UDAKO SERIEA. Gazteei begira (eta VI) Gazteak eta gizartea

Gizartearen begietara

Estereotipoz beteriko irudia du gizarteak gazteei buruz. Jarrera okerrekin lotzen dituzte. Hala ere, kezka azaltzen da gazteen lekuari buruz. Benetako orduan, ordea, ez diete zeresan handirik lagatzen.

Gazte talde bat, sakelako telefonoarekin selfie bat egiten, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Irudi estereotipatua dauka gizarteak gazteen inguruan. «Alkohola, zarata, drogak eta horrelakoak ziren guri buruzko berri gehienak. Eta, neurri handi batean, guk geuk barneratu egin ditugu estereotipo horiek». EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Itsaso Anduezak uste du irudi hori aldatzen ari dela pixkanaka. Ez dira estereotipo bakarrak. «Publizitatearen aldetik asko indartzen ari dira beste batzuk, beti gazte mantentzearekin lotuak: kremak, gimnasioak...», azaldu du Oier Azkarraga gazteen ikertzaileak. Bi aldetako estereotipoak, beraz: jokabide okerrekin lotzen dituzte gazteak, baina gazte izaten segitu nahi dute.

Demografiari erreparatuz gero, tokia galtzen ari dira gazteak Euskal Herrian: %14 dira 14-29 urte bitartekoak. Europako Batasunean ez dago herrialderik hori baino portzentaje txikiagoarekin. Baina ez da kopurua bakarrik. Gizartean bertan ere gazteei pisu gutxi ematen zaiela uste du Anduezak, nahiz eta alor batzuetan kontuan hartzen dituzten. «Adibidez, jendeak kezka du gazteok pentsatzen dugunari buruz edo bozkatuko dugunari buruz». Ohartarazi du, hala ere, «oraindik» ez dutela behar adina leku gazteek.

Itxurakeria ere badago, Azkarragaren arabera. Paternalismoa. «Erabakietan gazteek ez dute zeresanik; beti daude gehiago dakitenak. Gazteei txosnak uzten dizkiete, bete beharreko erabakirik hartzen ez dutenak. Aurpegia zuritzeko dira». Adibide bat jarri du instituzioei begira: «Zer adin dute gazteria kontseilariek? Zer pisu dute gobernuan? Askotan, gainera, beste alor asko izaten dituzte sail berean». Orain gutxi udalean izan du horrelako kasu bat: «Galdezka joan, eta ez zekiten nor den gazteria zinegotzia. Guztiek dakite, ordea, hirigintzakoa nor den».

Lekua nola hartu

Askotan nabarmentzen dute gazteek eurek hartu behar dutela tokia gizartean. Horrekin ados dago Andueza: «Lidergo soziala berreskuratu behar dugu gazteok. Gure gurasoek lidergoa izan zuten; trantsizio garaia zen, eta behar zen. Guk ez dugu ahotsa eduki». Horretarako «prest» ikusten ditu gazteak, oro har. Arazoa beste bat da, haren iritziz: «Lidergoa dagoen lekuan guretzat tokia uzten ez badute, zaila da. Gu sartzeko, norbaitek uko egin behar dio espazio hori okupatzeari».

Ez da maiz gertatzen, baina. Esparrurik ez dago gazteek parte hartzeko, Azkarragaren arabera. Horrek gazteen«infantilizazioa» dakarrela uste du, «eta helduek izatea boterea». Edonola ere, gazteak eskatzen dituzte eragile askok. «Ekintzarako nahi dituzte, ordea, ez erabakiak hartzeko».

Gazteak antolatuta ikusten ditu ikertzaileak. «Handia da antolaketa, helduen artean baino handiagoa: kirol taldeak, musikakoak, eragile politikoak...». Areago, herri eragileen artean, gazteenak ikusten ditu indartsuen: «Indar apur bat horiek dute: asanbladek, gaztetxeek... Beste eragile guztiak gain behera doaz, frenorik gabe».

Gakoa da, baina, gazteen antolaketa hori, indar hori nola bideratu. Azkarraga: «Beste eragileak ez dira gazteentzat pentsatuak. Itxiak dira, zurrunak. Gazteek sartzeko zailtasun handia dute».

Gazteentzako politikak

Gazteak aintzat hartzeko bidean, aldarrikapen bat hartu du azken urteetan EGK-k: «Erabakiak hartu baino lehen gu hor egotea, batez ere neurri politikoek guri eragiten digutenean. Gehienetan ez dugu lortzen». Aldaketa batzuk nabaritzen ari direla azaldu du, ordea, Anduezak. Eusko Jaurlaritzarekin izan dituzte harremanak gazteak laneratzeko Lehen Aukera programari buruz. «Beka gisa aurkeztu zuten lehena: hiru hilabeterako, 500 euro kobratuta, kontraturik gabe... Duinak ez ziren baldintzetan». Horren aurka, kanpaina bat egin zuen EGK-k. «Gurekin harremanetan jarri zen Jaurlaritza, eta lortu zen bigarren deialdia askoz duinagoa izatea: sei hilabeterako, kontratuarekin, eta gutxieneko soldata bermatuta».

Aldaketa horiek bistan jarri zuten, ordea, gazteek nolako egoera duten: «Bigarren deialdian ez zuten izena eman enpresek. Ohitu ziren bekadunak izatera, betebeharrik gabe, eta bigarren deialdia ez zitzaien gustatu». Gazte izatea prekaritatearekin lotzea ohikoa baita egungo gizartean, Azkarragak dioenez. «Gaztea da ez duena arazorik egunean ordu askoan lan egiteko, Alemaniara joango dena lanera... Prekaritate hori adin guztietara zabaltzea behar du sistema kapitalistak». Indibidualismoa ere areagotu egin du horrek, ikertzailearen esanetan.

Gazteez mintzatzean, modako hitza ekintzailetza da orain. «Ez da txarra, berez, baina ez da justua soilik gazteei eskatzea, inolako esperientziarik ez dutenei», ohartarazi du Anduezak. «Makila magiko baten gisan aurkezten dituzte ekintzailetza eta atzerrira joatea». Prekaritatea bultzatzea da helburua, Azkarragaren ustez: «Orduak eta orduak sartu, eskubide eta segurtasunik gabe. Gazteek ez molestatzeko formula da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.