Amesgaiztoa ez zen bukatu. Altsasuko auziari buruzko bide judizialak aurrera egin zuen 2019an, labirintoan barrena, auzialdiz auzialdi. Martxoan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio epaitegiak berretsi egin zuen 2018ko lehen epaia; irailean, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenak zigorrak murriztu zituen, 79 urtetik 51 urtera, baina oinarriko gehiegikeria ez zuen baliogabetu. Zigorra zertxobait murriztu bazieten ere, zazpi gaztek espetxean jarraitu zuten, eta horietako hiruk —Adur Adur Ramirez de Aldak, Jokin Unamunok eta Oihan Arnanzek— 1.142 egun bete zituzten kartzelan abenduaren 31n. Labirintoan irteerarik sumatu ez arren, ez zen etsipena nagusitu. Altsasuko Gurasoek eta herri plataformak borrokan jarraitu zuten, auzia Estrasburgora eramanez eta hamaika ekitalditan elkartasunaren indarra erakutsiz.
Itxaropenerako urtea izan zitekeen 2019a, korapiloa askatzeko urtea. 2016ko urriaren 15eko goizaldean, Koxka tabernan eta inguruan bi guardia zibilen eta haien bikotekideen aurka izan ziren liskarren aurrean, Espainiako komunikabide batzuek alarma soziala piztu zuten. Covitek salaketa jarri ostean, Auzitegi Nazionalak ondorioztatu zuen terrorismo delitua izan zitekeela, eta akusazio hura erabakigarria izan zen zortzi gazteren bizitza goitik behera aldatzeko eta herri oso bat labirinto amaigabe batean murgiltzeko. Urrats harekin, gertaerak Nafarroan ikertzea galarazi zuten. Urte eta erdi geroago, epaiketa egindakoan, auzitegiak ondorioztatu zuen ez zela terrorismo deliturik egon, baina ordurako mina egina zegoen. Lehen sententzia hark, gainera, zigor gogorrak ezarri zizkien zortzi gaztetik zazpiri —bederatzi eta hamahiru urte eta erdi artekoak—; beste bati, Ainara Urkigori, bi urtekoa ezarri zion, eta hark bederen espetxea saihestu zuen.
Lehen epaia
Bide judizialaren hasiera horrek pisu handia izan zuen. Azken batean, instrukzio fasearen eta lehen auzialdiko epaiaren aurka osoko zuzenketarik ez zuten aurkeztu ez apelazio auzitegiak, ez Auzitegi Gorenak. Auzitegi Nazionaleko apelazio epaitegiaren kasuan, urtarrilaren 23 eta 24an aztertu zuten kasua auzi saioan, baina martxoan kaleratutako ebazpenean aurreko epaia berretsi besterik ez zuen egin. Bere hartan utzi zituen lehen ebazpenean jasotako argudioak.
«Beste kolpe bat eman digute, barneratuko dugu, negar egingo dugu, eta borrokatzen jarraituko dugu». Erantzun hori eman zuten Altsasuko Gurasoek. Auzitegiak jakinarazpena bidali aurretik izan zuten erabakiaren berri, prentsaren bidez, eta kexu azaldu ziren horregatik. Lehen balorazio hartan, gogora ekarri zuten auziaren oinarria: «Errepikatu dute ez zela terrorismorik izan. Epaileek, guk eta mundu guztiak zekien hori». Gogora ekarri zuten hura izan zela auzia «salbuespeneko» epaitegi baten eskuetan geratzeko funtsa. Mobilizaziorako deia egin zuten, eta milaka lagun elkartu ziren Altsasun martxoaren 24an; 60.000 lagun, antolatzaileen arabera. Gurasoek eta herri plataformak nabarmendu zuten aurrera egiten jarraitzeko indarra eman ziela.
Aurretik, beste malda gogor bat zuten epaitegietan: Auzitegi Gorena. Auzi saioa egin aurretik, Estrasburgon izan ziren Altsasuko Gurasoak, Europako Parlamentuan. Bilera izan zituzten GUE/ENL eta Europako Aliantza Librea talde parlamentarioekin. Bel Pozueta gurasoa harrituta geratu zen bileretan bildutako parlamentari kopuru handiagatik. «Egoera azaldu diegu, eta salatu dugu hiru urte daramatzatela behin-behineko espetxealdian». Bere garaian, Frans Timmermans Europako Batzordeko erakunde arteko harremanetako komisarioak konpromiso pertsonala hartu zuen kasuari gertutik jarraitzeko, eta konpromiso hori berresteko eskatu zieten parlamentariei. Parlamentari batzuek borondatea azaldu zieten kasua Timmermansengana eramateko.
Handik egun gutxira egin zuten auzi saioa Gorenean. Defentsak aukera ikusi zuen «taxuzko eztabaida juridikoa» egiteko eta epaia aldatzeko. Auzibide osoan egin bezala, defentsak argudiatu zuen gazteen errugabetasun printzipioa ez zela errespetatu eta bidezko prozesu bat izateko eskubidea urratu zitzaiela. Gainera, gogora ekarri zuten Guardia Zibilak hasieratik «gehiegizko protagonismoa» eduki duela kasu horretan, eta akusazio guztia guardia zibilen zein haien bikotekideen deklarazioetan soilik oinarritua zegoela, eta beste frogarik ez zegoela. Aitzitik, fiskalak eta gainerako akusazioek argudiatu zuten guardia zibilen aurkako eraso planifikatua izan zela, eta horrekin Espainiako Estatuari, koroari eta konstituzioari eraso nahi izan zietela akusatuek.
Ebazpena
Urriaren erdialdera etorri zen sententzia, eta, urrats bat atzera emanagatik ere, Gorenak zigor gogorrak berretsi zituen. Alde batetik, diskriminazio larrigarria kendu zuen. Aurreko epaietan, Auzitegi Nazionalak Zigor Kodeko figura hori erabili zuen, gutxiengo sozialak babesteko baliatzen dena, guardia zibilak talde horietan sartuta. Gorenak hori zuzendu zuen, Guardia Zibila «ez delako talde kaltebera bat». Aurreko epaietan, Auzitegi Nazionalak zigorrak muturrera eraman zituen; adibidez, abusuzko larrigarria aplikatuta zien gazteei. Gorenak ebatzi zuen larrigarri hori soilik agintaritzari eraso egiteko delituan aplika zitekeela. Gainera, Aratz Urrizola eta Iñaki Abaden delituen kalifikazioa aldatu eta beheratu egin zituen. Gauzak hala, bi gazte horiei lau urte eta bi hilabete eta hiru urte eta erdiko zigorra ezarri zien, hurrenez hurren. Beste bost gazteei, berriz, zazpi urte eta erdi eta bederatzi urte erdikoa. Gorenaren epaia izanik, irmoa zen.
«Ez du inondik ere egoera zuzentzen. Justizia eta proportzionaltasun bila jo genuen Gorenera», ohartarazi zuen Amaia Izko defentsako abokatuak, eta argi utzi zuen epaia «erabat neurrigabekoa» izan zela, nahiz eta Urrizolaren eta Abaden kasuan egoera hobetu. Ildo beretik jo zuen Bel Pozuetak, Ramirez de Aldaren amak: «Minduta eta haserre gaude; oso injustua da gertatzen ari dena. Makillaje ariketa bat egiten saiatu dira». Espainiako Auzitegi Konstituzionaletik igarota, Europara jotzeko asmoa agertu zuten gurasoek: «Momenturen batean erakutsiko da zer astakeria izan den, zer mendeku egin den, baina gure seme-alabei egindako zauria ezingo da horrela sendatu», nabarmendu zuen Pozuetak. Urriaren 26an, elkarretaratze jendetsua egin zuten Iruñean, eta milaka lagun elkartu ziren injustizia salatzeko.
Espetxe baimenak.
Urte amaieran, Zaballako espetxeak hirugarren gradua eman zien Urrizolari eta Abadi. Ezarri zuen bi gazte horiek espetxetik atera ahalko zirela goizez, eta gauean kartzelara bueltatu beharko zutela lotara. Asteburuak etxean pasatzeko aukera ere eman zieten. Gazteetako biren espetxe egoera leundu arren, zazpi gazteek preso segitu zuten, bidegabekeriaren labirintoan harrapatuta.