Zuzenean: AEBen erasoa Venezuelari
AEBek Venezuela bonbardatu dute, eta preso hartu dute Nicolas Maduro presidentea. Narkotrafikoa leporatuta epaitu nahi dute AEBetan.
NBE: «Aurrekari arriskutsua»
NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres kezkatuta agertu da, eta, haren izenena, NBEren bozeramaile batek Reuters agentziari adierazio dio AEBek «aurrekari arriskutsua» jarri dutela. Venezuelari eraso eginda. Estatu ugarik deitu dute NBEra gaur, Segurtasun Kontseiluaren presazko bilera bat eskatzeko. «Guztiek nazioarteko legedia errespetatzea», eta, bereziki NBEren Gutuna errespetatzea ezinbesteko jo du NBEk, eta AEBek nazioarteko legedia urratu dutelako «oso kezkatuta» agertu da.
Albares Senatuan agertzeko eskaria
EH Bilduk eta ERCk eskatu dute Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak Espainiako Senatuan agerraldi bat egin dezala, «AEBetako Gobernuak Venezuelako Errepublika Bolivartarren kontrako erasoari» buruz azalpenak eman ditzan.
Iñaki Anasagasti EAJko ordezkari ohia Venezuelan sortu zen, eta sarritan hitz egin du herrialde horri buruz. Gaur «pozik» agertu da, eta adierazi du AEBen erasoa eta Nicolas Maduroren atxiloketa «urtea hasteko albisterik onena» direla, «bortizkeria» ez dagoela justifikatua, «baina diktadura ere ez». Nabarmendu du Madurok «hauteskunde batzuk lapurtu» zituela, eta herrialdeak trantsitzio demokratiko eta baketsu bat egin ahalko duen esperantza agertu du.
EHKSren protestak hiriburuetan
EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak deituta, protestak egin dituzte hiriburuetan, «oligarkia inperialistaren estatu kolpea» gaitzesteko. Erakunde horren esanetan, erasoaren helburua da «eskuin muturreko erregimen txotxongilo bat» ezartzea Venezuelan, hango petrolioaz jabetzeko, eta narkotrafikoaren kontrako Trumpen argudioak horretarako «aitzakiak» besterik ez dira. Europako gobernuen «hipokrisia» ere deitoratu dute, eta «Venezuelako herri langileak erresistentziarako eskubidea» duela aldarrikatu dute.
Zurekin Nafarroak, Nafarroako Ezker Batuak eta Ezker Anitzak ere gaitzetsi egin dute AEBen erasoa. Zurekin Nafarroak «eraso inperialista» deitu dio, eta ziurtatu du horren helburua «Venezuelako baliabide naturalak» eskuratzea besterik ez dela, munduko petrolio erreserba handienetakoak baitaude han. Legez kontrako eraso bat izan dela ohartarazi du, eta mobilizatzera dei egin die herritarrei.
Geroa Sozialberdeak, nazioarteko legediaren eta herrien subiranotasunaren alde
Geroa Sozialberdeak ere salatu egin du «Venezuelako herriaren kontrako erasoa», eta nabarmendu du estatuen arteko elkarbizitza bermatzeko ezinbestekoak direla «nazioarteko legedia, herrien subiranotasuna eta ez esku hartzeko printzipioa» errespetatzea. Printzipio horiek urratzeak mundua «egoera arriskutsu batean» jartzen dute, alderdiaren esanetan.
Euskal Herriko internazionalistek Venezuela babestu dute
Euskal Herriko mugimendu internazionalistako hainbat eragilek deituta, kontzentrazioak egin dituzte gaur arratsaldean Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon. Prozesu bolivartarraren defentsan, Venezuela tinko. Eraso inperialistari ezI lelopean ehunka herritar bildu dira, eta Venezuelari babesa adierazi diote.
«Venezuelaren aurkako erasoa ez da berria, baizik eta prozesu horren kontrako oldar historikoaren beste fase bat; oligarkiak ezin baitu baimendu askapen prozesurik, herri matxinorik», adierazi dute. Halaber, kritiko mintzatu dira Europako Batasunaren jarreraren kontra, baita Euskal Herrian «Venezuelako prozesua desitxuratzen duten alderdi, hedabide eta eragile» guztien kontra ere. «Venezuelaren aurkako erasoak eta esku hartze militarra justifikatzen dute hemengo burgesiak eta bere lekaioek, nahiz eta giza eskubideen aldeko mezu humanitaristekin eta bakezalekeria abstraktuarekin mozorrotzen saiatu», adierazi dute.
Amaitu da Trumpen agerraldia
Kazetarien aurrean ordubetez egon ostean, amaitu da Donald Trump AEBetako presidentearen agerraldia. Paparra atera du bart egindako erasoarengatik, eta behin eta berriro azpimarratu du inoiz egin den erasorik handienetako bat dela. Besteak beste, Venezuelaren etorkizuna, bart egindako operazioaren xehetasunak, petrolioarekin lotutako negozioak eta Maduro bera izan ditu mintzagai. Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruetako baten gainean ere galdetu diote Trumpi, baina adierazi du ez daukala Venezuelako herritarren «sostengu eta errespetu» nahikorik.
Trumpek dio AEBek hartuko dutela Venezuelaren kontrola
Venezuelaren etorkizuna zein izango den da orain askok eta askok egiten duten galdera. Bada, Trumpek esan duenez, AEBek hartuko dute herrialdearen kontrola, «trantsizio seguru bat» egin daitekeela baieztatu arte. «Kudeaketa egokia egin nahi dugu. Ez dugu Maduro atzeman eta alde egin nahi. Herrialdea zuzenduko dugu trantsizio egokia gertatu arte». Gainera, Maduroren inguruan esan du Venezuelako presidenteak «munstrorik okerrenak» bidali dituela AEBetara, eta ez duela inoiz onartuko norbaitek AEBen subiranotasuna mehatxatzea. «Hemendik aurrera Madurok ezingo du inor mehatxatu Venezuelan».
Trump: «Gure petrolio konpainiek milaka milioi dolar inbertituko dituzte Venezuelan»
Munduko petrolio erreserbarik handienetakoak ditu Venezuelak, eta Trumpek kritikatu egin du Venezuelak petrolioarekin orain arte egin duen kudeaketa. «Venezuelak luzaroan egin du porrot petrolioaren negozioarekin. Atera zezaketena eta atera dutena alderatuta, oso petrolio gutxi atera dute». AEBetako presidenteak azpimarratu du Venezuelan petrolioaren negozioa «berreskuratzeko» prest dagoela. «Gure petrolio konpainiak munduko handienak dira, eta milaka milioi dolar inbertituko dituzte petrolio azpiegiturak konpontzeko, eta herrialdearentzat diru sarrerak sortzeko».
Txibite: «Petrolioarekiko eta energia baliabideekiko interesak garrantzi handia du esku hartzeko erabakian»
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak Venezuelako erasoa gaitzetsi du, eta nazioarteko zuzenbidea urratzen duela erran. «Petrolioarekiko eta energia baliabideekiko interesak garrantzi handia du esku hartzeko erabakian, narkotrafikoari edo demokraziari buruzko diskurtsoaz harago», adierazi du.
Trump: «Beste eraso bat egiteko prest gaude, halakorik beharko balitz»
Bart egindako erasoaren inguruko xehetasunak emateaz gain, Trumpek ohartarazi du «beste eraso bat egiteko prest» daudela AEBetako estatu indarrak: «Lehen erasoak horrenbesteko arrakasta izan duenez, ez dut uste beste eraso bat egitea beharrezkoa izango denik. Baina behar izanez gero, eraso handiago bat egiteko prest gaude».
Trump: «Maduro eta haren emaztea itsasontzi batean daude»
Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen inguruan, Trumpek adierazi du AEBen itsasontzi batean dagoela, bere emaztearekin batera, AEBetako estatu indarrek atzeman dutenetik. «Maduro legez kontrako diktadore bat da, eta sare kriminal bat zuzentzen zuen. Horregatik, Madurok eta haren emazteak AEBetako justiziari egin beharko diote aurre. Eta bere jarduera kriminalaren frogak aurkeztuko dira», adierazi du Trumpek.
LAB: «Nazioarteko bakea eta egonkortasuna mehatxatzen ditu»
«Eraso militarrek, mehatxuek eta interes inperialistetatik bultzatutako desegonkortze politikek herrien sufrimendua areagotzea eta nazioarteko ezegonkortasuna handitzea besterik ez dute eragiten». LAB sindikatuak ohar bidez salatu ditu Venezuelaren kontrako erasoak, eta erran du «nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria» direla, «etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duen herri baten burujabetzaren aurkako eraso zuzena». «AEBek Venezuelaren aurka egindako erasoak nazioarteko bakea eta egonkortasuna mehatxatzen ditu», ohartarazi dute.
Hegoak plataformak biharko deitu dituen mobilizazioetan parte hartzera dei egin du, eta Venezuelako herriari, baita antzeko erasoak pairatzen dituzten bertze nazio guztiei ere babesa helarazi diete. Halaber, sindikatuak berretsi du «herrien burujabetzarekin, autodeterminaziorako eskubidearekin eta gatazken konponbide baketsuarekin» duen konpromisoa.
Trump: «Beste inork ez dauka eraso hau gauzatzeko ahalmenik»
Erasoari berari dagokionez, AEBetako presidenteak adierazi du «munduko beste edozein herrialdek» ez lukeela lortuko AEBek hain epe laburrean egitea lortu dutena. «Venezuelako militarrek ezin izan dute ezer egin gure militarrek, estatu indarrekin batera, gauerdian Maduro atzeman dutenean», adierazi du erasoaren nondik norakoak azaltzeko egindako prentsaurrekoan.