Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Â
Udazkeneko arratsalde euritsu bat da. Arteako (Bizkaia) Basoa etxea lasai dago. Beheko sua piztua dute, eta haren inguruan eskuak igurzten ari dira Hector Berrios, Zenayda Serrano eta Dalila Argueta. Kafea prest dute, eta katiluetan zerbitzatzen hasi dira. Bazkalostea da. Lehenago, baina, Basoa inguratzen duen basoan eman dute paseo bat, orduantxe ateri baitzegoen. Beren leku kuttunari begira jarri dira hirurak: Arratia ibaiari. Barea du emaria. Eta hotza! «Ohitu gara ja ibaian ez bainatzera; gure ibaian garai honetan epel bainatzeko aukera egon ohi da, baina hemen ez», esan du Serranok. «Baita Guapinol ibaian ere!», erantsi du Arguetak. Bizitzaren defendatzaileak dira hirurak, beren lurren eta uren defendatzaileak. Beren lurretako urek ematen duten bizitzaren alde engaiatu dira hirurak, eta beren borroken aurkako errepresioak eraman ditu urrutira, Arratia ibarrera.
Berriosek eta Serranok zenbait hilabete daramatzate Basoa etxean bizitzen, beren alabekin. Bizitzaren aldeko borrokalariak dira El Salvadorren; Colon departamenduan meatzaritzaren aurkako borrokari eman diote bizitza, eta beren bizitzak babesteko joan behar izan dute beren herritik. Errefuxiatu politikoak dira, iheslariak, baina ez dabiltza ihesean. «Guk ez dugu errealitatetik ihes egiten. Guk eszenatokia aldatu dugu, errealitateari aurre egiteko. Gu ez gara gatazkatik erretiratu; erbesteratuta gaude», azaldu du Berriosek. «Ez gabiltza ihesean: indarra hartzen ari gara, borrokari berrekiteko», nabarmendu du Serranok.
«Guk ez dugu errealitatetik ihes egiten. Guk eszenatokia aldatu dugu, errealitateari aurre egiteko»
HECTOR BERRIOSBizitzaren defendatzailea
Argueta Hondurasko Guapinol ibaiaren abaroan hazia da, izen bera duen komunitatean. Ibaiaren beste aldean eraiki zuten meatzearen aurkako borrokari eman dio bizitza berak ere, eta borrokaren aurkako indarkeria guztiak hori kendu behar zion, bizitza. «Alde egitera derrigortuta nengoen. Hiru hilabetekoa izango zela pentsatzen nuen, baina amaiezina izaten ari da». Urte batzuk daramatza Basoa etxean. «Nik han sartuta segitzen dut: nire energiaren %50 han dago, %20 nire bizitza pertsonalean eta bestea hemen militatzen. Ez gabiltza ihesean, geure bizitza delako, geure lurrari begira gaudelako. Ihes egin nahi bagenu ere, geure buruko mamuek une oro gogorarazten digute zein den gutarren errealitatea: ez dago modurik hango egoeratik ihes egiteko», kontatu du.
Beheko suaren inguruan eseri dira. Kafesneari azukrea botatzen ari dira, eta elkarri begiratu diote. «Nor hasiko da?». «Ea, hasi zuek». «Ados». Kafeari trago bat eman, eta hitza hartu du Berriosek. «Defentsa eta borroka nire bizitza dira. Bizitza osoan egin dut borroka. El Salvadorren gerra zibil bat egon zen, eta askok egin genuen borroka, bizitza defendatzen genuelako: sistema politikoa aldatu nahi genuen, pobrezia aldatu nahi genuen, hilketarik ez izatea...». Serranok hartu dio lekukoa: «Guretzat borroka konstantea da: ez diogu borroka egiteari utzi. Gure lurrek ez dute bakerik lortu, eta ematen du kondenatuta gaudela borrokan bizitzera, gure lurra defendatzen. Gu abokatuak gara, baina abokatu sozialak: komunitateekin egin dugu lan. Nik egiten dakidan gauza bakarra lurra defendatzea da».
Lurraren defentsa
El Salvadorkoak dira biak. Erdialdeko Amerikako herrialde txiki lehor bat da. Apenas duen urik, eta dagoen urriaren %5 baino ez da edangarria; bestea kutsatuta dago. Biztanle asko ditu, eta pobrezia handia. Zera ñabartu du Berriosek: «Ez gara pobreak, pobretu egin gaituzte: gure herrialdeko baliabide naturalak ustiatu dizkigute aspalditik. Daukagun gutxi hori defendatu behar dugu». Horretarako, lurraren defentsaren mugimenduan sartu ziren duela bizpahiru hamarkada: MUFRAS-32 taldean. 2004an meatzaritza esplotazioaren aurkako borrokarekin egin zuten bat.
Herrialde lehor horretako hezeena da Cabañas departamendua. «Eremu horretan ura dago, baina egitura geologiko horregatik, meatzeak ere bertan daude, han baitago urrea. Hori da gatazka». AEBetako eta Kanadako kapitala duen meatze enpresa bat azkar hedatzen hasi zen Cabañas departamenduko San Isidro herrian, eta estraktibismoaren kontrako borroka ere hein berean hasi zen indartzen.
«Segituko dugu borrokan, bizitza eta indarra dugun bitartean. Nik badakit itzuliko garela»
ZENAYDA SERRANOBizitzaren defendatzailea
Eta haien aurkako indarkeria ere bai, Berriosek kontatu duenez: «Enpresak herria bere egin zuen, asko hedatu baitzen. Frogatu genuen meatzaritza enpresen eta alkateen artean lotura handia zegoela. Hori guztia salatzen hasi ginen, eta informazio guztiaren berri ematen; El Salvador mailan antolatzen hasi ginen. Enpresa gure gainera etorri zen: Zenaydari pistola bat jarri zioten buruan, alaba zaharrena bahitzen saiatu ziren, eta 2009an gure etxean sartu ziren, jazarri zitzaizkigun eta geneukan dokumentazio guztia eraman zuten. Sei hilabetean hiru kide torturatu eta hil zituzten. Militante guztiak presio handia jasaten hasi ginen».
Hala ere, borrokak eman zuen bere fruitua, eta meatzaritza debekatzea lortu zuten. 2019an, baina, Nayib Bukelek bozak irabazi zituen, eta presidente izendatu zuten. «Esan zuen nola den posible El Salvadorrek urrea lur azpian izanda hura ezin ustiatzea». Berrekin zioten meatzaritzari, eta baita haren aurkako borrokari ere. «Geure kontra etorri ziren. Ez bakarrik enpresa. Estatua ere bai: gu jarraitzen hasi ziren, tirokatzen... Eta prozesu judizial nahiko zail bat ere martxan jarri zuten. Indarkeria instituzionala ezarri ziguten, Nayib Bukelek giza eskubideen defendatzaileei jazartzeko daukan inteligentzia zerbitzuaren bidez. Horregatik gaude hemen», azaldu du Berriosek. Jazarpenetik ihesi, hiru etxetan ere bizi izan ziren, baina beren kontrako bide judizialari ekin ziotenean, alde egitea besterik ez zuten izan. El Salvadorren martxan duten salbuespenezko egoera dela eta, kartzelara joateko aukera egiazkoa zen.
Lortu zuten ihes egitea, eta Basoan daude orain. «Espazio seguru bat da atseden hartzeko, arnasa hartzeko eta borrokari berrekiteko. Segitzen dugu El Salvadorrentzako lanean, eta kideek han segitzen dute erresistentzian, eta segituko dugu borrokan, bizitza eta indarra dugun bitartean. Nik badakit itzuliko garela», nabarmendu du Serranok.
Indarkeria, egunero
Arteako etxe hartara iritsi zirenean, Argueta izan zen ongietorria egin zietenetako bat. Badaramatza ja urte batzuk Euskal Herrian. Bera Hondurasko Colon departamendukoa da, mendien magalean dagoen txoko batekoa: Guapinol ibaiaren ertzekoa. Izen bera duen komunitatearen parte da; borroka handia egin izan du komunitate hartako nekazarien mugimenduak, ereiteko lurrak lortze aldera, lur jabeen kontra. Gainera, leku estrategiko bat da Ameriketako narkotrafikoan; estatuaren eta kartelen indarkeria eguneroko ogia dute.
2013an, baina, espero gabeko gatazka bat sortu zen. Ibaiaren beste aldean meatze handi bat eraiki zuten, burdina ustiatzeko. «Gure komunitatea beti aritu da borrokatzen lurraren alde, ereiteko lurrak izatearen alde, baina ez dugu inoiz horrelako proiekturik izan. 2018an ibaia zikin jaisten hasi zen, kafesnea baino ilunago». Mendian gora joan ziren enpresa hura ikustera, eta talde armatuek babestuta zegoela ikusi zuten. Ustiatutako mineralak garraiatzeko bidea beren komunitatearen ondoan eraikitzen hasi ziren, eta orduan jabetu ziren zer zetorkien; jakin zuten estatuaren babesa zuela enpresak, gainera. Beraz, horren aurka antolatzen hasi ziren.
«Indarkeria, komunitate baten parte izateagatik: maite duguna defendatzea izan da gure delitua»
DALILA ARGUETA Bizitzaren defendatzailea
«Udaletxea hartu genuen, eta entzunak izatea eskatu genuen. Gainera, meatzea militarizatu egin zuten gure manifestazioen ondotik. Ondoren, hiru hilabetez kanpaleku bat eraiki genuen, eta geure bizitza izan genuen jokoan egunero: iraulki kamioiak ez pasatzeko, erdian jarri ginen. Gure gorputzak jarri genituen, eta ez ginen handik altxatu». Indarkeria izan zuten erantzun gisa: «Atxilotzeko aginduak atera ziren, eta kide asko hil dizkigute: gurutze asko ditut bihotzean. 2019an atera behar izan nuen, jaso nituen mehatxuengatik: nola bortxatuko ninduten, zer egingo zieten nire seme-alabei... Indarkeria mailaz maila handitu zen, eta horraino iritsi nintzen: ez nuen eroskeriarik onartu, ez nuen nire jendea saldu, nire duintasunak ez dauka preziorik. Hori, komunitate baten parte izateagatik: maite duguna defendatzea izan da gure delitua».
Ihes egin behar izan zuen. Zaragozan (Espainia) egin zituen lehen bi urteak. Bi urte gogor: «Dezepzio handia hartu nuen: galduta nengoen. Kolektibo antirrazistan sartu nintzen, eta etxeko langileen mugimenduan ere bai, baita Hondurasko emakumeen taldean ere. Militantzia oso desberdina da hemen: gatazka nagusia zen zeinek irakurriko zuen manifestua! Galduta nengoen, frustratuta, etxera joateko gogoz. ‘Nire jendea hiltzen ari da han, zer ari naiz hemen?’. Min handia ematen zidan galdera horrek. Bost lan nituen, eta lau orduz egiten nuen lo. Seme-alabek jan behar zuten, han fakturak ordaindu behar ziren. Paperik ez izatearen beldurrez...».
Indarkeria instituzionala
Egoerari buelta ematen hasi zen Basoa ezagutu zuenean: haiei esker ekarri ahal izan ditu seme-alabak hona, adibidez. Hala ere, «amesgaiztoek segitzen dute». Indarkeria instituzionala ere jasan du, gainera: «Asiloa eskatzean, galdera hauek egiten zizkidaten: ‘Zergatik ez zenuen han salatu? Zergatik ez zintuen babestu babes mekanismoak?’. Zer babes mekanismo? Estatuari erantzutea zen eta. Zer babes da hori? Nori egingo nion salaketa: presidenteari? Zalantzan jartzen ninduten; amorru handia ematen zidan horrek...».
Antzeko bizipena izan du Serranok beren asiloa eskatzean: «Poliziak esan zidan ezin zidatela salbuespenezko erregimena ezarri El Salvadorren, ez naizelako pandilla bateko kide. 82.000 atxilotu daude El Salvadorren: horiek denak dira pandilla bateko kide? Ez zaie epaiketa bat egiteko aukerarik eman, ezta lehen entzunaldi bat egitekoa ere». «Barne etsaiaren kontzeptua berreskuratzen ari dira: estatu bateko disidente guztien aurka egiten da. Bolivia, Ekuador, Argentina, El Salvador, Honduras... Horietan denetan kontzeptu hori erabiltzen dute erregimenaren aurkakoak garenontzat», erantsi du Berriosek.
Eta orain, zer? Berriosek eta Serranok argi dute itzuliko direla. Arguetak, berriz, ez: «Itzultzeko beldurra dut. Nazionalitatea tramitatzen ari naiz, eta Hondurasko aireportuan sartzen utziko didan pasaporte hori izateko beldurra dut; badakit egoerak berdin segitzen duela. Arriskuak segitzen du, eta nik neure burua ezagutzen dut: borroka kalean badago, kalera joango naiz. Nire jendearekin bat egingo dut, badakit. Zertara joango naiz Hondurasera ezin badut nire ibaia ukitu eta nire jendea besarkatu? Nik maite dut Guapinol, baina badakit ez dela momentua».