MEMORIA HISTORIKOA

Bizkaiko Batzar Nagusiek babesa azaldu diote Servini epaileari

Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari eskatu diote gauzatu ditzala Argentinako epaileak Frankismoko krimenak ikertze aldera eskatutako estradizioak.

Maria Servini epailea. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2015eko martxoaren 2a
14:53
Entzun

Iazko urriaren 30ean, diktadura garaian egindako hainbat krimenen erantzule ziren hogei pertsona atxilotu eta estraditatzeko eskatu zuen Maria Servini epaile argentinarrak. Espainiako Gobernuak, ordea, entzungor egin zion eskaerari, argudiatuta epaileak "asmo politikoak" zituela.

EH Bilduk eginiko legez besteko proposamen bat onartu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Horren bidez, Serviniren jarduna babestu, eta hark eskatutako estradizioak gauzatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Talde guztiek babestu dute ekimen hori, PPk izan ezik.

1936ko altxamendua eta "disidentzia, justizia sozial eta eskubide nazional orori jazarri zion diktadura" gaitzetsi dituzte Batzar Nagusiek. Halaber, babestu dute "erregimen frankistak errepresaliatutakoei egia, justizia eskubidea eta kalte-ordain duin eta ez-baztertzailea emateko beharrezkoak diren neurri guztiak" hartzea.

Denen babesa, PPrena izan ezik

EAJko batzarkide Jon Sanchezek nabarmendu du "zorroztasun etikoa" beharrezkoa dela egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen ildoetan lanean jarraitzeko. EH Bilduko Asier Vegak, berriz, kritikatu du Madrilek ez duela "inolako interesik justiziari eta oroimen historikoari ateak irekitzeko".

PSEko Juan Oterminek esan du nazioarteko ebazpen batek hala esan arte Frankismoko krimenei ezin zaiela genozidio deitu, baina gaineratu du hala izan zela bere alderdiaren iritziz. PPko Esther Martinezek, ordea, "demagogia eta gezurra" esan izana egotzi dio EH Bilduri, trantsizio demokratikorik ez dela egon esateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.