argitalpen batzuk. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Maria Dolores Agirre, Elisa Alzola Ane, Maddi Ariztia, Frantziska Astibia Onintze, Julene Azpeitia Arritokieta, Maria Begoña Beristain Lorea, Errose Bustintza Mañariko, Katalina Eleizegi, Karmele Errazti, Miren Etxabe Lau Uxo, Jule Gabilondo Maite, Maddalen Jauregiberri, Maria Juaristi Mirentxu, Tene Mujika, Margarita Untzalu, Sorne Unzueta Utarsus... Nahi adina luza daiteke katea izenak bata besteari lotzen hasita. Nor bere ertzetik, bere garaiaren argi-itzaletatik aritu zen, eta asko eta asko ez ziren izen-abizen propioz inoiz irten plazara, ezizenaren atzean beren arrastoa lausotzen lehenak eurak izan balira bezala. Zenbat eta gehiago arakatu, ordea, orduan eta argiago bistaratzen da argazkia: modu kolektibo batean euskal letren historian bidea urratu zuten aurreneko emakumeak izan ziren, euren buruak inoiz idazletzat hartu ez bazituzten ere, oro har. Azken urteetan, ugaritu egin dira haien ekarpenari buruzko ikerlanak, baina letra beltzagoz irauten du gerra ondorenean ezarritako euskal literaturaren narratibak, ia lerrorik gorde ez dienak.

«Zergatik egon diren 70 urtean ahaztuta emakume hauek? Aldapa gora abiatu bakarrik eginak zirelako». Lourdes Otaegi mintzo da, EHUko irakaslea eta gerraurreko literaturaren ikertzailea. «Oraingoa garai oparoa iruditzen zaigu, baina guztiz iragankorra izan daiteke. Horregatik da hain inportantea haietaz hitz egitea, eta esatea: ez ziren bi txoro; ehunka izan ziren, idazleak hainbat, eta ibilbide bat egin zuten».

Kasurik gehienetan, 36ko gerrak etendako ibilbideak izan ziren. Haren aurreko hiru hamarkadetan, baina, Pizkundearen eta garai hartako aldaketa giro orokorraren abaroan, plaza publikora jauzi egiteko bide bat zabaldu zen andreontzat, eta orduko abertzaletasunaren bultzadaz heldu zioten lumari askok.

Literatura ulertzeko era bat

Koldo Izagirre idazlearen esanetan, adibide batek esplikatzen du nola egin den gerraurreko emakume idazleak bazter utzi dituen literaturaren historia. «Gure lehen bertso ezaguna XV. mendekoa da, Milia Lasturkoaren eresia. Hor egon da, urteak joan urteak etorri, eta Itxaro Bordak orain dela urte batzuk poema bat egin zion, zoragarria, Milia Lastur Revisited [1986]. Horrek esplikatzen du dena: hortxe zegoen hari interesgarri bat, baina ez diogu kasurik egin. Beste emakume batek etorri behar izan du, hainbat mende pasatu eta gero, hori gai poetikotzat hartzeko».

Emakume idazleen berreskurapena akademian ere garai bertsuan kokatu du Otaegik, hain justu. Lan bat aipatu du, zehazki, abiarazletzat: Mercedes Ugalderen Mujeres y nacionalismo vasco. Génesis y desarrollo de Emakume Abertzale Batza (1906-1936). «XX. mendearen bukaera arte, ez da kasik inon jasotzen emakume hauen inguruko informaziorik. Ugaldek abiatu zuen bide hori, eta berak abiatutako materialetik egin dira hortik aurrerako ikerketak».

Ordurako, baina, ofizialdua zegoen beste historia bat.

Lehen harria Orixek jarri zion historia horri, 1927an, emakume idazlerik aipatu gabe. Eta 1960an ezarri zuen harririk sendoena Koldo Mitxelenak, Historia de la literatura vasca erreferentziazko lanarekin. Bi emakume aipatu zituen: Bizenta Mogel eta Katalina Eleizegi. Iratxe Retolaza literatur ikerlariaren esanetan, ordea, kopuru horiek gorabehera, literatura ulertzeko modu jakin bat finkatu zen orduan. «Idazlea bihurtzen da historiografia ardazteko aldagai nagusia, eta eredu bihurtzen da mugimendu literario baten ordezkari izatea, genero literariorik gorenean idaztea, liburu formatuan argitaratzea eta euskara batutik ekarpen bat egitea».

Eredu horrek, baina, gerra aurreko emakumeen praktikarekin zuzenean egingo du talka, eta, hein batean, horrek azaltzen du historiografiatik kanpo geratu izana, Retolazarentzat. Liburuetan ez, gehienek garaiko aldizkarietan argitaratu zutelako —Euzkadi, Argia, Euzko Gogoa, Euskal Esnalea, El Día...—; oro har, ez ztelako idazle kontzientziarik izan, abertzaletasun jeltzalearen imajinarioa zabaltzeko ekarpena egiten ari zirenekoa baizik; eta genero goren batean trebatu beharrean, hainbat generotan aritu zirelako —artikuluak, antzerkia, olerkia eta ipuina, batik bat—.

Esan den baino gehiago

Gerraurreko emakume idazleek historiaren galbahea igaro ez izanaren arrazoietan propio arakatu zuen beste ikerlari bat Linda White Renoko unibertsitateko (AEB) irakaslea izan zen, 1996an. Emakumeen hitzak euskaraz: Basque Women Writers of Twentieth Century lanean xehatu zuen gaia, eta datu bat eman zuen: euskal literaturaren historia lan gehienetan —Mitxelenarenaz gain, Luis Villasante (1961), Ibon Sarasola (1971) eta L.M. Mujikarenak (1985) aztertu zituen—, sei emakume agertzen direla denera —Bizenta Mogeletik Arantxa Urretabizkaiara—. Gizonezko egileak aintzat hartzeko erabilitako irizpide berberak emakumeekin erabiliz, ordea —itzultzaileak eta obra bakarreko idazleak barne hartzea, esate batera—, 121 emakume zenbatu zituen Whitek: 43 gerraurrean eta 78 ostean. Hala, emakume idazleen ehunekoa %2tik %32ra jaso zuen; literaturgileena, %3tik %27ra. «Esan izan den baino dezentez gehiago izan ziren», nabarmendu zuen ondorioetan.

Ohartarazi zuen, orobat, euskal literaturaren lehen historiek ahal beste izen biltzeko nahia izan zuten arren, ez zela jarrera «eskuzabal» bera erabili emakume idazleekin. «Interesgarria da hori», dio Otaegik. «Gizonek idatzia bada, berez da literatura; aldiz, emakumeak idatzia bada, lupa handiarekin begiratu izan da. Bataren eta bestearen hitzak ez du berdin balio, egunero pairatzen dugu hori emakumeok». Eta ados dago Whiterekin, baina ez denean: «Villasantek idazleen katalogo ahalik eta zabalena erakutsi nahi du, Unamuno eta besteren erasoen aurrean, euskaraz literatura tradizioa bazegoela demostratzeko. Baina Mitxelenaren irizpidea askoz literarioagoa da; corpus bateratu bat jarri nahi du erdigunean, hizkuntza literario estandar bat bultzatzeko».

Salbuespen gisa, beste argitalpen bat oroitu du Otaegik: Santi Onaindiaren 1954ko Mila Euskal Olerki Eder. «Euskal poesiaren beste edozein antologiatan baino emakume gehiago dago hor. Historia liburuen ondoan, antologietan mamitu da bazterketa modurik agerikoenean».

Emakume haiek idatzi zutenaren zati handi bat aldizkarietara, eskola mundura eta euskal balioen transmisiora bideratu zuten, eta hori haien lanari balioa kentzeko modu bat izan dela ere jaso zuen Whitek. Bat etorri da Retolaza, eta testuak «estetikaren eta literatur parametroen» prismatik aztertu beharrean haien «funtzionalitatearen» arabera baloratzea murriztailetzat jo du. «Haur literaturak beti du garrantzia, baina pentsa zenbatekoa guztia eraikitzeko zegoen une batean. Garaian sekulako garrantzia zuen jardun bati gutxiespenez begiratu zaio».

Otaegi ere bat dator. Testuetako askok «helburu pragmatikoa» izateak ez ditu zuzenean literatura izatetik salbuesten, haren ustetan. «Ikuspegi sinplista bat eman izan da emakume hauen lanaz, guztia funtzionalismo huts baterako egin izan balute bezala. Beharra dagoelako sortzen dute eskola materiala, edo beharra dagoelako egiten dute prentsarako berriemaile lana; baina ez da hori bakarrik, baizik eta, behin horretan sartuta, askok literatura produzitzen dutela».

Izagirrek, bestalde, liburu faltan ikusten du andre hauek aintzat hartu ez izanaren arrazoi pisuzkoetako bat. «Euskal literaturako liburuen historia bat egin da, eta ez euskal literaturaren historia bat. Baina ahozko lirikak ekar dezakeena, adibidez, ez du poeta kultuak ekartzen. Zorionez, konplexuagoa da dena». Halaber, «gurasokeria» eta «gutxiespen giro orokor bat» hurbiletik ezagutu izana ere aitortu du: «Emakume Abertzale Batzakoei las emakumes deitzen zitzaien; molde hori ondo ezagutu dugu guk».

Itzalaren sakonera

Literaturaren historia hala egin izanak ekarri ditu bere ondorioak. «Emakumeen inkorporazioa izugarri zaila egitea, konplexuz betetakoa izatea eta idatziko zuketen askok ez idatzi izana», Otaegiren ustetan. Argi du gauza bat: «Zure hitza ez dela aintzat hartzen sumatzen baduzu, bazterrera egiten duzu, eta horren eraginak maila sakonak hartzen ditu».

Izagirrek oraintsura arteko garaietaraino luzatu den logika baten parte ikusten du, gainera, gizon-emakume idazleei eman zaien tratu asimetrikoa. Amaia eta Mikel Lasa anai-arreben kasua ipini du adibidetzat: Poema bilduma (Herri Gogoa) kaleratu zuten elkarrekin 1971n, eta «kritika guztiak anaiarentzat izan ziren», Izagirreren arabera. Mikelek ez zuen gehiago ezer publikatu; Amaiak bai, baina Whitek ere aipatzen du adibidea, erakusteko Mikelen izena ageri dela aztertutako historietan, eta ez, aldiz, Amaiarena.

Azken urteetan, Ugaldek hasitako berreskuratze bidea hamaika lanek aberastu dute —Mari Jose Olaziregi, Amaia Alvarez Uria eta besterenak—, baina irakurketaberri horiek historiografian txertatzeko baldintzarik ez du antzematen egun Retolazak: «Ikerketa asko egin dira, baina egin dira, hain zuzen, literaturaren historiografia diziplina gisa oso ahul dagoen garai batean. Literatur historiagile oso gutxi ditugu aktiboan; Joseba Gabilondorena kenduta, 2004tik ez da euskal literaturaren beste narratiba bat sortu, eta horrek esan nahi du euskal literaturaren bestelako hezurdura batzuk eraikitzeko tarterik ez dugula hartu. Hori gabe, zaila da ikerketa berriak irakaskuntzako materialetan eta bestelako transmisio bideetan sartzea».

Ekarpen berrien hedapena zailtzen duten beste bi faktore ere ikusten ditu: merkatuak «nobedadeen kultura» sustatzea eta «historiaren ikuspegi murritz» orokorra.

Ondorioen artean, iruditzen zaio luzaroan airean egon den «marmar bat» transmititu izan dela oharkabean: Euskal Herrian oso berandura arte emakume idazlerik egon ez zela dioena.Idatziz ere topatu izan du halako baieztapenik, eta, bidean,historiografiek marmar hori elikatu dutelakoan dago. «Ez aipatzea baino larriagoa da hori, esaten ari baitzara literatura ez dela emakumeentzako esparru bat izan».

Retolazaren ustetan, 1960ko hamarkadan ezarritako historiografiak autoritate jakin bat gailentzea eragin du azkenean, garaian garaiko «kultura maskulino» bati lotutako autoritate eredu bat. «Idazle izatea zer den horren araberakoa izan da, eta horrek zaildu du garai hartako emakumeak eredu horren barruan idazletzat aitortuak izatea».

Bihar: Garai soziohistorikoa (II).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.