Gizartea

Gomazko pilotak debeka ditzala eskatu diote Eusko Legebiltzarrari

Besteak beste, Rosa Zarraren alargunak, Iñigo Cabacasen gurasoek eta Xuban Nafarrateren aitak egin dute eskaera. Bihar eztabaidatuko dute Eusko Legebiltzarrean Ertzaintzari gomazko pilotak erabiltzea baztertzeko proposamena.

Rosa Zarraren alargun Xabier Irazustak, Iñigo Cabacasen guraso Manu Cabacas eta Fina Lizeranzuk, Mikel Quintelak eta Xuban Nafarrateren aita Joseba Nafarratek egin dute eskaera. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko apirilaren 15a
07:30
Entzun

Agerraldia egin dute gaur Xabier Irazusta Rosa Zarraren alargunak, Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu Iñigo Cabacasen gurasoek, Mikel Quintela 1995ean pilotakada baten ondorioz begia galdu zuenak eta Joseba Nafarrate Xuban Nafarrateren aitak, Bilbon, gomazko piloten erabilera debeka dezatela eskatzeko. 

Zehazki, Eusko Legebiltzarrari egin diote eskaera, EH Bilduren ekimenez, eta biharko osoko bilkuran legez besteko proposamena eztabaidatuko dute. Osoko bilkuran bertan izango dira Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu Iñigo Cabacasen gurasoak, eztabaida entzuten.

"Inolako salbuespenik gabe" gomazko pilotak debekatzeko eskaera egin diete legebiltzarkideei. "Hildako gehiagorik ez izateko" egin dute eskaera. Gomazko piloten erabilera bertan behera utzi ezean beste hildakoren bat izan daitekeela ohartarazi dute, eta horren ardura Eusko Legebiltzarrarena litzatekeela.

Hildakoak eta zaurituak

Duela hiru urte hil zen Iñigo Cabacas gaztea, futbol partida baten ondotik Ertzainek botatako pilotakada baten zaurien ondorioz. Hiru urte igaro eta gero, auziak irekita jarraitzen du.

Rosa Zarra, berriz, duela hogei urte hil zen, Ertzaintzak gomazko pilotaz zauritu eta zortzi egun geroago. 58 urte zituen. Donostian, Euskal Herria askatu leloa zuen manifestazio baten ostean zauritu zen, larri. Mikel Quintelak ere 1995ean jaso zuen gomazko pilotakada bat, eta begia galdu zuen.

Xuban Nafarratek, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorraren ostean, konortea galdu zuen Gasteizen izaniko istiluetan. Nafarrateren salaketaren arabera, Ertzaintzaren pilotakada batek jo zuen. Sei egunez egon zen ospitaleratuta. Arabako Lurralde Auzitegiak, ordea, berretsi egin du aurrez Gasteizko instrukzio epaitegiak ebatzitakoa: hau da, estropezu egin eta erorita zauritu zela Nafarrate. Auzia artxibatu egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.