Lomce-ren kontrako protestak

Ikastetxeek probak ez egiteko aukera "aintzat hartzeko" eskatu dio Ikastolen Elkarteak Jaurlaritzari

Elkarteak ez du ontzat jo 8 urteko ikasleei proba berriak egitea; LOMCEren ezarpenaren garapena dela uste du. Sortzen-ek proba berriak bertan behera uzteko eskatu du. Bien bitartean, aste osoan bezala, proben kontrako protestak antolatu dituzte Nafarroako hainbat ikastetxetan.  [Youtube]https://youtu.be/1NaJn8YKaV8[/Youtube]

Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko maiatzaren 7a
13:13
Entzun

Ikastolen Elkartearentzat ez dira egokiak 8 urteko ikasleei egin asmo diezkiten diagnosi probak: "Proba hau egiteko dagoen arrazoi bakarra da LOMCEn aurreikusita dagoela". Jaurlaritzari eskatu diote hezkuntza komunitatearen aurrean azaldu dezala ebaluazio diagnostiko hori egitearen beharra. Halaber, beren autonomia erabiliz froga ez egitea erabaki dezaketen ikastetxeen erabakia aintzat hartzea eskatu diote Jaurlaritzari, "eta uste dugu erabaki horrek ikastetxe horiei ez liekeela ondoriorik eragin behar".

Ikastolen Elkartearen ustez, "beharrezkoak" diren proba bakarrak 2009tik 4. mailako ikasleei egiten dizkietenak dira. Eta Eusko Jaurlaritzak uste badu Espainiako Gobernuak diseinatutako ebaluazio planteamenduak bere eskumenetan esku hartu duela, Ikastolen Elkartearen ustez ondokoa ebatzi beharko luke: "Lehen Hezkuntzako 4. mailan egin den probaren bitartez eskuratu direla LHko zikloaren erdi aldera ebaluazio diagnostikoa egiterakoan lortu nahi ziren helburuak". 

"Geure hezkuntza sistema propiorantz eta hezkuntza lege berri baterantz pauso sendoak eman behar ditugu", uste du Ikastolen Elkarteak. Horren harira, Jaurlaritzari eskatu diote bere eginkizunetan lehentasuna eman diezaiela Marko Pedagogiko berria aplikatzen hasteko beharrezkoak diren curriculum propioaren garapenari.

Probak bertan behera uzteko deia

Sortzen elkarteak salatu egin du Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak LOMCEren inguruan daukaten jarrera: "Aplikazioa modu ezkutuan eta informazio kontrajarriak zabaltzen aritu direlako".

Sortzen-en ustez, afera honek guztiak erakusten du "premiazko aldaketak" behar dituela hezkuntza sistemak, eta LOMCEk ezartzen duenaren kontrako norabidea hartu beharko lukete: "Ikasleriaren beharrak errespetatuz, ikasteko eta garatzeko erritmo ezberdinak aintzat hartuz eta hezkuntza komunitatearen ahotsa entzunez". 

Horrregatik, LOMCEren aplikazioa gelditzeko, 3. mailako proba hauek bertan behera uzteko eta eztabaida irekitzeko deia egin dute, "gure errealitatetik eta gure beharretatik eraikitzeko euskal hezkuntza sistema propio baten oinarriak".

Aste osoan bezala, gaur ere diagnosi proben kontrako protestak egingo dituzte Nafarroako hainbat ikastetxetan. Esaterako, probak beltzez jantzita egiteko deiarekin bat egin dute ondoko ikastetxeek: San Frantzizko, Bernart Etxepare, Mendialdea-Berriozar, Sanduzelai, Ezkaba-Ansoain eta Alaitz Barañain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.