«Berri Txarrak sentimendu bat da». Hitz horiekin laburbildu zuen Gorka Urbizuk taldearen 25 urteko ibilbidea, Iruñeko Nafarroa Arenako agertokitik, taldearen agurreko azken kontzertuan. Sentimendu horren erakusgarri izan zen Berri Txarrak-en agurrak 2019. urte osoan eragin zuen ikusmina eta zirrara. Despedida urtea izan zen taldearentzat, zaleak agurtzekoa, eta agur hori izan zen askorentzat urteko kultur albiste nabarmenetako bat. «Ikusi arte» esan zuen askoren bizitzako soinu banda izan den taldeak. Mende laurdeneko «ziklo ahaztezin bat» amaitu zuen Lekunberriko (Nafarroa) hirukoak, eta etenaldi mugagabe bat hasi, inertziari aurre egiteko asmoz.
Inoizko egoerarik onenean zela esan zuen agur Berri Txarrak-ek. Taldeak, nolanahi ere, gorabehera asko izan zituen ibilbide osoan. Bizi ala iraun: dikotomia horretan ibili zen 25 urteko jardunean. Laukote izateari utzi eta hirukote bihurtu zen lehenik, eta taldea sortu zuten kideetatik bakarrak iraun zuen agurreraino —Urbizuk—. Tarte laburrean, halere, hilzorian egotetik nazioarteko sona izatera pasatu zen. 1997an argitaratu zuen aurreneko lana: Berri Txarrak. Eta haren ondotik etorri ziren estudioko beste zortzi diskoak. Hasierako metal doinu gogorrek bestelako rock moldeei utzi zieten lekua, eta diskoak Euskal Herrian grabatzetik Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevenson izen handiko ekoizleekin lan egitera igaro zen taldea.
Ehun kantu baino gehiago, mila kontzertutik gora, eta poesia darien euskarazko hitzen bilduma zabala: hori da Berri Txarrak-ek utzitako ondarea. «Talde honek ez du diskorik egin besterik gabe egiteagatik edo kontzertuak lotu ahal izateko», adierazi zuen Urbizuk, etenaren inguruko azalpenak eman zituenean. Etengabe eraberritzeko gaitasuna izan zuen, formula berberak errepikatzeari muzin egin izan baitzion. Baina ez dira musika eta hitzak bakarrik; sortu zuen kode propioa da Berri Txarrak-ek utzitako arrastorik sakonena. Akorde bakoitzarekin apurtu izan zituen kristalezko sabaiak eta aurreiritziak. Hala berretsi zuen Harkaitz Canok ere BERRIAn, agurraren aitzinean: «(...) Ukaezina da apustu itzela dagoela taldearen atzean. Fedea eta kemena, lan ordu zenbaezinak eta sakrifizioa dagoen ber gisan. Bertan putzu ez geratzeko erakutsi duten sormen irrika eskergarriaz ez mintzatzearren».
Baina, hain zuzen, etengabeko sormen horrek sortutako «higadura emozional eta fisiko» horren ondorioz erabaki zuen Urbizuk berak geratzea. Eta orduan iritsi ziren zaleei berririk txarrena emango zien oharra lehenik, eta azalpenak ondoren. Urbizu: «Gelditzeko beharra daukat, distantzia hartzekoa. Horren konplikatua eta sinplea da».
David Gonzalez, Gorka Urbizu eta Galder Izagirre, taldeko hiru kideak, Kobetamendiko kontzertuan. / ARITZ LOIOLA, FOKU
Kobetamendi eta Nafarroa Arena
Mugarriz mugarri aritu zen taldea 2019an, agurraren berri eman aurretik eta ondoren: iragarritako kontzertu bakoitzerako sarrerak salgai jartzearekin batera agortu zituzten, segundoko 3.000 eskaera baino gehiago jaso eta plataformak blokeatzeraino; euskarazko talde batek inoiz emandako kontzerturik handiena egin zuten Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan, 10.000 zaleren aurrean; bost kontinentetako agertokietan izan ziren, gaztetxe, kiroldegi, antzoki eta makrojaialdietan; munduko milaka musikazalerentzat zuzenean aritu ziren Bilbon, San Mamesen, MTVk antolatutako jaialdian; gehien saldutako diskoen zerrendetan izan ziren argitaratutako lan bakoitzarekin; eta belaunaldi eta musika estilo ezberdinetako jarraitzaileak erakarri zituzten.
Baina agur esateko birak bi mugarri izan zituen, batez ere: Bilboko Kobetamendiko kontzertua eta Iruñeko Nafarroa Arenako azken bi zuzenekoak. Aurrenekoan, ez ahazteko moduko kontzertua eman zuten, inoizko jendetsuena: 20.000 lagun elkartu zituzten, eta hainbat musikari gonbidatu; talde bakar baten kontzertua izan behar zuena egun osoko euskal kulturaren jaialdi erraldoi bilakatu zuten.
Iruñean, berriz, agurreko azken bi kontzertuak eman zituzten. Bi egunetan 22.000 lagunetik gora bildu zituzten, Nafarroa Arena txiki utzita. Pisu emozional nabarmena izan zuten kontzertuek, baina «ospakizun kolektibo» bilakatu ziren, bertan izan ziren BERRIAko kolaboratzaile eta musika adituek aitortu zutenez. «Gau hunkigarriak bezain gozagarriak izan ziren biak», Iñaki Lasaren hitzetan, esaterako.
Jarraitzaile fidelak izan ditu taldeak bere ibilbidean, eta haiei esker iritsi zen gorenera. Baina etenaldia iragarri izanak areagotu egin zuen harekiko miresmena bere azken urtean. Izan ere, zaleek taldea oholtzan azken aldiz ikusi nahi izan zuten. Hala, ibili osoan inoiz taldearen jarraitzaile izan zirenak elkartu zituen agurrak: egungoak eta hastapenetakoak. Bi mugarri horiek izan ziren horren adibide.
Jaio. Musika. Hil
Amaitu zen Berri Txarrak taldearen aroa. 25 urteko ibilbidea itxi zuen taldeak, etenaldi mugagabe bat hasteko. Baina nabarmena da hala euskal musikan nola zaleen artean utzi zuen hutsunea. Eta horregatik Canok utzitako esaldia: «Gorka Urbizu lemazain duen taldeak gure biografiako mende laurden bat zeharkatu du, akontezimenduz umezurtz eta erreferente katartikoz urri samar den jendarte baten gozagarri». Lehendik ere izan ziren beste agur batzuk euskal musikan, eta haien errautsetatik sortu izan ziren talde eta doinu berriak. Urbizuk ere musika egiten jarraituko duela ziurtatu zuen: «Adierazteko molde berriak bilatuko ditut, exijitzea zilegi den gutxieneko hori elikatzen jarraitu ahal izateko. Helduko dira doinu berriak». Hori baita musikaren bizilegea. Jaio. Musika. Hil.