Euskal abertzaletasunaren sorrera

Herria nazio bilakatzeko pausoa

Uztailaren 31n 125 urte beteko dira Sabino Aranak EAJ sortu zuenetik; aste osoan erreportaje sorta bat argitaratuko du BERRIAk, nazionalismoaren sorreraz, bilakaeraz eta geroaz.

Sabino Arana bi aldiz egon zen preso bere jarduera politikoagatik. BERRIA
gotzon hermosilla
2020ko uztailaren 28a
11:58
Entzun

 

Ertz askotako pertsona izan zen Sabino Arana Goiri (Abando, Bizkaia, 1865 Sukarrieta, Bizkaia, 1903): kazetaria izan zen, idazlea, historialaria, euskalaria, ideologoa eta politikaria. Ez zuen arlo guztietan asmatu: adibidez, euskararen biziberritzerako berak hautatutako garbizalekeriaren bidea bazter utzita dago gaur egun, eta ezin da esan haren antzerki eta olerkiak euskal literaturaren gailurrak direnik. Zerbaitetan, baina, bete-betean asmatu zuen Aranak: euskaldunen herri izatearen kontzientziari esangura politikoa eman zion —«Euskotarren aberria Euskadi da»—, eta, horrela, euskal abertzaletasun modernoa Europa osoan pil-pilean zeuden nazionalismoen norabidean txertatu zuen. Seguru asko, Aranaren gaur egungo zenbait areriori barkagaitzago zaie hori, oker egin zituen guztiak baino.

Sabino Arana
Sabino Arana. BERRIA

Ekintzailea ere izan zen Arana, eta bere ideiak gauzatzeko tresnak ere asmatu zituen. 1894ko uztailaren 14an, elkarte bat inauguratu zuen Bilboko Posta kalean, Euzkeldun Batzokija izenez, haren bidez abertzaletasunaren ideiak hedatzeko xedez. Alderdi politiko bat sortzea ere bazegoen Aranaren asmoen artean, eta urtebete geroago, 1895eko uztailaren 31n, orain dela 125 urte, elkarte horretako kideek alderdiaren lehenengo zuzendaritza aukeratu zuten, eta ofizialki eratuta geratu zen, Bizkai Buru Batzarra izenpean. Gainerako herrialdeetara hedatu arau, alderdiak Euzko Alderdi Jeltzalea izena hartu zuen, eta BBB Bizkaiko zuzendaritza izendatzeko gelditu zen.

Ez dago informazio askorik bilkura hartaz: Espainiako Gobernua hasia zen euskal abertzaletasunari jazartzen, eta, salaketei itzuri egiteko, isilpean egin zuten batzarra. Zazpi lagun izendatu zituzten alderdi sortu berriaren zuzendaritzako kide: Sabino eta Luis Arana Goiri anaiak, Fabian Ispizua, Elias Lekue, Juan Aranburuzabala, Ziriako Llodio eta Salbador Etxeita. Handik gutxira, abuztuaren 10ean, Arana zigortu zuten Bizkaitarra agerkariko artikulu batengatik, eta 28an lehenengo aldiz espetxeratu zuten. Irailean Euzkeldun Batzokija itxiarazi zuten.

Giroaren eragina

Abertzaletasun politikoaren lehenengo antolakundeak badu jaiotze data, baina haren sustraiak topatzeko atzerago jo behar da. «EAJren sorreran badago Aranaren nortasuna, baina baita giro bat ere», azaldu du Mikel Aizpuru EHUko Historia Garaikideko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak. «Begoñako Larrazabal txakolindegian antolatu zuen otordura [1893ko ekainean] ez ziren solik haren lagunartekoak joan; Bilbo inguruko hainbat pertsona ere joan ziren, kezka bat zutenak, haietako asko Euskal-Erria elkartearen ingurukoak. Aranak berrikuntza ekarri zuen, baina lehenagotik bazegoen giro bat, antolaketa bat, sare bat, gehiago edo gutxiago moldatzen zena ideologia berrira».

Bat dator horretan Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikideko katedraduna. Dioenez, euskal nortasunaren aldeko aldarria XIX. mende osoan aurki daiteke, nahiz eta «leialtasun politiko bikoitza» gailentzen den: «Batzar Nagusietan burujabetzaren aldeko politika nagusitu zen. Eta aginte publikoak sakonak eta zabalak ziren, bereziki finantza publikoen kudeaketan. Baina ez dago independentziaren aldeko mugimendurik; burujabetza partekatuaren bidea zen nagusi, espainiar nazionalismoa bateratzailea zelako».

«Sabino Aranak esan zuen lehenengoz euskaldunek aberri bat badutela, eta aberri hori ez dela Espainia»

Mikel Aizpuru. Historialaria

 

Foruen abolizioak, Batzar Nagusiak bertan behera uzteak eta, finean, euskal burujabetzaren aztarnak Espainiako agintearen arrastora sartu nahi izateak erabat aldatu zuten egoera. Erreakzio gisa, euskal nazionalismoa sortu zen: «Arturo Campionek idatzi zuen, gaztea zenean —beraz, 1870ean—, nazionalismoa, Espainian, bakarra zegoela: Espainiako Estatuarena», azaldu du Agirreazkuenagak, «Euskal Herriko lege eta aginteen defendatzaileak foruzaleak zirelako, baina XX. mendean nazionalista deitu behar ziotela beren buruari, euskaldunen aldeko agintea eta legeak egiteko ahalmena berreskuratzeko».

«Sabino Aranak esan zuen lehenengoz euskaldunek aberri bat badutela, eta aberri hori ez dela Espainia», esan du Aizpuruk. «XV. mendetik hona jende askok esan du hemen herri bat dagoela, lege propioak eta hizkuntza propioa izan dituela, baina pentsatuz nortasun hori bateragarria zela espainol edo frantses izatearekin. Aranak, berriz, zera dio: 'Gu euskotarrak gara, eta, ondorioz, ez gara espainolak'. Hori da berritasun nabarmenena, bere ideologiaren gainerako elementuak, banan-banan hartuta, ez baitira berriak».

Abertzaletasuna Bilbo inguruan sortu zen, eta hori, Aizpururen ustez, nabarmendu beharrekoa da. «Haien erreferentziak gizarte tradizional batekoak ziren, baserri girokoak, baina Bilbon sortu eta garatu zen, eta gaur egun ere EAJren gune nagusia Bilbo da. Eta Bilbon sortzen da, hori delako leku bakarra posible egiten duena foruen galeraren ondoriozko frustrazio sentimendu hori programa politiko bilakatzea. Frustrazio hori badago gainerako herrialdeetan, baina han ez dago gaitasunik frustrazio hori politiko bilakatzeko».

Eta zergatik Bilbo? Aizpururen esanetan, «industriari eta meatzaritzari esker garapen ekonomikoa izan zuelako, eta horren ondorioz izandako aldaketa politiko eta sozialek beharrezkoago egiten zutelako tresna politiko bat sortzea. Beste leku batzuetan, alderdi tradizionalak, adibidez karlistak edo monarkikoak, gai ziren frustrazio hori bideratzeko. Bilbon, hori ez da posible».

Aranaren irudia, Bilbon. Atzean, Sabin Etxea, EAJren egoitza.

 

Aranaren irudia, Bilbon. Atzean, Sabin Etxea, EAJren egoitza. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Dena dela, baldintza sozioekonomikoak ez dira aski nazionalismoaren hedapena azaltzeko: «Bilbotik, ideologia berria beste gune batzuetara zabaldu zen», esan du Aizpuruk, «adibidez, Bermeora eta Barakaldora. Eta zergatik Barakaldora eta ez Sestaora, herri biak elkarren ondoan egonda eta antzeko ezaugarri soziologikoak izanik? Bada, Barakaldon lehenagotik ere bazegoelako gune euskaltzale eta foruzale bat. Ez da nahikoa industrializazioaren eta immigrazioaren aurreko erreakzio bat: behar da sare bat, azpiegitura bat, pertsona batzuk ideia horiekin bat egingo dutenak».

Egitasmoaren garapena

1898ko irailean, Arana Bizkaiko probintzia hauteskundeetara aurkeztu zen Bilboko barrutian, eta diputatu hautatu zuten bera izan zen lehen hautetsi nazionalista, eta hurrengo urtean abertzaleek zenbait zinegotzi eta alkate bat Mundakakoa lortu zituzten udal bozetan. 1902ko maiatzean, Arana berriz espetxeratu zuten. Kartzelan zegoela, historialariek proiektu espainolista deitu dutena lantzeari ekin zion: alderdi berri bat, independentziari uko egingo liokeena eta, beraz, errepresioari izkin egin eta beste sektore batzuekin aliantzak egiteko aukera izango zuena. Espetxetik atera zenean, Aranak ez zuen proiektua garatu, eta tiraderan gordeta gelditu zen, 1903ko azaroan hil zen arte.

Eztabaida eta polemika askoren iturburu izan da Aranaren proiektu espainolista. Agirreazkuenagak Aranaren gutuneria aztertu du, eta uste du hor «argi eta garbi» azaltzen dela zein zen egitasmoaren helburua: «Konturatu zen guztiak ez zeudela errepresioa jasateko gogortuak, eta berak ere ez zion inori sakrifiziorik eragin nahi. Bizitza pertsonalean ere, emaztearekin-eta, ezinegona jasaten ari zen. Eta, bere alderdiko eboluzionisten eskariei entzunez, partidu berri baten oinarriak idazten hasi zen, autonomiaren aldekoa eta espainiar legediaren jokalekuan arituko zena. Baina bera ez zen alderdi berrian sartuko».

«XIX. mendean, arrazaren eta nazioen arabera bereizten ziren populazioak, eta Sabino Aranak berdin egin zuen»

Joseba Agirreazkuenaga. Historialaria

 

Aizpuruk nabarmendu duenez, Aranaren jarduera politikoa bat etorri zen Espainiak Kuba eta Filipinak galtzearekin. Porrot hark espainiar nazionalismoaren erreakzio bortitza ekarri zuen, eta Euskal Herriko eta Kataluniako nazionalismoen kontrako jazarpena gogortzea: «Badirudi ingurumari horretan Aranak pentsatu zuela mezua zabaltzeko beste bide bat aurkeztu behar zutela hain erradikala izan gabe. Kartzelatik proposamen hori egin zuen, baina kartzelatik atera zenean ez zuen ezer egin hori gauzatzeko. Orduan, pentsa dezakegu kartzelatik atera ondoren ideia hori baztertu zuela, edo, hain gaixo egonda, ez zuela indarrik izan garatzeko. Eztabaida hori ez da inoiz argituko».

Agirreazkuenagak azaldu bezala, Aranak, erbestetik oso gaixorik itzuli zenean, Angel Zabala izendatu zuen ordezko gisa alderdia zuzentzeko; «hasierako kide eta adiskidea, eta eboluzionisten aurkakoa». Arana hildakoan, Zabalak eutsi egingo zion 1895ean sortutako alderdiaren jatorrizko izaerari.

Arrazakeriaren orbana

Aranak idatzita utzi zituen adierazpen arrazistek ere zeresan ugari eman dute, eta ematen jarraitzen dute hura hil eta 120 urte geroago. Begien bistakoa da horrelakoak onartezinak direla gaur egungo ikuspegitik begiratuta. Eta hori bezain egia da horrelako adierazpen eta pentsamoldeak guztiz ohikoak zirela XIX. mendean, eta euskal abertzaletasunak aspaldi baztertu zuela arrazakeriaren orbana bere oinarri ideologikoetatik.

Sabino Arana
Sabino Arana. EITB

Aranaren pentsamoldea bere garaian kokatzeko, datu bat: XIX. mendean Espainian esklabismoa legezkoa zen 1837an abolitu zen, baina kolonietan mantendu zuten; Puerto Ricorako 1873an debekatu zen, eta Kubarako, 1886an. Sabino Arana 1865ean jaio zen; horrek esan nahi du, 21 urte bete arte jendea bere azalaren koloreagatik esklabo egitea legezko eta zilegi ikusten zuen estatu batean bizi izan zela. Ez da harritzekoa Aranaren garaikide izan ziren politikari eta pentsalari espainiar askok ere antzeko adierazpen arrazistak egin izana, gaur egun Aranarenek baino oihartzun txikiagoa duten arren.

«Euskal Herrian bazegoen tradizio luze bat, soilik Euskal Herrikoa ez dena: odol garbitasunari garrantzia ematearena», azaldu du Aizpuruk. «Espainian ere tradizio hori bazegoen, eta Aranak hortik edaten du. Beste aldetik, garai hartan mendebaldeko herri guztietan oso hedatuta zegoen gainerako herriak baino gehiago zirela pentsatzea, eta herri horiek zibilizatzeko eskubidea eta beharra ere bazutela sinestea. Alde horretatik, Arana ez da berritzailea: diferentzia da berak teoria hori aplikatzen duela Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko harremanetara, kolonietara aplikatu beharrean». Edonola ere, Aizpuruk argi dauka horrek ez dituela «justifikatzen» Aranaren hainbat adierazpen.

«Guztiok gara geure mendearen eta inguruaren seme edo alaba, eta geure esperientzien ondorengo», azaldu du Agirreazkuenagak, eta gogora ekarri du Bilboko burgesia «bete-betean» egon zela esklaboen salerosketaren negozioan sarturik, eta Espainiaren kolonietan ohikoa zela populazioa jatorriaren arabera sailkatzea. «XIX. mendean populazioak bereizten ziren arrazaren eta nazioen arabera, eta Sabino Aranak ere bereizketak egiten zituen Euskal Herriko populazioan. Bere pentsamendua garaiko teologia katolikoaren doktrinan oinarritzen da; beraz, konparazioak eremu horretan egin behar dira, katoliko eta tradizionalisten esparruan, eta, gero, beste kultura politikoekin parekatu».

Bihar: Nikole Atxikallende, ahaztutako emakumea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.