Zuzenean

Zuzenean: Iñaki Viñaspre da 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna

Sei bertsolari ari dira gaur kantuan Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean: Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre, Maddi Agirre, Martin Abarrategi, Peru Abarrategi eta Unai Anda. BERRIA zuzenean kontatzen ari da.

Arabako Bertsolari Txapelketaren finala
Miren Mujika Telleria.
2026ko martxoaren 28a
17:00

Arabako 2026ko Bertsolari Txapelketak badu txapelduna: Iñaki Viñaspre. 1.141 punturekin lortu du lehen postua, Unai Andarengandik 16,5 puntura. Peru Abarrategi izan da hirugarren (749,5), eta puntu erdira izan du Aroa Arrizubieta (749). Maddi Agirrek lortu du bosgarren postua (740,5), eta Martin Abarrategik azkena (710). 

Martxoak 3 elkarteko kide Santiago Diaz de Espadak jantzitako txapela buruan, Iñaki Viñasprek hala agurtu ditu Gasteizko Europa Jauregian batu diren lagunak: 

Ze publiko ederra dugun

ta ze boskote itzela

egitan pentsatzen nuen

aukerarik enuela

martxoak 3 gogoan

denok gaur arte bezela

ta behin hasita hobeto

bota ezkero kartzela

ama etorri zait burura

ezin zen izan bestela

maite dut bere bisita

maite dut bere epela

ta nahiz aspaldian dugu

beste erdia joan zela

aitarentzat ta zuretzat

izan dadila txapela.

azken momentuan

Txapeldunak gurasoei eskaini die txapela:

Ze publiko ederra dugun

ta ze boskote itzela

egitan pentsatzen nuen

aukerarik enuela

martxoak 3 gogoan

denok gaur arte bezela

ta behin hasita hobeto

bota ezkero kartzela

ama etorri zait burura

ezin zen izan bestela

maite dut bere bisita

maite dut bere epela

ta nahiz aspaldian dugu

beste erdia joan zela

aitarentzat ta zuretzat

izan dadila txapela

Honela gelditu da sailkapena:

Iñaki Viñaspre...........1.141 puntu

Unai Anda.................1.124,5 p.

Peru Abarrategi.........749,5 p.

Aroa Arrizubieta.........749 p.

Maddi Agirre...............740,5 p.

Martin Abarrategi........ 710 p.

Iñaki Viñasprek irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa, 1141 punturekin. 1124,5 puntu lortu ditu Andak.

Minutu gutxiren buruan jakinaraziko dute zein bertsolarik irabazi duen Arabako Bertsolari Txapelketa.

Andak enpresa bateko langile baten larruan sartuta kantatu du ganbarako ariketa: «Enpresa handi batera joaten naiz lanera/ enintzateke joango baldin banu aukera/ jerentea beti dabil/ hor haserren antzera/ keinu txarrez gu bidaltzen aurrera ta atzera/ beti ordu extrak sartzen/ gaude denak, gainera/ ta besteek esaten dute/ ze jatorra den bera».

Hala amaitu du bertsoaldia: «Otordu orduan beti/ beteta dago gela/ halere bakar-bakarrik/ egoten naiz horrela/ txarto begiratzen naute/ besteek dena dela/ barnean sentitu ohi dut/ nik bake bat itzela/ aspaldi da ni/ bertan ez nagoela/ ez naizelako haien gisan/ ta eskerrak ez naizela».

Ganbaratik oholtzara bidean da Unai Anda. Geroz eta gutxiago falta da txapela nork jantziko duen jakiteko.

Viñasprek adiskideak deskribatuz abiatu du bertsoaldia: «Bat gezurtero kabroia/ ta bestea inozoa/ hori mamu matxista bat/ ta bestea pailazoa/ hemen gustura banengo/ hor legoke arazoa».

Honakoa kantatu du bigarren bertsoan: «Ingurukoei hainbeste/ irain botaz hor nolanahi/ aldatzen dira pertsonak/ ta beti garaiak garai/ jada ondoan eztitut nahi/ lehen nituenak anai/ hobe esanda hori bai/ ta beste hori ez dut nahi/ lagunak lagun baitira/ baina pertsonak ere bai». Maite duen eta maite duten lekuan egon nahi duela kantatu du azkenean. 

«Ikasten ari zara egoera eta pertsona batzuekin lekuz kanpo sentitzea batzuetan ederra dela»: gai horrexeri kantatu beharko dizkiote Viñasprek eta Andak hiruna bertso.

Iparragirre abila dela doinuan kantatzeko gaiaren arabera, orain gutxi elkarrekin lanean hasitako bi langile dira. Konturatu dira pertsona beraren bikote eta maitale direla —Viñaspre bikotekidea eta Anda maitalea—. 

Viñasprek bakarkako ariketan egokitu zaion gaiari egin dio erreferentzia, eta lehertu da plaza: «Lehengo zerua gaur bapatean/ bilakatu da infernu/ buru barruan ze amorrua/ zenbat kezka zenbat mamu/ asko maite nuela/ esaten nun bezela/ orain guztia da damu/ giltzurruna enioke emango/ guzti hau jakingo banu». Hala jarraitu dio Andak: «Guk biok egiten dugu/ horren bikote itzela/ beti ezkutaketan/ gabiltza gu benetan/ ta esan zidan horrela/ beti leihotik irtetearena/ ohitura kontua zela».

Bi lan egin beharko dituzte bertsolariek: binaka, hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan eta ganbarako ariketa.

Iñaki Viñaspre eta Unai Anda pasatu dira Arabako Bertsolari Txapelketako buruz burukora.

Iñaki Viñasprek erantzun dio azkena gaiari. «Zure bikotea giltzurrun baten zain dago, gaur jakin duzu zurea bateragarria dela»: horixe izan du bi bertso kantatzeko gaia.

Hala abiatu du bertsoaldia: «Sarri bizitzak ekartzen digu/ berarekin gordintasuna/ ta une batez galdu ahal nuen/ neronen neskalaguna/ emaitzaren zain pasa egin dut/ nahiko urduri eguna/ baina azkenik balio dio/ ni naiz nahiko zentzuduna/ medikua nahi urruna/ beldurra urduritasuna/ baina segitu nahi eraikitzen/ gu bion etorkizuna/ bihotza aspaldi eman banion/ zer dugu ba giltzurruna?» Bikotekideak ematen dionarekin alderatuta, giltzurruna ematea gutxi dela azaldu du, azkenik, kantuz: «Ta zentzuduna izaten nabil/ ez da soilik maitasuna/ nahiz batzuetan izaten naizen/ puru, gogor ta zurruna/ maite dut zure lo aurpegia/ gaueko samurtasuna/ eta zu gabe ezin nezake/ irudika etorkizuna/ nahiz den une bat iluna/ galtzaile ta txapelduna/ hartu ezazu merezi duzu/ eta nire giltzurruna/ hori ta askoz gehiago baita/ zuk ematen didazuna».

Peru Abarrategi izan da bakarkako lanari erantzuten hurrena. Gai emaileak honako gaia jarri dio: «Asko miresten duzun artista batek abusuak egin zituela jakin duzu».

Abarrategik lehen bertsotik kantatu du Ayax y Prok zirela miresten zituen bi artistak: «Spotify-n jarrita/ entzuten nituen aurrez/ beraien letrak abestu/ ohi nituen nik indarrez/ albistea irakurri/ ta nago umore txarrez/ idoloak jausi zaizkit/ zuei aitortu beharrez/ Ayax eta Prok miretsi/ izan nituen nik berez/ baina kabroi batzuk dira/ beste batzuk diren legez/ altuan kantatzen zuten/ Mujeres y más mujeres». Izorratu daitezela: horixe desio duela azaldu du bertsoz: «Ez zutenez aurkituko/ haiek laztanen epela/ nahi dutena egitea/ da beraien erregela/ ta gaur ikusi duguna/ horren zerrenda krudela/ ez baditugu gelditzen/ segiko dute horrela/ beti izaten baitute/ inpunitate itzela/ tratatu behar ditugu/ merezi duten bezela/ beraien amildegian/ izorratu daitezela».

Gaiak hala aginduta, Arrizubietaren haurra transa da, eta gaur ere izugarrizko lezioa eman dio.

Hala kantatu du lehendabiziko kolpea: «Kontatu zidan guztia eta/ sortua zitzaidan kezka/ ea jendeak esango zion/ zebilela aldrebeska/ ordea haurra ausarta dugu/ eta nahiz dena ez den festa/ gaur irten gara barrezka/ hasi natzaio galdezka/ beste alaba bat eukiko dut/ ta ze ondo dela neska/ berak esan dit: izan daiteke/ baina oraindik ere ez da». Alabaren ondora hurreratu da, gehiago ikasteko asmoz: «Oraindik badugu lana/ baina hau eztenez zama/ etorri zaitez dena azaltzeko/ zatoz berriz niregana/ ta ikasteko borondateak/ bere ondoan narama».

 

Gaiaren arabera, droga arazoak gainditzea lortu zuen Unai Andak, baina bere lagunak ez zuen lortu.

Hala abiatu du bertsoaldia: «Herrian horrenbeste jai/ ta horrenbeste taberna/ goizean resaka baino/ etorri ohi zen galerna/ horixe zen gaztaroa/ ustez genuen onena/ eskutan hartzen genuen/ guk biok baso gardena/ kokainarekin hasi/ eta sartu behar dena/ beti ibili ohi ginen/ gu komunetan barrena/ genioen: zer da gerta/ dakigukeen txarrena?». Eskua luzatu dio lagunari, eta laguntzeko prest dagoela esan: «Bizitza, ordea, beti/ joaten ohi da aurrera/ ta pausua emateko/ ai, horrenbeste barrera/ nik aldatu nuen, noski/ behinola nire jarrera/ ta terapian goxo-goxo/ egin zidaten harrera/ esan nahi dizut laguna/ oraintxe duzu aukera/ eta zu bakar-bakarrik/ ezin bazara atera/ heldu zaidazu eskutik/ egingo dugu batera».

Interesgarria izango zaizu
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!