Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Eguraldia beti da aldakor Ozeta aldean (Araba). Elgeako mendikateak bi klima mota bereizten ditu zona hartan: Atlantikoa alde batean, Mediterraneoa bestean. Haritza, pagoa eta garoa hazten dira batean; ametza (haritz txikia), erromeroa eta ezkaia bestean. Eta klima ezberdinen talkak naturan eragiten duen ekosistema aberatsak nola, sormenak bor-bor egiten du Ozetako Garaion Sorgingunea espazioan. «Hemen Gorbeiako haizeak oso zakar jotzen du askotan, eta, noski, sortzeko espazio bati haizeak nondik jotzen dion, sormena ere aldatu egiten da». Amaia Gabilondo Jauregi Garaion espazioaren sortzaileetako baten hitzak dira horiek. 2008tik da han lanean, sorkuntzari, hizkuntzari, naturari eta kulturari emana.
Barrundia udalerrian dago Garaion espazioa, garai batean herri izandako Kotaza auzoan, naturak inguratua. Arbasoek utzitako ondaretik eraiki zuten gunea, eta oraindik ere historia bizi da bertan. Duela 60 urte baino gehiago urtegiko urak estali arte Garaio herriraino iristeko igaro behar zen bidean, XVI. mendeko dorretxe bat ageri da. Nafarroako erreginaren alde borrokatu ziren eskualdean, eta, gerraren bortizkeriaren ondorioz, goiko solairua falta du dorretxeak: «Moztu egin ziguten, baina burua altxatzen ari gara berriro, poliki-poliki».
Gabilondoren metaforak ongi laburbiltzen du zein den han sortutako espazioaren filosofia: euskarazko sorkuntza artistikoa sustatzea dute helburu nagusi, baina, horrekin batera, naturarekiko harremana sendotu, euskara bultzatu eta ondare soziala balioetsi nahi dute —bereziki lanbide zaharrak gaur egunera ekarrita—. «Lazarragak hemen idazten zuen. Guretzat, hizkuntza, sorkuntza eta memoria elkarrekin doaz, eta hona etorri gara hori dena gogoraraztera, ahaztua izan ez dadin».
«Argi genuen euskal kulturak behar zituela sortzeko espazioak eta euskaraz bizitzeko guneak, eta hori dena pizteko etorri ginen»
AMAIA GABILONDO JAUREGI Garaion Sorginguneko arduraduna
Auzolana oinarri, erabat utzita zeuden behitegia, etxaldea eta dorretxea berreraiki, eta kulturgune bilakatu zuten 2008an. Hori baino lehen, 1994an, Mondragon Korporazioko Erkoop kooperatibak espazioa erabiltzeko aukera eman zion Arrasateko (Gipuzkoa) Txatxilipurdi elkarteari; trukean, sormen jardueren bidez gazteen artean euskara sustatzeko ardura izango zuen proiektuak. 2006an hasi zen gaur egun duen tankera hartzen, Gabilondoren eta beste lagun batzuen lanari esker. «Argi genuen euskal kulturak behar zituela sortzeko espazioak eta euskaraz bizitzeko guneak, eta hori dena pizteko etorri ginen».

Gabilondorekin batera, Miren Beitia Arriola, Julia Lopez Fernandez eta Alazne Goñi Muriel dira Garaion espazioaren arduradunak. Artistei lan egiteko eta bizitzeko espazioa eskaintzen diete, eta hasi berri diren gazteen proiektuak gertutik jarraitzen dituzte, ekoizpen, komunikazio, banaketa eta finantzaketa arloetan aholkularitza emanez.
Baina ez hori bakarrik: galtzear dauden ofizio zaharrak berreskuratu eta eguneratzeko lanean ari dira han— otarregintzan eta artilegintzan, kasurako—, eta, horri lotuta, haurrekin udalekuak, ikastaroak, tailerrak eta bestelako proiektuak ere garatzen dituzte. Hain zuzen ere, tailer horien bitartez zume biziarekin egin diren egitura eta eskulturengatik ere egin da ezagun Garaion. Ikusgarrienak, zalantzarik gabe, sarreran eraiki dituztenak dira: 250 metro dituen labirinto bat, Cuencatik (Espainia) ekarritako 10.000 zume bizirekin eraikia —Umetoki deitzen diote—, eta kiribildutako suge erraldoi bat.
Askotariko egonaldi artistikoak
Dorretxeak, lastategiak eta ondoko etxe batek osatzen dute Garaion espazioa. Urteen joan-etorriarekin —eta auzolanaren bitartez— berritu, atondu eta egokitu dituzte hiru guneak, sormenari lotutako proiektu zehatzak han garatu daitezen. Denera, 600 metro koadroko espazioa da, 5.000 metro koadroko naturgune eder batek inguratuta. Sortzaileentzako aterpe moduko bat da, eta haientzako «arnasgune» baten gisara funtzionatzen du, Beitiak azaldu duenez.
Lastategiak 250 metro koadro inguru eta sei metroko altuera ditu, eta gune handiena da. Zirkurako egokitua dago, eta antzoki baten funtzioa betetzen du; han egiten dituzte sorkuntza artistikoetarako egoitzak. Antzokiaren ondoan, 50 metro koadroko beste lau espazio dituzte, sortzeko, ikertzeko, biltzeko edo kozinatzeko. Urtero, 150-180 artista inguru igarotzen dira bertatik, eta, batez beste, 30-40 proiektu lantzen dituzte. Sormen eszenikoen inguruan antolatzen diren egonaldiak dira ohikoenak, baina zirkuak, arte plastikoek, literaturak eta elikadura jasangarriarekin lotutako proiektuek ere badute lekua.

Sormen prozesuak, gehienetan, kolektiboak izaten direla azaldu du Gabilondok: «Lehen, oro har, testua idatzita ekartzen zen, baina orain inprobisaziotik edo elkarlan batetik abiatzen dira lanak. Gorputza mugitu, inprobisatu, elkarrekin sortu... Hori da gero eta gehiago gertatzen dena». Gainera, han proiektu jakin bakoitzerako baliabideak eskaintzen dizkiete sortzaileei, eta haien behar eta eskaerei ahalik eta gehien egokitzen saiatzen dira.
Garaion ez da espazio itxi bat; ez da soilik artistentzako laborategi bat. Aitzitik, sormenari ateak beti zabalik dituen gune bat da, zentzurik zabalenean. Izan ere, sarritan gertuko herritarrek ere parte hartzen dute bertan sortzen diren proiektuetan, eta, hala, «komunitatearen» ideian sakontzen dute. 120 lagunentzako lekua du antzokiak, eta hara sortzera doazen artistek entsegu irekiak egiten dituztenean, publiko modura egoten dira herriko gaztetxoak, aitona-amonak eta beste asko, eta interakzio oso «aberasgarria» sortzen da bi aldeen artean, Gabilondoren arabera: «Sortzaileentzat askotan osagarria izaten da hemen entzuten dutena. Oso polita da».
Sorgingune deitzen diote sormen espazioari. «Okina ogia egiten duena bada, hona sortzera datorrena sorgina da». Eta sorgin gazte zein beteranoak joan ohi dira Garaionera euren sorkuntza prozesuak garatzera. Euskal Herrikoak izaten dira ia gehienak, eta arabarrak asko. Izan ere, Euskal Herrian nekez ikusarazten da Arabako sortzaileen lana, eta hura bistaratzea dute lehentasunen artean; batez ere, emakume sortzaileak ezagutaraztea, Gabilondok kontatu duenez. Horretarako, besteak beste, elkarlanean aritzen dira Gasteizko Baratzarekin eta Lasierrako (Araba) Azala espazioarekin, herrialdeko proiektuak aurrera ateratzeko.
«Lehen, oro har, testua idatzita ekartzen zen, baina orain inprobisaziotik edo elkarlan batetik abiatzen dira lanak. Gorputza mugitu, inprobisatu, elkarrekin sortu... Hori da gero eta gehiago gertatzen dena»
AMAIA GABILONDO JAUREGI Garaion Sorginguneko arduraduna
Antzerki eta dantza konpainiak, zirkulariak, idazleak, musikariak, artista plastikoak... Luzea eta askotarikoa da Garaionen egonaldi artistikoak egin dituztenen zerrenda. Arte eszenikoei dagokienez, adibidez, Miñan antzezlanaren entsegu batzuk egin zituzten han Artedrama kolektibokoek, Ivanka obra landu zuten Piszifaktoria konpainiakoek, Zeozertan dabil baina ez dakit zertan lana garatu Metrokoadroka taldekoek, eta Ondoko gelan antzezlana sortu zuten Les Bobe Bobes konpainiakoek. Idazleen artean, besteak beste Maddi Goikoetxeak eta Danele Sarriugartek hainbat lan idazteko aukeratu dute Ozetako espazioa; musikan, Skabidean-ek eta Ines Osinagak baliatu dituzte bertako guneak kantak sortzeko; eta arte plastikoetan, Elena Solatxi artistak buztinezko buru erraldoi bat egin du bertako jolas parkean. Horietako asko eta asko proiektu berriak garatzeko asmoz bueltatuko dira urte amaieran Garaionera.
«Artistei harrera egin eta etxean bezala sentiarazten saiatzen gara», esplikatu du Gabilondok, aterpe gisa erabiltzen den Erdi Aroko dorretxearen egongela, komunak eta egongelak erakusten dituen bitartean. «Euren lanak ongi egin ahal izateko baliabideak eskura jartzen dizkiegu, eta programatzaileekin eta instituzioekin landu beharreko harremanak bideratzen saiatzen gara», jarraitu du azaltzen. Halaber, Barrundiako biztanleekin, bertako eskola txikiko hezkuntza komunitatearekin edota jatorri atzerritarreko herritarrekiko elkarbizitza eta elkarren ezagutza bultatzeko jarduerak ere egiten dituzte.
Artisten ziurgabetasuna kezka
Komunitate, sare eta asmo kolektibo baten isla da Garaion, baina oraindik ere erronka franko ditu. Euskaraz sortzen duten artista guztien antzera, «ziurgabetasunetik ateratzea» dute helburu nagusi. «Betidanik bizi gara horrela, urtea amaituko ote dugun jakin gabe. Ohitu egin gara, baina ez genuke ohitu behar», kexu da Gabilondo. Kultur sektorean eta, bereziki, euskarazko sorkuntzan, egoera horrek «zaurgarri» uzten ditu eragileak, bere ustez.

Laguntzak badaude, baina euskal sortzaileak «prekaritatetik» ateratzeko ez da aski babes, Gabilondoren iritziz. Eta espaziorik gabe, sortzeko aukerarik ez dago. Ziurgabetasun horrek kezkatzen du Garaion espazioko arduraduna: «Euskal kulturaren alde hitz egiten dugu, baina sortzaileei ez zaie lan baldintza duinik eskaintzen. Nola nahi dugu gure artistak egotea? Baliabiderik gabe? Eskubiderik gabe? Lan baldintza duinik gabe? Noiz arte egon behar dute horrela gure sortzaileek?».
«Euskal kulturaren alde hitz egiten dugu, baina sortzaileei ez zaie lan baldintza duinik eskaintzen. Nola nahi dugu gure artistak egotea? Baliabiderik gabe? Eskubiderik gabe?»
AMAIA GABILONDO JAUREGI Garaion Sorginguneko arduraduna
Garaionera doanak «arnasgune» bat topatuko du, baita bizitza eta gizarte eredu bat birpentsatzeko gune bat ere. «Gaur egungo gaitzik handiena da dena azkar eta korrika egin nahi dugula. Baina zertarako?», gogoeta egin du Gabilondok. Bizitzari beste erritmo batekin heltzeko gonbita ere bada espazioa: sentimendutik, pentsamendutik eta esperimentaziotik abiatuta beste bizimodu bat posible dela sinisten dutelako. «Bihotza jartzen bada, beste mundu bat sor daiteke. Eta hori lortzea gure esku dago».