Jose Angel Iribar - Ainhoa Tirapu

Bi aro, bi ikur

Goi mailako atezainak izan dira. Erretiroa hartzeko garaia eurek erabaki dute, eta, botak eta eskularruak kendu ondoren, Athleticen jarraitu dute lanean. Bizitzea egokitu zaien sasoian pil-pilean egon diren kontuetan buru-belarri ibili dira, bai zelaian, bai zelaitik kanpo. Jose Angel Iribar eta Ainhoa Tirapu dira.

jarraia185346.jpg
haritz gallastegi
2020ko abuztuaren 9a
14:21
Entzun

San Mameseko tabernan da hitzordua Jose Angel Iribarrekin eta Ainhoa Tirapurekin. Iribar iritsi orduko hasi da jarraitzaileekin argazkiak ateratzen. Naturaltasunez. Harentzat ohikoa da. Tirapu, berriz, bizikletan etorri da. Berotuta. «Haizea kontra eta maskararekin…», dio irribarretsu. Agurtu, eta solasaldia hasi da.

Iribar eta Tirapu, San Mames alboan

 

 

Egokitu al zarete normaltasun berrira?

JOSE ANGEL IRIBAR: Beharko egokitu. Egoera hau ez sinistekoa da. Inork ez genuen horrelakorik espero. Aurrera egin behar da. Ez dago beste aukerarik.

AINHOA TIRAPU: Ohitu egin behar dugu. Osasun arazo larria daukagu. Gure bizitzak aldatu egin dira, eta ez dakigu noiz amaituko den pandemia. Ez dakit lehengo normaltasunera bueltatzeko aukera izango dugun.

Futbolean ere eragin handia izan du. Zaleek, adibidez, ez dute estadiora sartzeko aukerarik izan. Nola bizi izan duzue egoera ezohiko hori?

IRIBAR: Ez zait gustatu, baina izan den baino gogorragoa egingo zitzaidala uste nuen. Uste baino hobeto eraman dut. Hala ere, futbola jarraitzaileena da. Zalerik gabeko futbola beste gauza bat da. Futbolak jarraitzaileak behar ditu. Epe laburreko neurri gisa balio dezake, baina aurrera begira ez du zentzurik. Futbolari beste izen bat jarri beharko genioke.

TIRAPU: Niri oso arraroa egin zait San Mamesen partida jokatzea eta nik harmailara joateko aukerarik ez izatea. Hala ere, ulertzen dut futbola bueltatu izana. Normaltasuna berreskuratze aldera, beste pauso bat izan da. Bestalde, gure liga ezin izan zen amaitu. Egoerak eskatzen zuen protokoloa betetzeko dirua behar da, eta gure txapelketak oraindik ez dauka baliabiderik.

San Mamesen da hitzordua. Orain lasai dago, baina zuek hemen bizi izan duzuenak ez dauka zerikusirik orain dagoen patxadarekin. Zer da zuentzat San Mames?

TIRAPU: Oso leku berezia da. Oroitzapen zehatzak ditut, argazkiak izango balira bezala. Zelai zaharrean aldagelatik jarraitzaileen bultzada entzuteak ematen zidan atentzioa. Zelai berriko oroitzapenak ikuskizunarekin lotzen ditut. Ez ditugu partida asko jokatu, baina oso bereziak izan dira. Kirol arloan garrantzitsuak izan dira. eta, gainera, magikoa den estadio batean jokatzeak berezi egiten ditu oroitzapen guztiak.
IRIBAR: Niretzat San Mamesen zaleekin elkartzeko lekua da. Partida eguna iristeko irrika izan dut beti. Taldeak eta jarraitzaileek bat egiten duten momentu hori berezia da. Hori kendu digute egoera berri honetan.

«Umea nintzenean ,ez nuen aukerarik izan Athleticen jokatzeko ametsa izateko. Egungo gaztetxoek amets egin dezakete»

Ainhoa Tirapu

Jendeak egiten du berezi Katedrala?

IRIBAR: Noski. Estadioa erakin bat besterik ez da. Zaleek ematen diote bizia San Mamesi.
Ainhoa, zuek 48.000 lagun elkartu zenituzten San Mamesen.

TIRAPU: Inoiz ahaztuko ez dudan eguna izango da. Emakumezkoen taldeak San Mamesen jokatzen duen bakoitzean, jendetza biltzen da. Horrek esan gura du taldeak babes handia daukala. Emakumezkoen futbolean ez da erraza. Horrek berezi sentiarazten gaitu. Finean, Athletic familia bat da. Dena egiten dugu elkarrekin. Eta zaleak ere horren guztiaren parte dira.

Erretiroa hartu berria zara. Barneratu duzu ez duzula gehiago gorengo mailan jokatuko, edo denbora beharko duzu?

TIRAPU: Denboraldia hasi zenetik, argi nuen azkena izango zela. Egia da ez nuela horrela amaitzea espero, baina beste urtebete jarraitzea oker handia izango zen. Klubak ni sasoi betean egotea merezi zuen, eta ez nekien gai izango nintzen eskaera horri aurre egiteko.

Jokalari askori kosta egiten zaie futbola utzi eta bizimodu berrira egokitzea. Hutsune handia izaten dute denbora batez. Jose Angel, zuk ere txarto pasatu al zenuen?

IRIBAR: Nik ez nuen arazorik izan. Beharbada, ez nintzelako futboletik aldendu izango zen. Izan ere, erretiroa hartu bezain laster, teknikari lanetan hasi nintzen Athleticen. Bestalde, Ainhoak egin duen gisara, nik erabaki nuen futbola uztea. Klubak jarraitzeko eskaintza egin zidan, baina ni ez nengoen sasoian. Nire ustez, oso garrantzitsua da erabakia hartzeko orduan asmatzea. Nik ez nuen futbolaren falta sumatu. Baina uzteko zalantza izan, eta erretiratu diren futbolari asko ezagutu ditut futbola lagatzea oso gogorra egin zaiena. Erretiroa hartzearekin bat, gauza asko amaitzen dira: soldata handiak, bidaiak, lan saioak... dena aldatzen da. Pausoa gaitza eta gogorra da.

Zortekoak izan zarete. Norberak erabakitzea noiz erretiroa hartu gauza handia da.

IRIBAR: Duda barik.

TIRAPU: Lesioak behartuta edo lan munduari lehentasuna ematearen ondorioz utzi duten taldekideak ezagutu ditut. Ez da inoren gustukoa. Nire kezka bakarra eguna iristean gauzak argi izatea zen. Hau da, momentua ondo aukeratzea. Eta hala izan da. Ez nuen nahi urtebetez futbola gorrotatuz jokatzea. Errespetua ematen duen momentu bat da. Bestalde, gizonezkoetan futbolariek koltxoi handia dute aurrera egiteko, baina gehienetan ez du bizitza osorako ematen.

Futbolak garapen handia izan du, eta arlo horretan ere hobetu dela uste duzue? Hau da, egungo jokalariak hobeto prestatzen dituzte futbola amaitzen denerako?

IRIBAR: Gure sasoian oso argi geneukan futbola utzi osteko bizitzarako prestatu behar genuela. Orduan ere bazeuden ikasten zuten futbolariak. Prestatzen ginen, eta egiten ez zuenak txarto pasatzen zuen. Asko izatetik zerora pasatzeko arriskua zegoen. Gazte-gaztetatik erakutsi behar zaie futbolariei ezinbestekoa dela erretiro osteko bizitzari aurre egiteko.

TIRAPU: Gure egoera ezberdina da. Emakumezkoen futbola asko hazi da azken urteotan, baina oraindik ezin da futboletik bizi. Hortaz, ohikoena jokalariak ikasketak egitea izaten da. Pentsa, Ainhoa Alvarezek futbola utzi du aurten lan munduan bidea egiteko. Bestalde, dirutza irabazi duten futbolariekin gizarte gisa lan egin behar dela uste dut. Futbola utzitakoan bizitza oso luzea da, eta egoera berriei aurre egiteko prestakuntza eman behar zaie.

Athleticen arrastoa utzi duten bi atezain zarete. Bat gizonezkoa eta bestea emakumezkoa. Ainhoa, hau duela hogei urte pentsaezina izango zen. Gauzak aldatuz doaz ezta?

TIRAPU: Duela hogei urte emakumezkoen taldea ez zen existitzen, kar-kar. Aurrera goaz. Umea nintzenean ez nuen aukerarik izan egunen batean Athleticen jokatzeko ametsa izateko. Egoera aldatu egin da. Euskal Herriko neskatoek izan dezakete amets hori. Gainera, Athletic erreferentea da emakumezkoen futbolean. Lan handia egin dugu azken urteotan. Euskal gizarteak ere ondo hartu gaituela esango nuke.

Nola ikusten duzu zuk, Angel?

IRIBAR: Berdintasunean urratsak egiten ari garela erakusten du. Athleticek apustu garbia egin zuen emakumezkoen taldea sortzeko.

Iribar ikur bat da Athleticen. Euskal Herri osoan da maitatua. Baina, nolakoa da harekin egunero jardutea klubean?

TIRAPU: Eredu da. Nik ez nuen profesional gisa jokatzen ezagutu, baina behintzat San Mames zaharraren agurreko partidan ikusteko aukera izan nuen. Ez genuen espero. Iritsi zitzaion aurreneko baloia lehen ukituan jo zuen. Ederra izan zen.

IRIBAR: Niretzat ere egun berezia izan zen, ahaztezina. Nire bizitzako onenetakoa. Ideiaren berri izan nuenean ez nuen argi ikusi, baina gerora oso ondo geratu zen bost kapitain ohik azken partidan jokatzeko aukera izatea.

«Futbola jarraitzaileena da. Epe laburrean balio dezake ateak itxita jokatzeak, baina aurrera begira ez»

Jose Angel Iribar

Athleticen atea goi mailako atezain askok zaindu dute: Lezamak, Cedrunek, Zubizarretak, Kepak.. eta, nola ez, Iribarrek. Bada, zuekin batera Tirapu dago. Athleticen historian mugarri izan da. Atezain izan gura duten emakumeentzat ispilua da. Jose Angel, zuk garai batean bete zenuen funtzioa Ainhoak beteko du atzetik datozen beste atezain batzuekin?

IRIBAR: Bai. Ainhoaren kirol ibildeak eta nireak antz handia dute: Athleticen jokatuko dugu; elastiko beltza janzten genuen; guk erabaki genuen futbola lagatzeko unea zein zen; erretiroa hartu ondoren klubean hasi ginen lanean... Kirol bizitza antzekoak izan ditugu.

Eskularruak zuen laneko tresna izateaz gain, zer dira?

TIRAPU: Segurtasuna ematen didate. Atezain batentzat ezinbestekoa da. Oso berezia naiz eskularruekin. Niretzat ezinbestekoa da eskularruek usain ona izatea; bestela, ez nago eroso. Atezain gutxi egongo dira eskularruak garbigailuan garbitzen dituztenak. Hondatzeko arriskua dago. Bada, nik garbigailutik pasatu izan ditut beti. Bestalde, eskuetan sentitu egin behar ditut. Askotan salbatu egiten gaituzte. Eskuak txarto jarri arren, baloia gelditzen laguntzen du eskularru on batek.

IRIBAR: Gure sasoian eskularru barik entrenatzen eta jokatzen genuen. Eskularru barik hobeto sentitzen nuen baloia. Euriari, lokatzari eta hotzari aurre egiteko hasi nintzen eskularruak erabiltzen. Ez zuten zerikusirik egungoekin. Neguan kalerako erabiltzen genituen artilezko eskularruekin jokatzen genuen. Hasieran, lagundu egiten ziguten, baina gerora pisutsu bihurtzen ziren. Egun, asko garatu dira, eta laguntza handia ematen diete atezainei.

Atezainaren postua da futbolean dagoen bereziena. Eskuekin jokatu ahal duen bakarra da. Gainera, izaera berezikoak zaretela esan ohi da. Ezberdinak sentitzen zarete?

TIRAPU: Ni beti sentitu naiz talde bateko kide. Hala ere, atezainak lan asko egiten du bakarrik. Horretaz gain, janzkera ezberdina du, eta arauak ere ezberdinak dira. Postu berezia da. Bestalde, erantzukizun handia dugu, eta batzuetan gogorra egiten da. Arraroak garela esaten dute, baina ni ez nago ados, kar-kar.

IRIBAR: Ni jokalaria sentitu naiz beti. Bat gehiago. Atezain postuak berezitasunak ditu, baina beste barik. Atezaina defentsako lanarakin lotu izan da beti. Jaurtiketak gelditzeko baino ez da aintzat hartu. Arriskuak hartu izan dituzten atezainak ez daude oso ondo ikusiak. Orain arte ez dira egon, behintzat. Athleticen Lezamak zuen fama hori. Baina nik, behar den baino arrisku handiagoa hartzen zuten atezainak baino gehiago, atezain aurrerakoiak iruditu zaizkit beti. Egun horrenbeste baloratzen diren atezainen antzera, hain zuzen ere. Ez nintzen zelai erdira arte baloi bila joaten, baina erasoko lehen futbolari gisa nuen neure burua.

Iribar, San Mamesen, jendez inguratuta

 

 

Atezaina izateko, umetatik lurrera sarri bota behar du batek; frakak zikindu behar dira, belaunak urratu, baloikadak hartu... Zer gomendio emango zeniekete horri guztiari aurre egiteko gertu dauden gaztetxoei? Hau da, atezain izatearekin amets egiten dutenei?

IRIBAR: Futbola bizitzeko gomendatuko nieke. Eta bizitzen badute, gozatu egingo dute. Detaile guztiei erreparatzeko esango nieke. Atzera ez begiratzeko. Harmailetara ere ez. Baloia da lehentasuna. Beste guztia alboratzeko eskatuko nieke.

TIRAPU: Bideaz gozatzeko esango nieke. Nik umetan ez nuen atezain izan gura. Beste askoren antzera, nik ere golak sartu gura nituen. Baina postu polita da. Halaber, ez itsutzeko esango nieke. Gorengo mailara iristea ondorio bat izan behar da. Eta arropa zikintzearekin ez arduratzeko. Gure etxean mendi bat egiteko adina kautxu sartu zen. Belar artifizialeko futbola zelaien lehen belaunaldikoa naiz.

Ainhoa, gustuko kirola egiteaz gain, harremanak lantzen ere lagundu dizu futbolak. Kirol soila baino gehiago izan da zuretzat.

TIRAPU: Txikitan arraro samarra nintzen. Ez nintzen nire adinekoekin erlazionatzen. Amazuloa nintzen. Futbolak taldekideekin harremanak lantzen eta irekiagoa izaten lagundu dit.

Jose Angel, zuri zer eman dizu futbolak?

IRIBAR: Goxotasuna. Nire gustuko jokoa ogibide bihurtu da. Eta, horretaz gain, jende interesgarri asko ezagutzeko aukera izan dut, Athletic barrutik ezagutzeko aukera eman dit... Gauza sinpleak dira baina, era berean, garrantzi handia dutenak. Arlo askotan izan da ibilbide aberasgarria.

«Emakumezkoen futbolak bideragarri izateari eman behar lioke lehentasuna, azkarregi hazteari baino gehiago»

Ainhoa Tirapu

Zer da zuentzat Athletic?

IRI: Sentimendua da. Miresten dugun erakunde bat da. Gure etxean umetatik izan dute gustuko Athletic. Aita eta osaba zale zuri-gorriak ziren. Gaztetxoa nintzenean hasi nintzen Athletic sentitzen. Athleticekin maitemindu egin nintzen. Halaber, kluba kudeatzeko era gustuko izan dut beti. Bere filosofia da klubaren oinarria.

TIRAPU: Athletic emozioen esparrutik azaldu behar den zerbait da: ezin da ukitu, ezin da eskuetan hartu... barrutik ateratzen den zerbait da. Filosofiak egiten gaitu berezi. Baina sentitzen dugun erak ere egiten gaitu berezi. Ez dut beste inon antzeko ezer ikusi. Niretzat oso berezia izan da klub honen parte izatea. Eta gure aitarentzat ere bai.

Zuek txapelketak irabazi dituzue, baina ez da Athletic urtero lehia horretan dagoen klub bat. Kopa bat altxatzea ez da dena?

TIRAPU: Athleticekin txapelketak irabaztea bereziago egiten du garaipena. Kopak urtero banatzen dira, baina Athleticekin behin irabazteak askoz gehiago balio du.

IRIBAR: Athleticekin tituluak irabazteak balio izugarria du. Gure jokatzeko erarekin gorengo mailan gauden partida bakoitza garaipen bat izango da. Kuadrillan irabaztea ikaragarria da. Bestalde, kanpotik etortzen diren entrenatzaileak harritu egiten dira taldearen funtzionamendua ikusten dutenean. Esate baterako, jokalariek lanerako duten gaitasunarekin harrituta geratzen dira. Inor ez da kexatzen. Bestalde, aireportuan zain daudenean denak elkarrekin ikusteak ere harritu egiten ditu. Izan ere, beste klub askotan bakoitza bere aldetik ibiltzen da. Sakabanatuta. Eta, hala ere, irabaztea da klubak duen helburua. Garaipenari ere garrantzi handia ematen dio. Kopako finalera irabaztera goaz. Lehiakortasuna ezin da galdu.

Athleticen filosofia ederra da askorentzat, baina klubak zailtasunak ditu harribitxiak konbentzitzeko. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan ari da ikusten jokalari onenak ez direla Athleticek eskaintzen dienarekin konformatzen. Joera hori gelditzerik badago?

TIRAPU: Jokalari bakoitzak bere kirol ibilbidearentzat onena den bidea hartu behar du. Athletic sentimendua barru-barruan daukagu jokalari gehienok. Sentimendua handia bada, jokalari gehienek ez dute taldea aldatzen. Halaber, klubak landu egin behar du arlo hori. Athletic dela aukerarik onena sinetsarazi behar die jokalariei. Txapelketa bat irabazi ostean harrera egiten bada edota San Mamesen partidak jartzen badizkigute, jokalarien eta klubaren arteko lotura sendotu egiten da. Egitasmo ezberdin bateko parte sentiaraztea garrantzitsua da. Egungo gizartean sentimendu hori transmititzea eta gazteak proiektu honetara erakartzea zaila dela dirudi, baina ez da ezinezkoa. Egin daiteke. Hala ere, beti egongo da arriskua jokalari batek beste bide bat hartzeko. Klubak aurrera egingo du. Aldaketa asko egon arren, goian mantentzen gara. Atzetik beste zerbait dagoelako gertatzen da hori.

IRIBAR: Athletic klub handia da. Arlo guztietan eskaintzen ditu baliabide onak. Geratu gura duenak denetarik izango du.

Jokalari garrantzitsuek beste bide bat hartzeko hautuak kolokan jar lezake filosofia?

IRIBAR: Ez. Beti egongo da taldea aldatzea nahiago duen futbolariren bat. Kanpoan tentazio handiak daude, baina Athleticek jokalariak ondo sentitzeko behar den guztia eskaintzen du.

Ehun urte barru, etxekoekin jokatzen jarraituko du Athleticek?

TIRAPU: Hala ez bada, niretzat ez da Athletic izango. Filosofia ezin da negoziatu.

IRIBAR: Beste Athletic bat izango litzateke. Nik uste dut gai izango garela berdin jarraitzeko.

Zuei begira jende asko egoten da. Zuek egiten eta esaten duzuen ia denak oihartzun handia izaten du. Ardura eragiten al dizue herritar askoren ispilu izateak?

IRIBAR: Bai. Niri talde barruan erakutsi zidaten arduratsu izaten. Aldagela batean era guztietako jokalariak aurki ditzakezu. Baina nik beti izan dut argi gauzak pentsatuta esan behar direla. Egun, klubaren ordezkaria naiz, eta are eta kontu handiagoz jarduten naiz. Klubean egongo ez banintz, akaso beste modu batean hitz egingo nuen kontu batzuez. Jarraitzaile asko dituen klubeko langile zarenean, ezinbestean izan behar da kontuan esaten dena eta esaten den modua. Athletic plurala da, eta zale guztiak izan behar ditugu kontuan iritzia emateko orduan. Oker handirik ez egiten ahalegintzen naiz. Hala ere, jokalari guztien iritzia errespetatu behar da. Futbolariaren aurretik pertsona dago. Askatasun osoa izan behar dute euren pentsamoldea plazaratzeko. Ni profesionala nintzen garaian beti ez nuen aukera izan pentsatzen nuena izateko.

TIRAPU: Jokalaria erakundearekin lotzen da. Gure kasuan, Athleticekin daukagu lotura. Klub garrantzitsua da, eta erantzukizuna daukagu. Esate baterako, emakumezkoen lan hitzarmena negoziatzen ari ginenean, esaten nuen gauza bakoitzak indar handia hartzen zuen. Ondo neurtu behar izaten nuen esaten nuen guztia. Bestalde, batzuetan pentsatzen dut futbolari izateagatik ez daukagula notizia diren gaien gaineko iritzia emateko eskubidea. Futbolariak jokatu egiten du, baina ez dauka iritzirik. Gehienbat gizonezkoen futbolean ikusten dut hori. Errespetuz egindako iritzi guztiak hartu behar dira aintzat.

Jokalari zinetenean gizartean ardura sortzen zuten gaien inguruan iritzia ematea egokitu zaizue. Jose Angel, zuri trantsizio garaian jokatzea egokitu zitzaizun. Zuek igortzen zenuten mezuak eragin handia zuen gizartean?

IRIBAR: Eragin handia zuela esaten zuten, baina zaila da hori neurtzea. Guk ikurrina atera genuen Atotxan. Europa guztian eman zuen zeresana. Eta Europatik kanpo ere bai. Guk argi geneukan hala izango zela. Helburu horrekin egin genuen. Aldarrikapen bat izan zen. Ikurrina debekatuta zegoen. Zerbait egiteko une aproposa zela erabaki genuen. Bakoitzak bere irakurketa egingo zuen hartu genuen erabakiaz. Baina behin aurrera egiten denean, ez dago atzera begiratzerik. Akaso baten bati pentsarazteko balio izango zion ekinaldi hark.

«Gure filosofiarekin, gorengo mailan gauden partida bakoitza garaipen bat da. Kuadrillan irabaztea ikaragarria da»

Jose Angel Iribar

Ainhoa, zu lan hitzarmenaren negoziazio mahaian egon zara. Gelditurik onenak adina balio al du lortu duzuenak?

TIRAPU: Jokalariok erakutsi genuen batasunak eta indarrak eman zidan poza. Sarri entzuten dugu gizonezkoen futbolaren babesean bizi garela, baina negoziazio horretan erakutsi genuen geure kabuz gauzak lortzeko gai garela. Hitzarmenak ekarri dituen gauza on guztiek baino garrantzi handiagoa ematen diot profesional askok bide bera jorratuta gauzak lortzeko gai garela erakusteari.

Futbolari baino lehen pertsonak zaretela aipatu duzue. Jarraitzaile batzuek esaten dute jokalariek gehiago inplikatu behar duzuela gizartea kezkatzen duten kontuetan. Beste batzuek, berriz, sentsibilitate askoko klubak ordezkatzen dituzuela, eta ez duzuela horretan sartu behar. Nola jokatu behar du futbolari batek?

TIRAPU: Bakoitzak gura duena egin beharko luke. Iritzia emanez eroso sentitzen denak zergatik ez du, bada, esango zer pentsatzen duen? Klubak lan handia egiten du gizarte eragile gisa. Ekinaldi batean edo bestean inplikatu gura duenak askatasuna izan behar du, eta iritzia eman gura ez duena ere errespetatu beharra dago. Kontua da futbolariok sarri ez dakigula nola asmatu. Iritzia ematen badugu, eman egin dugulako; eta ez badugu ematen, eman ez dugulako.

IRIBAR: Askatasunez egin behar dira gauzak.

Erdian, Ainhoa Tirapu, San Mamesen.

 

 

Futbola burbuila batean dago. Diru asko mugitzen du, eta interes handia pizten du. Eztanda egingo duen beldur zarete?

IRIBAR: Futbola ikuskizun erraldoi bat bihurtu da. Baina oinarrian gozatzeko kirol bat baino ez da. Diru kopuru handiekin edo txikiagoekin futbolak futbol izaten jarraituko du. Hala ere, ez dirudi epe laburrean egoera asko aldatuko denik. Hala ere, pandemia honek asko erakutsi digu.

Eta emakumezkoen futbolean zeintzuk dira ezinbestean eman beharreko pausoak?

TIRAPU: Emakumezkoen futbolaren hazkundean erotuko garen beldur naiz. Emakumezkoen futbola defizitarioa dela esan ohi da. Azkarregi hazteari baino gehiago, bideragarri izateari eman beharko lioke lehentasuna emakumezkoen futbolak. Egonkortasuna eman behar diogu. Azpiegitura profesionala duten taldeak gizonezkoen aurrekontuetatik dirua sartzen badute, egonkortasuna lortu aurretik atzera egiteko arriskua dago. Emakumezkoen futbolak arlo guztietan egin du gora, baina ikusi gura dut zer bilakaera izango duen hurrengo bost urteetan. Profesionala izatea eta lanaldi osoko kontratuak bermatzea izan behar dira helburu nagusiak.

Garai gozo hau ez dela aprobetxatuko uste duzu?

TIRAPU: Klubek, federazioek eta jokalariek aukera baliatuko dutela deritzot. Ez dutela atzerapausorik emango. Baina kezka dut.

Bukatzeko: Athleticeko ordezkari gisa, zer eskatuko zenukete etorkizunera begira ?

IRIBAR: Zale gazteengan pentsatuz Kopa irabaztea eskatuko nuke. Txapelketak irabazteak belaunaldi berrien eta klubaren arteko lotura sendotzen laguntzen du. Hori bai: Kopa zaleak harmailan daudela jokatu behar da.

TIRAPU: Bi taldeek Kopa irabaztea eskatuko nuke. Elkarrekin Kopa ospatzea itzela izango litzateke berdintasunaren aldeko borrokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.