Zuzenean

Amets Arzallusek irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa

746,5 puntu eskuratu ditu, eta hurrenkera honetan sailkatu dira gainerakoak: Beñat Gaztelumendi, Saioa Alkaiza, Xabat Illarregi, Xabat Galletebeitia eta Gorka Pagonabarraga. BERRIAk zuzenean kontatu du.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa | Finalaurrekoak | Larraun- Lekunberri
Miren Mujika Telleria.
2026ko urriaren 24a
16:45

«Mil esker Lekunberri/ zuen txalo hotsak/ zekartzan Baionako/ ikasleen ahotsak/ ta nola ahaztu atzoko/ Gasteizeko bortxak/ neguan hartu behar/ dituenak hotzak/ egigun irri baina/ erakutsi hortzak/ bertsoa izan dedila/ etxe bat denontzat». Amets Arzallusek irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako aurreneko finalaurrekoa, Lekunberrin (Nafarroa). 746,5 puntu lortu ditu, eta haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Beñat Gaztelumendi (733 puntu), Saioa Alkaiza (689,5 puntu), Xabat Illarregi (674,5 puntu), Xabat Galletebeitia (664 puntu) eta Gorka Pagonabarraga (624 puntu). Arzallusek dagoeneko ziurtatuta du eserleku bat abenduaren 5ean Bilboko Miribillan jokatuko den finalaurrekoan, gaurkoa irabazi izanak zuzenean finalaurrekoen bigarren itzulian kantatzeko modua eman baitio. Gaur arratsaldean kantatu duten gainerako bostek, ordea, lehen itzulia bukatu artean itxaron beharko dute hurrengo fasera pasatuko diren jakiteko.

Lau saio ditu finalaurrekoen lehen itzuliak. Gaur jokatu da aurrenekoa, eta gainerakoak urriaren 31n, azaroaren 7an eta azaroaren 14ean izango dira, Eibarren (Gipuzkoa), Gernika-Lumon (Bizkaia) eta Miarritzen (Lapurdi).  

42 lagunek hasi zuten txapelketa final-laurdenetan, eta horietatik hamazazpi sailkatu dira finalaurrekoen lehen itzulirako. Orain beste zazpi bertsolari igoko dira txapelketaren trenera; hain justu, 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zutenak: Arzallus, Gaztelumendi, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi eta Sustrai Colina. 

Hemezortzi bertsolarik izango dute bigarren itzulira sailkatzeko aukera: lehen itzuliko lau irabazleak zuzenean, eta beste hamalau puntuazioaren arabera. Behin horiek ere bukatuta, zazpi finalista sailkatuko dira abenduaren 20ko final handirako, eta Maialen Lujanbio, hau da, 2022ko Euskal Herriko bertsolari txapelduna izango dute zain Iruñeko Nafarroa Arenan. 

Txapelketaren trenak Eibarren egingo du hurrengo geldialdia, datorren larunbatean, eta beste sei bertsolari arituko dira kantuan: Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Asier Azpiroz, Nerea Elustondo, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. Gai emaile lanak Igotz Alkortak egingo ditu.

azken momentuan

Gaurko irabazleak hala agurtu du aurrean izan dituen 1.400dik gora lagunak:

Mila esker Lekunberri

zuen txalo hotsak

zekartzan Baionako

ikasleen ahotsak

ta nola ahaztu atzoko

Gasteizeko bortxak

neguan hartu behar

dituenak hotzak

egigun irri baina

erakutsi hortzak

bertsoa izan dedila

etxe bat denontzat

Hala gelditu da puntuazioa:

Amets Arzallus.................... 746,5

Beñat Gaztelumendi............ 733 

Saioa Alkaiza....................... 689,5

Xabat Illarregi....................... 674,5

Xabat Galletebeitia............... 664

Gorka Pagonabarraga.......... 624

Amets Arzallusek irabazi du gaurko saioa, 746,5 punturekin. Hortaz, Bilbon kantatuko du abenduaren 5ean.

 

Saio puntuagarria amaituta, minutu batetik bestera esango dute zein den gaurko irabazlea. 

Pagonabarragak eta Galletebeitiak ere amaitu dute saio puntuagarria. Honakoa izan dute hamarreko txikian aritzeko gaia: «Ikaskideak zarete. Psikologia graduko lehen maila hasi berri duzue». Batxilergoa amaitu berritan hasi da Galletebetia, eta lanetik erretiratu ondotik, aldiz, Pagonabarraga. 

Galletebeitiak piztu du lehen txinparta: «Zu bigarren aukeran/ ta ni bala galdu/ bionak esan nahia/ berez, izan badu/ gazteok osasuna/ geuretzat daukagu/ ta aldi berean inoiz/ eztela berandu».

Psikologiaz jakin beharrekoa badakiela esan du segidan Pagonabarragak: «Edadetua baina/ etorri naiz jator/ utzi gura nituzke/ konplexu denak hor/ psikologiaz dena/ dakit dena, baikor/ dakidanari hitzak/ ipintzera nator».

Arzallus eta Illarregi gurasoak dira, gaiaren arabera. 8 urteko haurrak begetarianoa izan nahi duela esan die. Illarregi prest da otorduak aldatzeko, baina Arzallusek zalantza du. 

Illarregik eman du lehen kolpea, alabari zuzenduta: «Ai, alaba lehenago/ esango bazenit/ poz ikaragarria/ hartuko nuke nik/ ze ja udazkenean/ ezta udazkenik/ barazkiak merkego/ dauzkagu behin-behinik/ abeltzainek belarrik eztaukatenetik».

Umore puntu batez erantzun dio Arzallusek: «Kontu hori entzungo/ zenuen kalean/ alabak ze kapritxo/ dauzkan sabaelean/ aitona-amonak ere/ hor daude aldean/ hasten bada tofu ta/ brokoli galdean/ ez da sartuko/ aitan sukaldean».

Hamarreko txikian hasi dira bertsolariak. Gaztelumendi eta Alkaiza izan dira mikrofonora hurreratzen lehenak. Gaiak dio lanez gainezka dauden igeltsero bi direla, eta eskaera guztiei erantzun ezinik dabiltzala. Gaztelumendik lanaren prezioa igotzeko unea dela uste du, baina, Alkaizak ez. 

Gaztelumendik eman dio gaiari lehen kolpea: «Igeltseroak gara/ borondate finez/ etxegintzan gabiltza/ bizkarreko minez/ gurea ezin ordainduz/ besteenak eginez».

Alkaizak zera esan du, ez dutela gutxi kobratzen: «Ongi irabazten dugu/ eguzki ta laino/ poltsikoa beterik/ helduaz honaino/ pala ta zementuan/ Beñat, ze enpeino/ nik nahiago mantendu/ esan behar da, ño!/ bezeroen hezurrak/ zukutzea baino».

Xabat Galletebeitia izan da bakarkako lanari erantzuten azkena. Honakoa izan du gaia: 40 urte ditu, eta ez du inoiz manifestazio batean parte hartu. Bizitzearen garestitzea eta justizia sozialaren alde egingo du Baionako mobilizazioan. 

Gaur arte erosoenaren alde egin duela azaldu du lehen bertsoan, eta hala jarraitu du: «Jende saldoa kasik ganadu/ ta polizia erdi soldadu/ gaur arte urrun, gaur arte tabu/ gazte garaiak datoz deja vu/ berrogei urte dauzkan gizona/ hain mehar ta hain bakandu/ baina kalera atera nahi dut/ umil bezainbat ondradu/ orain artean borrokak enau/ horren errez beragandu/ baina helburuak merezi badu/ sekula ez da berandu»

Hala amaitu du bertsoaldia: «Kaletik zenbat jende pinporta/ ametsen alde, munduan kontra/ berriro gazte senti naiteke/ ukabilaz ta orroka/ behingoagatik sofatik kanpo/ odola daukat borborka/ jarrita egon naiz luzaro baina/ parean daukat erronka/ berreskuratu nahi ditut biak:/ kaleak eta borrok».

 

Bere herriko kirol klubean sartuta pasatu ditu urte asko Saioa Alkaizak, gaiak dioenez. Lehendakari izateko eskatu diote, baina ezetz esan nahi du.

Karguak buruhausteak ekarriko lizkiokeela uste du Alkaizak, eta azaldu du klubak emakumezkoen kirolaren alde egin izan balu, kargua hartzeko zalantzarik ez lukeela izango: «Don Joxe oraingo lehendakaria/ horren da gizon ilustre/ 'benga, Saioa, anima zaitez'/ zenbat koipe, zenbat lustre/ eta nik 'ez, ez', erantzun diot/ enaiz zu bezala hantuste/ eta karguak baietz ekarri/ gero mila buruhauste/ beti aldarrian aritu naiz ni/ horren tinko urtez urte/ eta kolpeak bizkar ertzean/ dena irri, dena azukre/ zinez hartuko nuke kargua/ ez zalantza, ez itute/ oinarritikan nesken kirola/ bultzatu izan balute».

Inurri lanetan jarraitzea erabaki du azkenean. «Ta 'bale bale', erantzun dit hark/ bere zauria orbaintzen/ nik esan diot lanpostu hori/ ez du urreak ordaintzen/ triste nengoke ta txikitua/ nere baitara ebaintzen/ letorkeena badudalako/ urrutitikan usaintzen/ ta hemen nago dena garbitzen/ erratzaz dena alaitzen/ herriko lana txikiz egin ta/ ez inorekin etsaitzen/ nere buruai esaten diot/ 'jo, Saio, ze ona haizen/ ez dakizue inurri lanez/ ze zoriontsua naizen».

Gaiak hala aginduta, Illarregik gaur ordaindu du duela 30 urte erosi zuen etxearen azkeneko kuota, eta bertsoz esan du orain arte bere etxetzat zuena, gaur arte ez zela berea. «Nahiz kreditu bat eskatu nuen/ firma bat xehe-xehea/ ordaintzea zen xedea/ bankuak inoiz ez du egiten/ besteekiko mesedea/ gaur azken kuota ordaindu dut ta/ orain da nere fedea/ sentitu nadin trebea/ ze paradoxa etxearena/ hau al da gizalegea?/ nere etxea deitzen niona/ gaur arte etzen nerea».

Bere seme-alabek bere aukera bera izango ote duten, zalantza horixe agertu du hurrengo bertsoan: «Nahiz eta saldu ohi dizkiguten/ bai telebistak, bai prentsak/ bete ezin diren ametsak/ gaur arte nigan sentitu ditut/ hilabeteroko fetxak/ angularik ta kabiarrik eztu/ gure armairuko despentsak/ horiek gure defentsak/ azkenerako teilatupe hau/ hartu ahalko dut etxetzat/ baina aukera hau izago al da/ nere seme-alabentzat?».

Hala amaitu du bertsoaldia: «Askotan jarri baitiot nere/ buruari nik eskela/ ezin zitekeen bestela/ ordaindu ezean etxea bihur/ baitakizuke kartzela/ orain nere da laurogehi metro/ neurtzen ditun partzela/ lehenago etzen bezela/ zoriontasun bat sentitzen dut/ agian erdi ustela/ badakit eta familia asko/ kanporatzen dituztela»

Gaiaren arabera, guraso izan berri den musikaria da Gaztelumendi. Zaintza kontuak direla medio, proposatzen dizkioten kontzertu askori ezezkoa ematen hasi da.

Hala abiatu da Gaztelumendi: «Mikro aurrean askatu/ ohi dut amorrazioa/ ta jateko behar dugu/ gure diru razioa/ birak asko maite ditut/ ta maite dut akzioa/ baina, uztartzen zail dira/ bizitza ta pasioa/ haur bat izan da guztia/ aldatu didan zioa/ bera zaintzera zuzendu/ dut nire edukazioa/ nahiz guraso izateak/ daukan bedeinkazioa/ gezur bat besterik/ ez da kontziliazioa».

Segidan kontatu du «askok» ez duela bere ezezkoa ulertzen: «Hiru hilabete dauzka/ bizitzeko hainbeste sen/ biberoia husten diot/ eta aldiro betetzen/ zeozer kantatu eta/ begiak dira ernetzen/ ta halako silaba batzuk/ ezpainen ertzean lehertzen/ gurasotasun bizitza/ sarri ertzenetan ertzen/ nahiz ta ohitua nagoen/ oholtza gainean agertzen/ ustez amaren kasuan/ beste aukerarik etzen/ eta ni aita naiz eta/ askok eztute ulertzen».

Azken bertsoan, berriz, haurrari zuzendu zaio: «Ta negarrez esnatu da/ goizeko laurak zirela/ nere besotan estutuz/ eskaini diot epela/ askok esaten didate/ urrundu behar nukeela/ halere, etxekoentzat/ hain litzateke krudela/ kantuan goxatu diot/ bere masail ertz umela/ badaki eta bizitza/ maiz horrelakoa dela/ haurra handitzen zarenean/ ulertuko duzu bela/ aitaren isiltasunak/ asko balio duela».

Gaia aditu eta berehala kantatu du lehen bertsoa Pagonabarragak. Preso ohia da, eta hamar urte igaro dira espetxetik atera zela. Gaur kartzelan jasotako eskutitzak aurkitu ditu.

Kanpora irtendakoan lanak izan zituela azaldu du kantuz: «Irten nintzela hamar urtetxo/ pasatu dira jadanik/ eta kanpora egokitzeko/ noski, izan nuen lanik/ borrokalari izanak gara/ noski, txiki-txikitandik/ ta eskutitzok irakurtzeak/ kriston sustoa eman dit/ hitz ze goxoak, hitz ze ausartak/ hitzak bai lagunengandik/ eta bistan da, nire zati bat/ barruan dago oraindik». 

Eta, eskutitzetan irakurritakoa kontatu du azken bertsoan: «Kartzelan eman zaigun tratuak/ eztu ez hanka ez buru/ pasa ditugu eztakit-zenbat/ infernu ta suzko mundu/ ta oroitzapenak bueltan datozkit/ orain segunduz segundu/ testuak leitzen hasiko naiz ta/ hiru-lau berba inguru/ animo Gorka, zurekin gaude/ eutsi ezazu seguru/ neure lagunok, eskerrik asko/ eusten jarraituko dugu».

Gaiaren arabera, denda bateko langilea da Arzallus. Duela astebete, bularreko minbiziaren aurkako eguna zela eta, nagusiak denda larrosaz apaintzeko esan zion. Gaur ari da dena jasotzen. 

Lehen bertsoan kantatu du aste bakarrean gogoratzen dela minbiziarekin: «Jendea pasatzen da/ bitrina aurrean/ ta guk gantxo bat jarri/ hari muturrean/ ohial larrosak goian/ ertzetan, lurrean/ kausaren alde gure/ luze laburrean/ jendeak minbizia/ dakar bularrean/ nik bitrina hustu dut/ ilunabarrean/ ta gu oroitzen gara/ aste bakarrean».

Segidan, nagusia deskribatzeari ekin dio hurrengo bertsoan: «Baina, nagusia dut/ zurruna, zorrotza/ 'egun on' esatean/ azaltzen dit hortza/ 'jantzi dena larrosez'/ ta harek ze poza/ ta hurrena Halloween/ kolore airosa/ dirua baitugula/ minbizi gaitz hotza/ eta haren baitako/ zorion arrotza/ ez du bularrik kentzen/ baina bai bihotza».

Dena biltzen ari da une honetan, nahiz eta kontzentzia erabat garbi ez eduki. Horra azken bertsoa: «Dena biltzen ari naiz/ ni haren peskizan/ ohialak armairuan/ betiko gerizan/ ta kontzientziak dio/ Amets, zertzabiltzan/ menpeko izateak/ nola zarabiltzan/ bitrina jantziko dut/ hark nahi duen gisan/ baina errukia utzi/ dezala elizan/ baina amu komertzial bat/ eztadila izan».

Bakarkako lanari ekingo diote orain sei bertsolariek. Amets Arzallus da mikrofonora hurreratzen lehena.

Puntu-erantzunetan ari dira orain bertsolariak.

Interesgarria izango zaizu
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA