
Hitzordua hotel batean izan da. Nire lehenengo aldia zen. Autobus geltokitik oinez joan naiz, goiz nenbilelako eta beroak oraindik hiriko hormigoia urtu gabe zuelako. Eskumuturra estutzen didan Casio doratuak denboraz iritsi naizela zioenez, ebakia eskatu dut hoteletik gertu zegoen tabernan. Bezero bakarra agurea zen, aurrera makurtuta zegoen, ukondoak barrako egur likitsuan zituela. Ebakia esne gutxirekin eskatu diodan arren, zerbitzariak kafesnetxoa atera dit; banekien ez nuela gustura edango, baina ez diot aldatzeko esan. Ordaintzeko zain nengoenean hatz lodiaren kutikulako zauritik burura igo zait mina. Ez dakit min guztiek garunetik pasatu behar ote duten. Erpurua ahora eraman, sikatutako odol beltza mingainaz zurrupatu eta hatz umelarekin heldu diot zerbitzariari luzatu diodan bost euroko billeteari. Ukabila itxi eta beste azazkalak ezkutatu ditut —ohituragatik egiten dut—. Tabernari frijitu kiratsa zerion eta oihal zuri-gorriek paretak tindatzen zituzten. Irten naizenean, lihozko alkandoraren mahuka aditu dut; ez diot olio maiztuaren usainik hartu. Ia ordu erdi falta zen hitzordurako, eta etxadiari itzuli pare bat eman dizkiot.
«Zazpi minutu barru itzuliko naiz» zioen estankoaren atean eskuz idatzitako abisuak, baina ez dut jakin noiztik hasita. Espaloia konpontzen ari zen langileak geratu nadin bultzatu nau, eta, semaforoa seinalatuta, lokian torlojua sartzeko imintzioa egin dit; tu egin diot bere ikusmenetik atera naizenean. Mugikorrak turista goiztiarraren eskuaren lekua hartu du, eta turistak gailutik ateratzen zen ahots atzerritarrari segitu dio orain ezker, orain eskuin; haren pausoak jarraitu ditut porlanean zuloren bat topatuz gero estropezu nola egiten zuen ikusteko. Taberna bateko terraza espaloia jaten ari zen nik azazkalak bezala. Eraikin bat aldamioz forratuta zegoen, eta aldamioak sare berdez; saretik zintzilikatutako olanan arkitektoaren eta lanean dabilen enpresaren izenak urkatuta zeuden, eta eraikineko bizilagunak egun-argirik gabe bizi dira. Nire aurrean zihoan trajez jantzitako gorbatadun exekutiboaren puntadun zapata batek komuneko paper zatia itsatsita eta arrastaka zeraman, eta besorik gabeko silueta irudikatu dut txiza egiten. Bigarren itzulian estankoa zabalik zegoen. Seguru nago gurutzatu dudan gorputz horietako bat hoteleko hitzordutik zetorrela, baina ez dut nor zen asmatzera jolasteko astirik izan.
Kanpotik, hoteleko sarrerak aho beltza zirudien. Pauso bat atzera egin behar izan dut efektu optikoa baino ez zela konturatzeko. Eskailera mailak jaitsi eta sartu naiz. Hitzordua 409 logelan zen. Igogailura bidean, halleko sabaitik dilindan zeuden plastikozko huntzek su itzalgailuaren bila jarri naute. Argiztapenak anbar kolorez inpregnatzen zuen dena. Igogailutik irten eta, moketa zapaldu bezain pronto, bi doministiku egin ditut; ez da xurgagailuarekin ari zen kamarera beltza fin ez zebilelako, akaroek ni atzemateko trebezia handia dutelako baizik. Korridorean ilararik ez zegoela ikusita, dezepzioa hartu dut. Mukiak kendu ostean jo dut atea. Hortik aurrera ezer ez da espero nuen bezala gertatu; azken bi urteetan, egiaz, ezer ez da espero bezala gertatu. Hausnarketa Angelak eskuak azazkal berriak lehortzeko gailuan sartu berri dizkidanean egiten ari naiz; aparatua aho izpi urdindun made in China bat da.
Gaur, azken bi urteotan gaineratu zaizkidan hamabost kiloak arintzeko, liho berde botila koloreko galtzak eta alkandora nasaiak jantzi ditut. Bart desodorante espezial batez igurtzi ditut besapeak, izerdiak lihoan markarik utzi ez zezan. Goizean, etxetik irten aurretik, sukaldeko silestonearen gainean oharra utzi diot alabari: «Ez naiz bazkaltzera etorriko». Hamarrak eta bostean hoteleko logelako besaulkian eserita nengoen, eta parean nuen andreari duela bi urte hil zaidan amarekin komunikatzeko eskatu diot. Eta komunikatu da.
Espero nuen gau sakoneko teledendan bere zerbitzuak eskaintzen dituen pitonisa ilegorri kizkur eta eraztun potoloz hornitua, patxuli usainduna ziurrenik, eta espero nituen ilunpea, eta gona-mahaia, eta haren gainean kristalezko bola edo gutxienez tarota. Nire mediumak, ordea, zeru koloreko alkandora eta kotoi arinezko galtza zuriak, eta oinak kasik bistan uzten zizkion greziar estiloko sandaliak zeramatzan. Eta begiokerra zen. Ama gorpuztu duen bitartean, nire begiak haren begirada desbideratuaren noranzkoari jarraitu nahian ibili dira, eta, igarlearen amarrua zela bururatu zaidan arren, agurtu nauenean begi haiek nora begiratzen zuten asmatu ezinda esan behar izan diot agur.
Angelarenera iritsi baino lehen, Coco Nails, Camile Nails, Manaos Nails eta El Templo de las Uñasetik pasatu naiz, baina aurrera egin dut. Kanpotik begiratu eta, batere sofistikatua ez zenez, hemen sartu naiz. Sartzeaz batera azetatoaren eta tabakoaren usainek nire sudur zuloak zeharkatu dituzte. Manikura egin ahal didazu? Neskak baietz erantzun dit. Pedikura egiten ari delako oinak biluzik dituen andreak Angela deitu dio. Itxaroteko eskatu eta non eseri behar nuen adierazi dit. Mahaitxo zuriaren beste aldean, nire aldameneko bezeroarekin lanean ari zen. Angelak aitortu dio, ahots beheran, azken sei hilabeteetan ez duela senarrarekin larrutan egin. O, erantzun dio bezeroak. Angelak gehitu du ez zaiola inoiz senarra gustatu eta, gainera, badakizu, txinatarra da, eta neurria adierazteko keinua egin du atzamarrekin. Ni, irrati nobela bat entzuten banengo bezala, geldi-geldi egon naiz neurriarena ikusteko burua jiratu dudan arte, eta isildu egin dira. Kontua eskatu eta Magali delakoak bizuma egingo diola esan dio, hauek —seinalatu egin nau— beti galdetzen didate bizuma dudan, dudanik sinetsiko ez balute bezala, zer uste dute, beltzok ez dugula ordaintzen? Angelak hasperen egin du, eta elkarri musu emanda agurtu dira.
Nire aurrean eseri denean, eskuak erakusteko eskatu dit; ikusi dituenean, burua ezker-eskuin mugitu du. Alizia, deitu dio lokalaren sakonean mugikorrarekin zebilen neskari. Nire eskuak erakutsi dizkio, eta txinatarrez mintzatu dira —ixa ugariko hizkuntza iruditu zait—. Zer egingo dugu azazkal hauekin? Angelak haur bati hitz egiteko intonazioaz ebaki du galdera. Eta nik, barkatu, erantzun diot bizkarra altxatuta, horregatik etorri naiz, gaur amarekin hitz egin dudalako, ez dagoenetik kometa bat naizelako, hirurogeita hamabost kiloko kometa, inork eusten ez diona, eta hor goitik lurra blandiblua delako, eta bortizkeriarako joera jaio zaidalako, eta alabak ez didalako eusten nik eutsi behar diodalako berari, eta amak gaur azazkalak ez jateko agindu didalako. Isildu eta hatsa hartu dut. Angelak, ez entzunarena egin duen arren, hamar muinoiak banan-banan laztandu dizkit hatz potoloaz perpendikularrean. Altxatu eta gezurrezko azazkal bete kaxarekin itzuli da. Ordezko azazkal berdeak, luzeak eta almendra formakoak atera ditu, eta probatu egin dizkit.
MIRIAM LUKI
(Urretxu, Gipuzkoa, 1973)
 Kazetaritza ikasi zuen EHUn, eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa egin zuen ondoren Huhezin. Han ikasitakoa oinarri hartuta, Euslandia-Unibertso txiki baterako galderak liburua idatzi zuen 2011n. 2023an, bere lehenengo narrazio liburua argitaratu zuen, Argialdiak (Susa). Liburu horrekin Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak ematen duen Zilarrezko Euskadi saria jaso zuen.
Â
Â