2019an, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketa izan zen albiste nagusia Katalunian. Otsailaren 12an hasi zen, eta lau hilabete iraun zuen hamabi buruzagi independentistaren kontrako epaiketak. Espainiako Auzitegi Gorenak zigor gogorrak ezarri zizkien 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik. Orotara, ia ehun urteko espetxealdia. Epaiketak berak eta Gorenaren sententziak nabarmen korapilatu zituzten Kataluniako eta Espainiako agertoki politikoak. Are gehiago urrundu zituen Kataluniako gatazkari konponbidea emateko beharrezko baldintzak. Besteak beste, «errepresioaren» amaiera.
Sententzia «eredugarria» izatea espero zen, mugimendu independentistak eskarmentua jaso zezan, eta aurreikuspenak bete egin ziren. Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuak jaso zuen zigorrik gogorrena; hamahiru urteko kartzelaldia eta beste horrenbesteko inhabilitazioa, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta. Hamabi urteko kartzela eta inhabilitazioa jaso zuten Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa kontseilari kargugabetuek, Junquerasen delitu berberengatik; hamaika urte eta erdikoa Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak, hamar urte eta erdikoa Josep Rullek eta Joaquim Forn kontseilari ohiek, eta bederatzi urtekoa Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak. Azken lau horiei sedizio delitua leporatu zien Gorenak. Santi Villa, Meritxell Borras eta Carles Mundo kontseilari ohiei, berriz, desobedientzia delitua leporatu zieten, eta 60.000 euroko isunarekin eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioarekin zigortu zituzten.
Epaiketaren 52 saioak ardatz nagusi baten bueltan garatu ziren: independentzia prozesua garatzeko indarkeria erabili ote zen argitzea. Izan ere, fiskaltzak eta Vox eskuin muturreko alderdiak —akusazio partikularra izan zen— matxinada delitua leporatu zieten buruzagi auzipetuei, eta Estatu Abokatutzak, sedizio delitua. Delitu horiengatik zigortzeko, akusazioek derrigorrezkoa zuten frogatzea akusatuek indarkeria erabili zutela. Horretan ahalegindu ziren: independentismoaren mobilizazio baketsuak, desobedientzia zibila eta erresistentzia pasiboa indarkeriarekin parekatzen.
Quim Torra Kataluniako presidentea Kataluniako auziko akusatuak agurtzen, Espainiako Auzitegi Gorenean, 2019ko otsailaren 12an. EMILIO NARANJO / EFE
Akusatuen defentsek kontrakoa argudiatu zuten: 2017ko urriaren 1eko galdeketaren inguruko gertaerak guztiz zibikoak eta baketsuak izan zirela. Defentsen esanetan, prozesuan erabilitako indarkeria bakarra estatuko polizia indarrena izan zen. Salatu zuten «neurrigabe» jokatu zutela herritarren kontra.
Hala ere, zenbait akusatuk onartu zuten estatuari desobeditu izana. Cuixarten hitzetan, urriaren 1eko erreferenduma «Europan egin den desobedientzia ariketarik handiena» izan zen. Junquerasek «auzia politikara itzuli» behar zela nabarmendu zuen epaiketaren amaieran. Antzera mintzatu zen Sanchez ere: «Ez da bidezkoa epaimahai honek auzi politiko honen gainean erabaki behar izatea. Nire ustez, zuek ez daukazue konponbidea, baina kaltea ez areagotzeko ardura daukazue».
Ez zen halakorik gertatu. Gorenak sedizioagatik zigortu zituen hamabi auzipetuetatik bederatzi. Epaiak lurrikara politikoa eragin zuen.
Sententzia «eredugarria» izatea espero zen, mugimendu independentistak eskarmentua jaso zezan, eta aurreikuspenak bete egin ziren
Tsunamiak erantzun zion epaiari
Bazekiten arren epaia iristear zela, indar independentisten arteko desadostasunak eta mesfidantzak agerikoak ziren zigorra publiko egin aurreko asteetan. ERC Katalunian bozetara deitzearen eta PSOErekin elkarrizketan saiatzearen alde agertu zen. JxCk, berriz, aldebakarreko bidean sakontzea eta autodeterminazio eskubidea gauzatzea defendatu zuen. CUPek «mobilizazio jarraitura» deitu zuen, Espainiarekin «apurtzeko».
Giro nahasi horretan iritsi zen irailaren 11ko Diada. Alderdien ika-mikek herritarrak nekatu eta haserretu bazituzten ere, ehunka milaka manifestarik deiari erantzun zioten, eta 600.000 lagun bildu ziren, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, Diadako mobilizazio nagusian.
Sententzia kaleratu baino egun batzuk lehenago, Kataluniako agertoki politikoak astindua jaso zuen. Irailaren 23an, Guardia Zibilak CDR Errepublikaren Aldeko Komiteetako bederatzi kide atxilotu zituen, «terrorismo» delituak eta lehergailuak edukitzea egotzita. Guardia Zibilaren operazioak mugimendu independentista «kriminalizatu» nahi izatea leporatu zioten Espainiako Estatuari, Gorenaren epaia ezagutzeko aste gutxi falta zirela.
Gorenak urriaren 14an eman zuen epaiaren berri. Buruzagi independentista espetxeratuek idatzi baten bidez salatu zuten zigorra «mendekua» zela
Gorenak urriaren 14an eman zuen epaiaren berri. Buruzagi independentista espetxeratuek idatzi baten bidez salatu zuten zigorra «mendekua» zela, eta ohartarazi zuten epaiketa Kataluniako «herritarrek hautetsontzietan erakutsitako borondatea bahitzeko» pentsatuta egin zela. Generalitateak ere gaitzetsi zuen Gorenaren erabakia. Quim Torra Kataluniako presidentearen esanetan, kondena «irain bat» zen «demokraziarentzat», eta «mespretxua» Kataluniako gizartearentzat. Erantzun instituzionala salaketa formalean gelditu zen. Kataluniako Parlamentuak autodeterminazioaren eta amnistiaren aldeko mozio bat onartu zuen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekuei muzin eginda.
Aldiz, erantzun indartsua izan zen kalean. Mobilizazioz bete ziren Kataluniako herri guztiak. Epaiarekin batera iritsi zen Tsunami Demokratikoaren lehen ekintza ikusgarria ere. Buruzagi kataluniarren kontrako espetxe zigorrei erantzuteko, Bartzelonako El Prat aireportua okupatzera deitu zuen plataformak, eta dozenaka milaka herritarrek egin zuten bat deialdiarekin. Aireporturako sarbideak blokeatzea lortu zuten. Kataluniako nahiz Espainiako poliziak gogor oldartu arren, erresistentzia pasiboaren bidez eutsi zioten blokeoari, eguerditik gauera arte.
Espainiako Polizia manifestarien aurka oldartzen, Bartzelonako El Prat aireportuan, 2019ko urriaren 14an. QUIQUE GARCIA / EFE
Urriaren 16an, Askatasunaren Aldeko Martxa abiatu zen Kataluniako bost puntutatik Bartzelonaraino, eta urriaren 18an bost zutabeek bat egin zuten hiriburuan, egun horretarako deituta zegoen greba orokorraren manifestazioarekin. 750.000 lagun batu ziren antolatzaileen arabera, eta 525.000 Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera.
Handik egun batzuetara, Tsunami Demokratikoak deituta, manifestariek Katalunia bitan zatitzen duen muga blokeatu zuten Jonqueran, azaroaren 11n eta 12an. Ekintza horrek Euskal Herrian ere izan zuen isla: bostehun ibilgailuk baino gehiagok Barraskilo operazioan parte hartu zuten, Behobiko muga ixteko, A-8 autobidean.
Plataformak Spain, sit and talk [Espainia, eseri eta hitz egin] leloa bistaratu zuten abenduaren 18an, Camp Nou estadioan, Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko futbol partidan.
Epaiak eragindako haserreak istiluak ere eragin zituen zigorraren ondorengo egunetan, Bartzelonan izan ziren hainbat protestetan. Poliziek gogor erantzun zuten, eta dozenaka lagun zauritu zituzten oldarraldietan. Mossos d'Esquadraren jokabideak zatiketa eragin zuen JxCren eta ERCren artean. Esquerrako zenbait ordezkarik Miquel Buch Berne kontseilariak dimiti zezala eskatu zuten.
'Marcha per la llibertat' mobilizazioaren zutabeetako bat, Bartzelonara iristen, 2019ko urriaren 18an. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Espainiaren irudia, kolokan
Marchena Goreneko magistratuak epaiketan nazioarteko ikuskaritzarik onartu ez zuen arren, Kataluniako auziko epaiketaren jarraipena egin zuen International Trial Watch-Catalan Referendum Case plataformak. Epaiketa aztertu ostean, plataformak salatu zuen Gorenak defentsaren eskubideak urratu zituela, eta ez zuela errespetatu akusatuek bidezko epaiketa bat izateko duten eskubidea. «Ebazpen ideologikoa» eman zuela gaineratu zuen.
Epaiketak Espainiaren nazioarteko irudiari kalte egin ziolako adibide bat da aurrekoa. Ez bakarra. Arlo horretan, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak eman zion kolperik gogorrena Espainiari. Luxenburgoko auzitegiak abenduaren 19an ebatzi zuen Junqueras Europako Parlamentuko diputatua zela ekainaren 13az geroztik, eta, beraz, immunitatea zegokiola Gorenak zigortu zuenean.
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententziaren ondorioz, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua eta Toni Comin Osasun kontseilari kargugabetua diputatu gisa onartu zituen Europako Parlamentuak. Junquerasi dagokionez, Luxenburgoko auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenari agindu zion zehazteko nola eragin behar zion abenduaren 19ko epaiak Kataluniako presidenteorde ohiaren egoerari.
Luxenburgoko auzitegiaren erabakiak agerian utzi zuen Espainiaren zenbait erabaki judizial ez zirela homologagarriak Europako Batasunean. Kataluniako auziak Espainiaren nazioarteko irudiari kalte egin ziola jakinda, Madrilek kanpaina bat abiatu zuen urrian, Espainia demokrazia bat den ideia nazioartean indartzeko.