Zinema

Euskal zinemak 130.000 ikusletik gora bildu ditu aurten

Lasa eta Zabala filmak 72.000 ikusle izan ditu zortzi astetan eta 50.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute Loreak.

Loreak Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. BERRIA
Berria
2014ko abenduaren 11
14:44
Entzun

Ibaia Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak 2014. urtea Euskal Herrian egindako zinemarentzat "handia" izan dela nabarmendu du ohar baten bidez, eta "bereziki, euskaraz filmatutako pelikulentzat". Izan ere, Ibaiak emandako datuen arabera, Pablo Malok zuzendutakoLasa eta Zabala filmak 72.000 ikusle izan ditu urriaren erdialdean areto komertzialetan estreinatu zutenetik. Hain zuzen ere, Aupa Etxebeste! filmak (Asier Altuna eta Telmo Esnal) 2005ean lortutako ikusle kopurua berdindu du Maloren filmak.

Bestetik, Loreak filmak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga) 50.000 ikusle baino gehiago izan ditu zinema aretoetan orain arte egin dituen sei asteetan. LoreakDonostiako Zinemaldian aurkeztu zuten eta orduz geroztik bidea egin du nazioarteko hainbat jaialditan: London Film Festival, Zurich Film Festival, Tokyo International Film Festival...

Datu on horiek azken urteetan "lortutako egonkortasunaren emaitza" dira Ibaiaren iritziz, baina sektorea bultzatzeko bestelako neurriak behar direla agertu du: "Begia etorkizun gertu batean jarrita eta gure pelikulen finantzazio iturri ezberdinak jasaten ari diren murrizketak kontuan izanda, kultura, ekonomia eta gizartearen ikuspuntutik sektore estrategiko baten alde apustu irmo eta segurua egiteko funtsezko unea dela deritzogu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.