UDAKO SERIEA. Ezkerra Latinoamerikan (IV). Kolonbia.

Kolonbiako ezkerra, agintean

Iragan ekainaren 19an, historian lehen aldiz, ezkerrak irabazi zituen bozak. Orain, Petro presidente eta Marquez presidenteorde hautatuek oposizio amorratu eta zatitu bati aurre egin beharko diote.

Petro eta Marquez, hauteskundeetako garaipena ospatzen. M. DUEÑAS CASTANEDA / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ekainaren 19an, kolonbiarrek goitik behera aldatu zuten beren historiaren bidea: lehen aldiz, ezkerrak irabazi zuen hauteskundeetan. Espero zen baino aiseago irabazi ere, nahiz eta hiru punturen aldea besterik ez zen izan bi hautagaien artean: botoen %50,44 bildu zituen Gustavo Petrok, eta %47,34 Rodolfo Hernandezek. Gainera, mende honetako parte hartzerik handieneko hauteskundeetan iritsi da presidentetzara Itun Historikoa alderdiko hautagaia: bozkatzeko eskubidea zuten 39 milioi biztanleetatik, %58 joan ziren bozkalekuetara. Petrok eta Marquezek oposizio amorratu —baina zatitu— bati aurre egin beharko diote orain: beti-betidanik boterean egon den oposizio bat da, eta horren araberako egitura instituzional bat daukana.

Kongresuan, aldeko asko ditu Petrok, baina gehiengoak ez ditu segurtatuak. 2016an Habanako Bake Akordioak sinatu izanak eta 2019an, 2020an eta 2021ean gazteek bizi baldintzak hobetzearen alde modu masiboan protesta egin izanak aldaketa eragin du, eta horri esker irabazi du orain gobernu nabarmen progresista batek. CEPALen arabera, Kolonbian dago eskualde hartako desberdinkeriarik handiena, eta pandemiak larritu baizik ez du egin hori. 50 milioi kolonbiarretatik, %39 pobreak dira, %11 lanik gabe daude, eta %45 legez arautu gabeko lanbideetan ari dira.

Historian, bi aldiz izan du Kolonbiak ezkerrerantz jotzeko aukera. Batean, Eliecer Gaitanen bitartez: herriaren buruzagi esaten zioten, baina 1948an hil zuten, presidente izateko aukera zuela. Beste aukera, berriz, 1970eko apirilaren 19an izan zen: Herri Aliantza Nazionalak irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak, baina bozetan iruzurra izan zela salatu zuten batzuek. Hain justu hauteskunde iruzurrari erantzuteko sortu zen Apirilaren 19ko Mugimendua izeneko gerrilla, gerora Petro kide izan zuena.

Petro gerrillari izan zen, bai, baina gauza gehiago ere bai: Kolonbiako armadak torturatu egin zuen; kartzelan izan zen; lehen bake akordioan parte hartu zuen; kongresukide egin zen; narkotrafikoak klase politikoarekin duen harremana eta funtzionario publikoen ustelkeria salatu zituen; Hugo Chavezen lagun egin zen; Uriberi aurre egin zion, hura bere ospe onaren gailurrean zegoela; Bogotako alkate izan zen; eta presidentetzarako bi hauteskunde galdu zituen, hirugarrenean garaile atera aurretik.

Marquez, berriz, kasu berezia da: beren pisu sinbolikoa dela-eta jende guztiaren begirada erakartzen duten presidenteorde horietako bat. Afrikarren ondorengoen komunitateen eta giza eskubideen defendatzailea da, ingurumen arloko ekintzailea, eta feminista; esaten du «jendeak zilborra ereinda» daukala bere lurraldean, komunitatean jaiotzen diren guztien zilbor hestea lurperatu egiten dutelako, sustraitu dadin. «Herri xeheko emakumeon ordezkari duina da Marquez, eta borroka sozialei estu lotua dago», esan du FARCeko gerrillari izandako senatari batek, Sandra Ramirezek. «Sortu zen lekuan sortu zela eta, are konpromiso handiagoa du ordezkari horixe izateko. Aldaketa prozesu honetan guztian, funtsezkoa da emakumeen eta gazteen eginkizuna». Marquez, Petro bezalaxe, oparo ibilia da lurraren aldeko borrokan.

Gobernuak, ordea, desafio handiak izango ditu: besteak beste, narkotrafikoa eta hark berekin dakarren indarkeria, eta botere ikaragarriko sektore batzuen erresistentziari gaina hartu beharra. «Hala Itun Historikoa alderdikook nola Komunen Alderdikook —akordioak sinatu zituzten hamar kongresukideen ordezkari gara— aliantzak egin beharko ditugu, bai akordioa gauzatzeko eta bai hura betearazteko arau esparru bat ezartzeko».

Estatua sendotzea

Gobernu berriak, horrez gainera, asmoa du estatua sendotzeko, osasun eta pentsio sistema moldatzeko, Venezuelarekiko harremanei berriz ekiteko, eta ELNrekin hitz egiten hasteko —Kolonbiako azken gerrillatzat jotzen da ELN—. Eta hartu zituen konpromisoetako batzuk baino ez dira horiek. Gainerakoan, kanpainan Petro notario aurrean engaiatu zen ondasunik ez desjabetzera, eta ziurtatu zuen ez zuela konstituzioa moldatuko berriz hautatua izateko modua edukitzeko.

Ingurumenaren eta trantsizio energetikoaren auziari heltzea ere bada kanpainako promes nagusietako bat. Garaipena ospatzeko diskurtsoan, Petrok behin baino gehiagotan ekarri zuen mintzagai hori; hauek aipatu zituen: «Bakea, justizia soziala, ingurumen justizia, eta Latinoamerikako progresisten arteko elkarrizketaren buru izatea, inor baztertu gabe, erregai fosilak uzteko; bidea aldatzea, gizadia salbatzeko». Eta zera erantsi zuen: «Lehengo ekonomia estraktibista alde batera utzi [...] eta ingurumena zainduko duen ekonomia kolaboratibo batean hasi behar dugu».

Petroren bideak eskualdeko progresismoen agendaren paradigma alda lezake, zeren besteek sekula ez baitute agenda argi eta espliziturik izan gai horien inguruan. Hauteskundeak irabazi ondorengo diskurtsoan, hau ere esan zuen Petrok: «Hona hemen proposamen bat Latinoamerikako progresismoarentzat: aurrerantzean petrolioa, ikatza eta gasa oinarritzat ez hartzea justizia soziala, aberastasunaren banaketa eta etorkizun jasangarri bat nola lortu pentsatzeko orduan».

Enrique Vialek eta Maristella Svampak dioten bezala: «Itun Historikoaren gobernuaren programako proposamenetako batean, trantsizio mailakatu eta bidezko bat egiteko proposamenean, jasoa dago babesa emango dietela gaur egun erregai fosilen erauzketaren menpe dauden ekonomia eta lan sektoreei —Kolonbiako esportazioen %35 dira—».

Horrek berekin dakar, energiaren matrizea aldatzea ez ezik, aukera izatea ere Kolonbiako dibertsifikazioa eta deskontzentrazio ekonomikoa sustatzeko. Vialek eta Svampak orobat diote Petro ez dela bakarrik egongo bide horretan, Boric ere «bigarren belaunaldiko progresismo baterantz» doalako Txilen. Horrek argi eta garbi bereizten ditu Petro eta Boric «progresismo errefraktario» direlakoetatik, halakoei ez baitzaie interesatzen ingurumen eta gizarte agenda zabaltzea. «Gobernu honek abuztuaren 7an ekingo dio agintaldiari, eta aldatu egingo du Latinoamerikako estatuek elkarrekin erlazionatzeko duten modua», azaldu du Ramirezek. «Ez baitu proposatzen bakea eta justizia soziala soilik integratzea, baizik eta baita ingurumen justizia ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.