
Maleta desegin gabe, dutxa hotz eta azkar baten ostean, behingoz ohean etzan naizenean egin du dar-dar mugikorrak. Eskua luzatu eta Egipto Family dioen talde batean sartu berri nautela ikusi dut. Neure buruari tiro bat jo nahi nioke, baina nekatuegi nago.
Erlojuari begiratu eta ia hamar ordu lo egin ditudala konturatu naiz, gutxi iruditu zaizkit hala ere. Begiak ireki ahala, hotzikara batek hartu nau Egipto Family pentsatuta. Zer tontakeria, kafea hartu bezain pronto taldetik aterako naiz, total, litekeena (eta espero dudana) da jende hori sekula gehiago ez ikustea. 78 mezu daude atzotik hona. Batzuek patata tortillak erakusten dituzte, beste batzuek urdaiazpikoa eta, guztiek, ardoa edo zerbeza edaten dute harro. Astebetez jan eta edan ez dituzten elikagai eta edatekoak erakusten dituzte oinarrizko eskubideak urratuta egondako preso ohiak bezala. Nork esango luke, talde honek Nilo ibaian barrena kruzero bat partekatu duela, eta ez beste ezer.
Kuriosoa da, jende batek leku ederrenetatik gerratik bezala itzultzeko duen kapazidadea. Nik ere badut ahalmen hori, lekuetatik baino, harremanetatik ateratzen naiz horrela. Pentsatu dut, gure laguntasunak ere, ederretan ederrenak, gerraoste aje moduko bat besterik ez didala utzi. Eta bidaia hau, batera egitekoak ginenak, etsipen hori utzi didala. Ziurrenik, nik egindako opari bat zelako, ziurrenik, zure haserre ulergaitza medio, azkenean bakarrik joan naizelako, eta ziurrenik, ez duzulako ezer ere ordaintzeko imintziorik ere egin.
Whatsapp taldea etxean inon baino hobeto egoten dela argi uzteko sortu dute, bai, baina baita gure bidaia gurutzatu duen drama, injustizia eta hizketagai handienari konponbide kolektiboa (hau ikusteko dago, ez naiz fidatzen) bilatzeko ere. Eta hor, egiari zor, arrazoia dute haien hitz eta bizipen suminduetan: hau ez da ordaindu genuena. Lehen gauean hasi baitzen triskantza. Nahiz eta itsasontzira leher eginda iritsi, ez zen beste munduko garun adimentsurik behar, gure barkuak paperetan erakutsi ziguten luxuzko promesarekin zerikusirik ez zuela konturatzeko. Detaile gehiegitan sartu gabe: triste jartzen zintuen leku bat zen. Zaharra, puskatua eta gaizki zaindua zegoen, eta hain zuen berezko dekadentzia hura, leku hori noizbait luxuzkoa izan ote zen ere dudan jartzera eramaten zintuena. Gure harremanaren antzera, pentsatu nuen. Izan ote zen inoiz luxuzko ala beti izan zen nahiko traketsa eta, orain, distira kenduta ikusi dut beti hor egon den egia?
Aurreikuspen guztien kontra, Maribi ari da taldea dinamizatzen, bestalde, ulergarria ere egin zait, izan ere, andre horrek bidaian zehar erosi duen zabor kantitate guztiarekin hamar bat familiek bero jango dute datozen hilabeteetan eta, horrek, halako nagusitasun bat ematen dio taldean. Baina ez nuke sekula irudikatuko iraultza txiki hau lideratzen, ziurrenik, aste honetan erakutsi duen ezetz esateko gaitasun faltagatik (egia da ez dela erraza egunero hamarnaka saltzaile, ume, eskale edo iruzurtiri ezetz esatea baina ostia, Maribi). Akaso, horregatik beragatik, mendekua motore ezin hobea delako, bere etxeko berotik, inork besotik tira gabe, inork ustezko kaxmir trapuak aurpegian barrena igurtzi gabe, ume alai bezain tristeek «Pantoja, Shakira» grazia apur batekin esan gabe, baliteke, hori guztia gabe, Maribi izaera handiko andrea izatea, baita erabakiak zirt edo zart hartzen dituztenetakoa ere, eta bertan utzitako dirutza eta erabakitzeko gaitasun falta, orain behar dugun liderra bilakatzeko ezinbesteko bultzada izatea.
Esan digunez, lehenengo pausoa geure kontratua begiratzea da, alegia, etorri aurretik, agentziarekin sinatutakoa. Izan ere, erreklamazio bat egiterako orduan, ezinbestekoa da adostutako zerbaiten urraketa gertatu izana. Arazoak kontratu hori ez bada behar bezala zehaztu edota sinatu iristen dira. Edo adostutakoaren interpretazio libreak egiten baditugu. Guri ere, halako zerbait gertatu zitzaigun. Ez genituen inon idatzi gabeko askatasun eta betebeharrak modu berean ulertu. Kontua da Maribik esan bezala, ezer eskatzen hasi aurretik, zure baldintzak eta kontratuak zuzen ote dauden egiaztatu behar dela, edo, are korapilatsuagoa dena, ezin dena da, kontratu hori zure erara interpretatu (aldatu, egokitu, asmatu ez esateagatik) eta, ondoren, biok adostu bagenu gisa aurkeztu, soilik tratua hautsi dudala leporatzeko. Ez, maja, horrek ez du balio, eta hori, hori Maribik ere badaki.
Beraz, ez dakit ondo erreklamazioaren kemen kolektiboak edota zure traizioaren bidegabekeriak bultzatuta izan den, baina konturatzerako, atzera bueltarik gabeko «Aupa familia!» bat bota dut taldera.
Joder, eta ze subidoi klase sartu zaidan, gure kamarote zikinen argazkiak partekatzen hasi garenean, janaritan azaldutako labezomorroak, toalla zikinak, tapakietako orban susmagarriak. Gora doa tonua, irabazi nahi genukeen txapelketa arraro batean sarturik azkenean, nork nazkagarrikeria gehiago sufritu dituen zein baino zein taldean botaz. Desgraziak batuta, albokoa animatzera pasa gara, uler bedi, gehiago haserretzera animatzera. Eta zer demontre, ni neu ere berotzen ez, sutzen hasi naiz kolpetik. Zeren niri ez zait Egipto sekula santan inporta izan. Zure rollo frikia zen hori eta, nik, «zurekin bada, edozein leku da dibertigarria» nardagarri bat ahoan, inork eskatu gabeko kruzeroa oparitzen bukatu eta, dirudienez, inozoa ere banaizenez, bai, inozoa, tontoa, inutila, zuk urrun sentitzen ninduzula leporatuta, ni kolgatuta utzi ninduzun arren, ideia ikaragarri ona iruditu zitzaidan, uda betean Egiptora bakarrik joatea, jubilatu eta sasi egiptologo talde batekin, inoiz ikusi dudan barku deprimenteenean, goizeko 4:30ean jaiki eta sekulako troteak hartzera, ezagutzen ez ditudan eta kontatu didaten apurra jada ahaztu dudan faraoien hilobiak ikustera, bitartean, espezia, papiro eta esentziak erosteko ausazko geldialdi estrategikoak eginez, non, hil artean paella egunean bitan janda ere amaituko ez dudan azafran kamioikada erosi dudan, non azkenerako, taldearen eta bidaiaren dinamikan erabat sartuta, turbante bat buruan, gamelu baten gainean ibili nauten eta lotsak alde batera utzita, dantza egiten amaitu dudan publikoko norbait eskatu dutenean harrotuta, taldearen sorpresarako.
Arnasa hartzeko beharra sentitu dut. Mugikorrak berriz egin du dar-dar. «Aupa familia. Lortu dugu! Agentziak erreklamazioa onartu du. Orain kalte-ordainaren zain egotea besterik ez dugu!». Poza lehertu da taldean: emoji eta stiker festa euforikoa. Eta nik, bozkario guzti horren artean, kolpe bakarrez taldea utzi dut.
Maribik arrazoia zuen. Kontratua ondo lotuta dagoenean bakarrik dago zer erreklamatu.
KATTALIN MINER
(Hernani, Gipuzkoa, 1988)
Kazetaritzan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Literatura Konparatuko masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Gizonen eta Emakumeen Berdintasuneko masterra ere egin zuen EHUn. Igartza saria lortuta, 2017an argitaratu zuen Nola iritsi naiz ni honaino eleberria (Elkar). Beste nobela bat (Turista klasea, Susa, 2020), saiakera bat (Moio. Gordetzea ezinezkoa zen, Elkar, 2019) eta biografia bat (Empar Pineda Erdozia: gorputzak hala eskatua, Hernaniko Udala, 2020) argitaratu ditu ondoren.