Erdi Aroko doinu meheen eta apalen artean burrunba erritmiko markatuak sortzen ditu zarrabeteak. Eskuineko eskuarekin klabiera zapatu eta aldi berean ezkerreko eskuarekin zurezko errota itzulikatzen du Caroline Phillipsek (Oakland, Kalifornia, AEB, 1964) zarrabetea esku artean duela. Parisen maitemindu zen «ezohiko» tresna horretaz, eta detaile hori nabarmendu nahi izan du zarrabetea ez ezik han ezagutu zuelako senarra ere, Mixel Ducau.
Piano jolea izateko trebatu bazen ere, perkusio jole «frustratua» da Phillips. Beraz, zarrabetea tresna egokia zaio, pianoaren eta perkusioaren arteko batuketa baita. «Pianoan ez nuen anitz gozatzen, iruditzen baitzitzaidan bariaziorik gabeko plastiko zati bat jotzen nuela. Eta, egia errateko, pianoa jo nahi nuen, baina perkusioa ere bai, eta zarrabeteak biak baditu».
Bariazioa eta kolorea dira zarrabete jolearen ardatz nagusiak. Bi horiek lortzeko, musikari bakoitzak bere instrumentua sentitu behar du, jotzen duen pieza bakoitza ahal bezain ongi transmititzeko. Musikariaren, entzulearen eta tresnaren arteko harremana eraikiz emozioa transmititzeko xedea du musikari orok , Philippsen aburuz, eta, horregatik, musikari bakoitzak «ongi» hautatu behar du zer tresna jo. «Gorputzaren kontra sentitzeko moduko tresna bat nahi nuen nik, partiturarik gabe jotzeko eta belarritik ahalik eta hurbilen izateko».
Biradera, klabiera, hariak
Belarria zorroztua behar da zarrabetea doitzeko. Erdi Aroko tresna horrek hezurdura konplexua du: biradera bat ezkerrean, haren aitzinean errota bat eta bazter bakoitzean bi hari tiran, bakoitza kotoi puska batekin jantzia. Bertzalde, klabierari loturiko kutxa bat dago, hariz betea. Izan ere, biradera itzultzean, errotak bazterreko lau hariak torratzen ditu, eta tresnaren berezko soinua sortzen da: burrunba. Aldaezina da tresnaren oinarrizko soinu hori. Burrunbari «erliebea» emateko, hariak manipulatu behar dira. «Bat kendu, beste bat gehitu, bat baztertu eta bestea egokitu». Ekoizturikoari gorputza eman nahi izatera, berriz, zarrabete joleak orotariko jotzeko manerez jabetu behar du, transmititu nahi duen emozioaren arabera.

Bertzalde, burrunba ez da zarrabetetik ateratzen den soinu bakarra. Nahiz eta burrunba gelditu gabea den, erdiko klabierak melodia ekartzen dio. «Begira, piano batean bezala da: do, re, mi, fa, sol, la, si do!» erakutsi du, klabier gainean eriak trebe.
Erraza badirudi ere biradera erabili eta teklak jotzeak, tresnak bere «kapritxoak» ditu. Hezetasunak «anitz» eragiten dio, eta zuraren eta hezetasunaren arteko harreman gatazkatsuak baldintzatzen du musika jolea. «Eguraldiak anitz eragiten dio zarrabeteari, eta hezetasunak tresna mugiarazten du. Ondorioz, zura etengabe-etengabe mugitzen den heinean, nik ere egokitu behar izaten dut: kotoiak aldatu, limatu eta idortu. Eta gainera, behar delarik, produktu batekin idortzen ditut tresnaren barnak».
«Pianoan ez nuen anitz gozatzen, iruditzen baitzitzaidan bariaziorik gabeko plastiko zati bat jotzen nuela. Eta, egia errateko, pianoa jo nahi nuen, baina perkusioa ere bai, eta zarrabeteak biak baditu»
Bere burua lotsagabetzat dauka Phillipsek, eta zarrabetea ere bai, tresna horrek «desobeditzen» baitu maiz, eta egokitzapen franko behar ditu, gainera. «Kasik denbora gehiago pasatzen dut egokitzapenak egiten jotzen baino». Doikuntza guziak eginik ere, zarrabete bakoitza «mundu bat» da, haren irudiko. Egur, hari eta klabier motak arrunt desberdinak izan daitezke zarrabetearen arabera. Tresna batetik bertzera alde handiak izan daitezke, zarrabete jole bat bereaz bertzelako bat ezin joz ibiltzerainokoak. «Nekez jo dezaket beste zarrabete bat, eta jotzekotan, denbora anitz hartu beharko nuke egokitzeko, eta luzaz doikuntzak egin».
Ikasketa «zaila»
Zarrabetea instrumentu zaila da jotzeko, eta, gainera, izaten da bertze komeriarik ikasketa prozesuan. Musikaren munduan ez denez halako tresna anitz ikusten, ez da erraza zarrabete klaseak atzematea. «Tronpeta jo nahi baduzu, klaseak badira kontserbatorioan, eta gainera, tronpeta erosteko dendak ere badira».Â
Zarrabetea arrabita egile bati eginarazi ondoan, Landesetara joan zen lehen klaseak hartzera. «Irmotasun handiko» irakasle bat izan zuen, eta zarrabete «zaharkitu» batekin ibili zen oinarrizkoak ikasten: gako handiak zituen eta zarrabete egin berri bati konparaturik, «beste gisa batez» funtzionatzen zuen.
«Ikasketarik gabe egin dut parterik handiena, nihaur zarrabetearekin tematuz behin baino gehiagotan»
Deserosotasunak tarteko, irakasle horren klaseak utzi, eta Bordelera joan zen Philipps. Hiruzpalau eguneko hainbat ikastaro egin zituen, eta, zarrabetearen munduan sartuz, oinarri sendoa izatea lortu zuen. Ondotik, Landesetara itzuli zen, musika eskola batean «egiazko» klaseak hartzeko.Â
Hala ere, erran du bere burua izan duela irakaslerik handiena. Bakarrik eta tresna ahalik eta ongien menperatu nahian, oren «anitz» pasatu ditu zarrabetearekin. Orenak ez ditu kontatu ahal izan, baina urteak, aldiz, bai: bost urte izan behar ditu Phillipsek tresna ontsa menperatzeko. «Ikasketarik gabe egin dut parterik handiena, nihaur zarrabetearekin tematuz behin baino gehiagotan».
Zarrabetea bidaian
Bidaia taldeak euskal doinuak eta mundu zabalekoak nahasten ditu. 1994an sortu zuten, eta 2001ean sartu zuten lehen aldikotz zarrabetea taldean. Luzaz, musika tradizionalarekin lotua izan da zarrabetea, eta konposizio «arras guti» egin dira, errepertorio tradizional handia baitu. Gauza bera etengabe jo ordez, inertziak irauli, eta zarrabetearekin jotzeko konposizioak sortu ditu Philippsek, Ducaurekin batera. «Mixelek zerbait konposatzen dit gitarrarekin, eta ni saiatzen naiz zarrabetearekin zerbait egiten».
Estudioan landurikoak oholtza gainera eramatea ez zaio beti erraza izan. 2003 eta 2004 artean, Bidaia taldearekin lehen bira egitean, entzuleak ez zuen bereziki ongi hartu Erdi Aroko tresna horren eta albokaren arteko nahasketa. «Zarrabetea jo aitzin, pianoa jotzen aritzen nintzen, eta anitzek leporatu ziguten gure estiloa aldatu izana».
«Zarrabetea jo aitzin, pianoa jotzen aritzen nitzen, eta anitzek leporatu ziguten gure estiloa aldatu izana»
Gaur egun, halere, jendeari kuriositatea sortzen dio zarrabeteak, eta Philippsek tresna erabiltzen segitzeko apustua egin du, oro har. Instrumentu aberatsa iruditzen zaio, eta, gainera, albokarekin «biziki ontsa» ezkontzen da, haren hitzetan. «Enetzat kolore anitz ekartzen dio musikari, kordaz beteriko orkestra batek bezala». Baina, konposizioak karrikaratzeko denboran, trabak ere sor ditzake zarrabeteak. Albokarekin bezalaxe, «tonuaren dolua» egin behar da, eta akorde bakoitza ahal bezala zuzendu. «Sol akordea nahi badut ere, baliteke do izatea burrunba egiterakoan, eta hori onartu behar da: tresna ez da perfektua».
Anitzek zarrabetea zaharkituegia atzematen badute ere, Philippsek jendea gehiagotan ikusi nahi luke dantzan zarrabetearen doinuan. XVIII. mendean agertu zen lehen aldikotz zarrabete hitza euskal literaturan, Pedro Barrutiaren Gabonetako ikuskizunean (1715). Garai hartako xede bera du Philippsek, eta beraz, orduan bezalaxe, «zerrebeta jo bidi emon daiztan salto bi».Â
carolinE philippsen zarrabetea
Bi zarrabete ukan ditu Philippsek gaur artean. Lehena Denis Siorat arrabita egileari eginarazi zion, Bretainian. Duela urte batzuk, hura saldu eta gaur egungoa manatu zion Philippe Mousnier Dordoinako (Frantzia) arrabita egileari.Â
Haren ustez, zarrabetearen inguruko mundua «hetsia» da. Errepertorio tradizionala jotzen dute zarrabete jotzaile gehienek, eta, gainera, gizonak dira nagusiki. Beraz, harrotasun pixka batekin nabarmendu du berak dakiela Euskal Herrian ez dela emakumezko bertze zarrabete jotzailerik, ezta tresna horrekin konposizioak jotzen dituenik ere.Â
Orain duen zarrabetea handiegi du Philippsek, eta berri bat eginarazi dio Sopuertako (Bizkaia) Berroeta arrabita egileari. Posible denez urteak ematea tresna egiten, Philippsek pazientziaz eta mimo handiz beteko du eginbeharra. «Nire neurrira eginen dit tresna. Zur mota, harien materiala eta teklak hautatu berri ditut. Orain, pazientzia beharko dut: hori da zailena».