Argitasun pixka bat independentziarako bidean

jon olano
2014ko azaroaren 26a
10:53
Entzun

Katalunia estatu independente izateko epe labur eta ertainera eman beharreko pausoen berri eman du Artur Masek. Boz plebiszitarioetara deitzeko aukera agendaren lehen lerrora igaro denetik, blokeoa antzematen zen zerrendak osatzeko moduaren inguruan, eta atzo bertan esan zuen Masek: mataza hori askatu gabe, ez dago hauteskunde aurrerapenik. Zerrenda bateratuaren indarra, zerrenda bereiziak gizarte sektore ezberdinetara iristeko gaitasuna, CiUren gainbehera edo ERCren nagusitasuna... aldagai ugari jokoan.

Eztabaida horretan aurrerapauso bat eman zuen atzo Masek, jokaldi batekin: argitasuna zerrenda bateratuarekin lotzea. Quebeceko independentzia erreferendumen ostean, Kanadako Gorte Gorenak ebatzi zuen sezesioa negoziatu beharko litzatekeela gehiengo argi batek galdera argi bati erantzuten baldin badio. Ebazpen hori estatu bateko auzitegiak eman bazuen ere, aitorpen zabala jaso du nazioartean printzipio gisa; horregatik, besteak beste, galdera argia egin zuten Eskozian —herrialde independentea izan behar al luke Eskoziak?—, eta gehiengo argia —baiezko botoak %55etik gora izatea— exijitu zion Europako Batasunak Montenegrori.

Horren jakitun lotu zuen atzo Masek zerrenda bakarra argitasunarekin. Parlamentu berriak nazioartearen aitorpena bilatzea izango du zereginetako bat, eta mandatuak argia izan behar du; beharrezkoa da, Masen hitzetan, independentziaren aldeko zerrenda batek gehiengo absolutua izatea. Hori soilik zerrendak partekatuz da posible —eta, agian, CDC eta ERC ez dira nahikoa—.

Gehiengo argi horren mesedetan, gutxieneko parte hartzerik izan behar al lukete hauteskundeek? Ez zen halakorik jarri Eskoziako erreferendumean, baina bai Montenegrokoan (%50). Erreferendumetarako Praktika Onen Kodeak gomendatzen du ez dela komeni gutxieneko parte hartzerik edo gehiengo kualifikaturik eskatzea, argudiatuta egoera “konplexuak” sor ditzakeela. Nolanahi ere, ikusi beharko litzateke unionismoak zein jarrera har dezakeen bozen inguruan, balizko boikot batek kalte egin liezaiokeelako parte hartze apal baten ondotik sortutako parlamentuaren zilegitasunari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.