Maiatza

Eta PSNk aldaketa aldatu zuen

Maiatzaren 26an, Nafarroako laukoak urrun izan zuen gehiengo osoa lortzea, eta emaitzek beste errealitate politiko bat islatu zuten. PSNk, eskuineko gobernu bat ez zuela babestuko promes egin ostean, Geroa Bai eta Ahal Dugu-rekin osatu zuen gobernua. EH Bilduren abstentzioa ezinbesteko izan zen.

Maria Txibite, karguari zin egin ostean, Uxue Barkos aurreko lehendakariarekin. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
joxerra senar
2020ko otsailaren 12a
16:02
Entzun

Egutegia. 2019ko egutegi politikoan gorriz markatuta zuten Nafarroako alderdiek maiatzaren 26a. Baita Maria Txibitek ere. Bi urte lehenago, 2017ko urte politikoaren hasieran, iragarri zuen 2019an PSNk zuzendutako «gobernu aurrerakoi» baten gidaritza hartzea zuela xede. Askok ameskeriatzat jo zuten, baina, harrigarriki, benetako ordua iritsi ahala, ameskeria zirudiena errealitate egiteko tenorean heldu zen PSN helmuga horretara. Indartsu. Lehenik eta behin, aurreko bi urteetan, Pedro Sanchezen distira mediatikoak hauspotu egin zuen PSN, eta hark Espainiako hauteskundeak apirilaren 28ra aurreratu eta bi hitzorduak elkarren ondoan egiteak bultzada handiagoa eman zion. Lehen itzuli hartan, bigarren geratu zenez, jarraian zetorrenaren lehen zantzua izan zen. Bestetik, bere esparru politikoan, bi arerio nagusiek oinari tiro egin zioten: Ahal Dugu, barne gatazketan katramilatuta, ahul heldu zen lasterketara, eta Ezkerrak bakarrik aurkeztea deliberatu zuen.

Horrenbestez, bi urte lehenago ezinezko zirudiena gauzatu zen, eta 2015ean Nafarroako politika astindu zuen aldaketaren olatuak atzera egin zuen maiatzaren 26an. Hamaika arrazoi, baina errealitate argi bat: foru hauteskundeak Navarra Sumak irabazi zituen, PSN bigarren geratu zen, eta laukoa hemeretzi parlamentarirekin geratu zen azkenik —atzerriko botoak zenbatuta—. Aritmetika hark ezinezko egin zuen aldaketak beste lau urtez gobernatu ahal izatea. Ezinbestean, buru guztiak PSNri begira jarri ziren, eta, aurreko bi hamarkadetan egindakoa hautsiz, eskuinaren eragin eremutik aldendu zen alderdi sozialista.

Hasieran, baina, ez zegoen argi norantz joko ote zuen PSNk. Azken finean, nafar askok oroimenean ondo iltzatua zuten PSNk zer egin zuen iraganean: 2007ko abuztuan, Miguel Sanzi eman zion gobernua; 2011n, koalizio gobernua osatu zuen UPNrekin; eta, 2014an, uko egin zion Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioari. Hauteskunde gauean bertan, esanguratsua izan zen Txibiteri «presidente, presidente» oihukatzen zioten bitartean, Maite Esporrinen «Agur, Asiron, agur» oihua ere.

2007koa ez

Hauteskunde ondorengo bi asteetan, sozialista nafarren artean Ramon Alzorriz Antolakuntza idazkariak behin eta berriz azpimarratu zuen 2007ko abuztuko kolpea ez zela berriz gertatuko. Halaber, hainbat bider errepikatu zuen ez zutela gobernua osatzeko elkarrizketarik izango EH Bildurekin, baina argi zegoen EH Bilduren abstentzioa behar zuela PSNk, baldin eta Txibite presidente egin nahi bazuen.

Jarrera horrek ezinegona eragin zuen PSOEko agintari batzuen artean. Jokaleku nahasi hartan, PSNrekiko zalantzak areagotu egin ziren ekainaren 15ean, udalak osatu ziren egunean. Iruñean, PSNko Maite Esporrin alkatetarako hautagai gisa aurkeztu zen, eta, mugimendu harekin, EH Bilduk elkarrizketarako egindako eskaerei uko eginez, Navarra Sumako Enrique Maiaren eskuetan utzi zuen aginte makila. «Azkenera arte ahalegindu gara, baina ez da posible izan. EH Bilduren errua izan da. Gureari eutsi diogu; ez gara Bildurekin bildu», justifikatu zen.

Barañain, Lizarra, Burlata, Eguesibar... Guztietan, PSNk aukera izan zuen EH Bildurekin edo Geroa Bairekin akordioa egiteko, baina, hautagaitza propioen alde eginez, eskuak garbitu zituen. Bereziki esanguratsua izan zen Sartagudan edo Uharten egindakoa EH Bilduri alkatetza kentzeko: lehenengoan, eskuinarekin bat egin zuen; bigarrengoan, hautetsi bakarrarekin PSNko hautagaia izendatu zen alkate.

Kolpe haren ondoren, hurrengo partida parlamentuko mahaiaren osaera izan zen. Bezperan, gauerdira arte aritu ziren negoziatzen PSN, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu. Emaitzarik gabe. Sozialistek ez zuten nahi EH Bilduk mahaian ordezkari bat izaterik.

Egunean bertan heldu zen akordioa, azken unean: mahaiko kide kopurua zabaltzearen truke, EH Bilduk idazkaritza lortzea onetsi zuen PSNk. Fokuen pean egin zen negoziazio hark antzezpen dosi handi bat izan arren, negoziazioa ahalbidetu zuen. Hurrengo asteetan, elkarrizketari berrekin, eta, sanferminak hasi baino lehenago, akordio programatikoa hitzartu zuten. Hurrengo lau urteetarako bide orria zehazteaz gain, desadostasunak kudeatzeko modua erabaki zuten. Sanferminetako geldialdi luzea igarota, gobernua osatu zen. Hamahiru departamentuetatik, PSNk zortzi kontseilari izango zituen; Geroa Baik, lau; eta Ahal Dugu-k, bat. Ezkerrak nahiago izan zuen kanpoan geratu.

Haatik, alderdiok gehiengo osorik ez zutenez, erabakigarria izan zen EH Bilduren posizio politikoa. Elkarrizketatik at geratu ostean, eztabaidatu zuten zer egin Txibiteren inbestiduraren aurrean: ezezkoa eman edo abstenitu. PSNren betoa irmo deitoratu arren, zuzendaritzak proposatu zuen «estrategikoki» abstentziora jotzea, «erregimena ahultzen jarraitzeko inportantea delako Navarra Suma oposizioan egotea». Kontsultan parte hartu zuten 1.900 militanteen artean, %75ek abstentzioaren alde egin zuten, eta %25ek ezezkoa eman zuten.

Inbestidura saioa

Maria Txibitek eskua luzatu zuen, PSNk gizartearen hainbat sektoretan eragiten duen mesfidantzaren jakitun: «Erabat jabetzen naiz ez dudala gehiengo osorik eta errezeloa eragiten dudala gizartearen zati batean. Konfiantza eskatzen dut». Haren hasierako diskurtsoan hitz onak nagusitu ziren, eta, ororen gainetik, zentraltasuna nabarmendu zuen. Abuztuaren 1ean egin zuten lehen bozketa, baina, gehiengo osorik ez zuenez, ez zen atera; biharamunean, EH Bilduren abstentzioa lagun, gobernuko lehendakari izendatu zuen parlamentuak. Eta halaxe aldatu zuen aldaketa PSNk.

Udal bozetan, PSE izan zen aldaketen onuradun nagusia

Nafarroakoak ez ezik, Araba, Bizkai zein Gipuzkoako Foru bozak eta lau lurraldeetako udal hauteskundeak ere izan ziren maiatzean. Foru gobernuetan ez zen aldaketarik gertatu: EAJ nagusitu zen hiru lurraldeetan, eta jeltzaleek jarraitu zuten ahaldun nagusi: Ramiro Gonzalezek Araban, Unai Rementeriak Bizkaian eta Markel Olanok Gipuzkoan. Udal bozetan honakoak izan ziren aldaketarik nabarmenenak: EH Bilduk Andoaingo eta Pasaiko alkatetzak galdu zituen (biak Gipuzkoan), eta PSEren esku gelditu ziren, EAJk babestuta. Durango eta Galdakaoko alkatetzak, berriz (biak Bizkaian), EH Bilduk eskuratu zituen. Bi horiek EAJren esku zeuden lehen..

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.