Zuzendariari

Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari

Aitor Aranzabal
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Martxoaren 17an Astigarragan Astigarraga taldeak eta Soraluze BKE taldeak jokatutako partidan gertatutakoa salatu nahi dut.

Saskibaloi partida horretan gertatutako falta baten ondoren, Soraluze BKE taldeko jokalari bat epaileari hurbildu zitzaion azalpen eske, euskaraz noski. Hara non, epaile horrek «a mí háblame en castellano» esan zion, modu ez egoki baten; horretaz gain eta euskaraz zuzentzearren, teknika bat pitatu zion. Baina kontua ez da hor amaitzen: partida amaitu bezain laster, jokalaria berriz joan zitzaion azalpen eske, eta, hara non, epailea mahaira hurbildu, eta jokalari horren fitxa kentzeko eskatu zuen, horrek dakarren guztiarekin. Epaileari euskaraz zuzentzearren, Soraluze BKE-ko jokalari horri saskibaloian jokatzeko fitxa kendu diote —federazioak kontrakorik esaten ez duen bitartean—. Hori guztia partidako aktan idatzita dago, eta bai Soraluze BKE-k eta federazioak berak ere badute gertakari horren eta akta horren berri.

Hori guztia azalduta, gogor salatu eta deitoratu nahi dut saskibaloiko epaile horrek izan zuen jarrera. Ez dakit noren ardura izango den hau guztia aztertzea, baina Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari zuzentzen natzaio, horrelako kasurik berriz gerta ez dadin beharrezko diren neurri guztiak hartzeko, eta epaile horri, hizkuntza eskubideen aurka egiteagatik, kontuak eskatzeko.

Bada garaia gure herrian, Euskal Herrian, euskaraz bizitzeko dugun eskubidea onartua eta bermatua izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.