UDAKO SERIEA. Korsika (IV). Jean-Guy Talamoni, Corsica Libera taldeko presidentea Korsikako Biltzarrean

«Independentzia lortzeko bidean pentsatua da orain egiten dugun oro»

jon olano
Bastia
2014ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Independentismoaren historia da Talamonirena. Gaztetatik militante, Cuncoltako eta Corsica Nazioneko zuzendaritzetan izan da 1988az geroztik. Abokatua da lanbidez; hizkuntzaz eta politikaz liburu ugari idatzi ditu.

Ia 30 urte daramatza Jean-Guy Talamonik (Saumur, Frantzia, 1960) Korsikako politikako lehen lerroan, eta esperientzia dario hizketan. Argi mintzo da estrategia politikoaren eta militarraren «osagarritasunaren» alde, FLNCk armak uzteko erabakia babestearekin batera.

Nola azaltzen duzu alderdi abertzaleek azken hauteskunde zikloan izandako hazkundea?

Korsikako Biltzarrerako bozak dira hauteskunde nagusiak, zeinek tempoa ematen duten. Aurreko legealdia —2010ean amaitu zen— hondamendia izan zen, lurralde kolektibitatearen buruan UMP zegoelako. Ez zegoen eztabaidatzeko inolako aukerarik; Sarkozyrekin 2003az geroztik erabateko talka zegoen.

2010ean, abertzaleek oro har oso emaitza onak izan genituen, eta autonomistek hazkunde handia izan zuten, batez ere tradizionalki eskuina babestu duten hautesleen aldetik. Guk ere emaitza oso onak izan genituen, zaila baita hobeak lortzea FLNC babestuta eta independentzia nazionalean oinarrituta. Beraz, bi indar abertzaleak kontuan hartuta, botoen %36 inguru lortu ditugu; izugarri da hori.

Zer-nolako harremanak dituzte Corsica Liberak eta Femu a Corsicak?

Politikoki, urriak. Tira, Korsikako Biltzarrean dauden gainerako taldeekin ditugunen parekoak: onak. Ez dago adostasunik, baina agian etorkizunean gerta daiteke akordioa, batez ere FLNCren erabakiak jokaleku politikoa alda dezakeelako.

Bastiako alkatetzan, adibidez, ez da posible izan Corsica Liberaren eta Femu a Corsicaren arteko aliantza. Zergatik?

Porto Vecchion eta Bastian alkatea abertzalea izateko aukera zegoen. Femu a Corsicak aliatu batzuk ditu, eta horiek esan zuten ez zutela Corsica Liberarekin hitzarmenik egingo, gu borroka armatuarekin solidarioak garelako. Eta hori egia da, guk FLNC babesten dugu. Baina Femu a Corsicaren oker politikoa izan zen hori onartzea, bestela aliantzako kideak galduko zituelako. Hala, indarkeria politikoaren gaitzespenaren baldintza ezartzea aukeratu zuten. Guk argi esan dugu beti, eta haiek badakite guk sekula ez dugula baldintza hori beteko. Baldintza hori arnegua da. Ongi deritzogu FLNCk armak uzteari, baina kontrakoa esan izan balu ere ongi irudituko litzaiguke, uste dugulako borroka molde osagarriak daudela.

Independentismoari oraindik asko falta zaio hegemonikoa izateko. Zein da Corsica Liberaren estrategia?

Gaur egun Korsikan ez dago gehiengo bat independentziaren alde, baina bai gehiengo indartsu bat aurrerapen estatutario baten alde, Korsikako Biltzarrak onartutako gaiak biltzen dituena: ondarearen gaineko zerga, egoiliarren estatutua, korsikeraren koofizialtasuna eta Frantziako Konstituzioaren erreforma, besteak beste. Gu orain proposatzen ari garen guztia independentziaren bidean pentsatutakoa da. Adibidez, egoiliarren estatutua herritartasun korsikarraren ernamuina da guretzat.

Frantziako Konstituzioak aldi baterako xedapenak ditu Kaledonia Berriaren independentziarako. Guk estatutu bat onartzeak ez du esan nahi Frantziaren parte izatea onartzen dugunik, baizik eta guretzat estatutu hori ere behin-behinekoa duela. Gakoa da lehen autonomiaren kontra zeudenak garapen estatutario baten alde daudela.

Abertzaleen aldarri historikoak unionistak defendatzen ari dira orain Parisen aurrean.

Guk urteetan defendatu duguna, gutxiengoa izanda, bakarrik defendatu dugu, baina ideia horiek gehiengoarenak dira gaur egun gizartean eta Korsikako biltzarrean; alegia, Frantziako legearen arabera legezko ordezkari direnen artean. Horrek Paris arazo larri baten aurrean jarri du. Talka bat dago.

Egitasmo multzo horretan badaude gauzak egin ditzakegunak eta beste batzuk ezin ditugunak egin. Oso gauza gutxi egin ditzakegu. Hizkuntza, adibidez, ezin dugu guk koofizial egin, legez kanpokoa litzateke. Baina Korsikako Biltzarrak zera egin du: korsikerak koofizial izan behar duela esan. Ez du koofizial izendatu. Gero, interpretazioa ezberdina da: Giacobbik [Korsikako Batzorde Exekutiboko presidenteak] dio: «Parisek hau egin behar du». Eta guk ulertzen dugu: «Korsikak hau erabaki du». Neurri horiek ezarriz gero, Frantziako legeriaren arabera, argi dago eztabaida juridikoan epaitegiek prefetari emango diotela arrazoia, baina politikoki Parisena da arazoa. Nik, abokatu gisa, nahiago nuke arazo juridiko bat izan politikoa baino, arazo politikoak askoz handiagoak baitira.

Parisena da arazo politikoa, baina saihestu al ditzake Korsikak Frantziaren debekuak?

Egoiliarren estatutua mezu politiko bat da eroslearentzat. Biltzarrak ezin du estatutua ezarri; baina, adibidez, udal batek erabaki du «bere esku dagoen guztia» egitea biltzarrak erabakitakoa ezartzeko. Egia da formula gisa anbiguoa dela, baina mezua zera da: «Alkatea, udalbatza eta gizartea aurka dituzu. Bigarren etxebizitza erosi nahi baduzu, zorte on». Jende askok ez erostea erabakiko du, udalaren aldetik areriotasuna nabari badu. Berdin gertatzen da hizkuntzarekin. Biltzarrak erabaki dezake, esaterako, osoko bilkuraren lehen ordua soilik korsikeraz egitea. Prefetak debekatu egingo du, baina zer egingo du, Polizia bidali korsikeraz egin ez dezagun? Alegia, badaude gaur egun egin ditzakegun urratsak ere.

Nola irudikatzen duzu datozen hilabeteetako bilakaera politikoa?

Nire ustez, lanean jarraituko dugu arkitektura instituzionalaren garapenean, eta hizkuntzaren koofizialtasunean eta egoiliarren estatutuan blokeo bat egongo da. Guretzat funtsezkoa da Korsikako Biltzarraren batasuna, izan autonomistak, independentistak, giacobbistak edo Frantziaren aldekoak. Ziur aski, FLNCk, armak uztea erabakitzeko, pentsatu du kohesio hori arma eraginkor bat dela Parisen kontra.

FLNCren erabakia dela eta, zein izan daiteke Parisen erreakzioa? Armagabetzea erraztea edo oztopoak jartzea?

Horixe da hautua: baketzearen edo okerraren politika. Erresuma Batuan, Ipar Irlandako prozesuan, akordio bat egin zuten Londresen irtenbide baten alde. Gero, Espainiaren eta Euskal Herriaren adibidea dugu. Frantzian, ikusiko dugu; Hollandek oraindik ez du ezer esan, eta, nire ustez, arazoaren beldur da. Izan ere, sozialistek uste dute Lionel Jospinek 1999-2002ko prozesuaren ondorioz galdu zuela presidentetza. Sozialistek uste dute Korsikarekin asko dutela galtzeko eta gutxi irabazteko.

Zer betekizun dute presoek gatazkaren konponbidean?

Dozenaka dira presoak, eta guretzat ez dago irtenbide politikorik presoen eta iheslarien afera kontuan izan gabe. Gaitzespenaren baldintza ez onartzea bezain argi dugu hori.

Espero duzu FLNCren erabakiak eragina izatea Corsica Liberaren babes sozialean?

Posible da. 2015ean dira Korsikako Biltzarrerako hauteskundeak, eta ezin da baztertu hemen ere gertatzea Irlandan Sinn Feinekin eta Euskal Herrian Bildurekin gertatutakoa. Nolanahi ere, guretzat garrantzitsua da estrategia koherente bat izatea, FLNC egonda ere: hari esker zabaldu zen berriro Cortiko unibertsitatea, babestu da kostaldea... beraz, argi diot: borroka armatuak ahalbidetu du hori guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.