Gaixo dauden presoak

Legeak ukatzen dien babesa

Ibon Fernandez Iradi lasartearra preso atxikitzea erabaki berri du Parisko dei auzitegiak; Aitzol Gogorza askatzeko eskatu du Errenteriako alkateak Eusko Legebiltzarrean. Gaixo dauden presoak aske uzteko ahaleginean ari dira senide, lagun nahiz gertukoak. Haietako batzuekin izan da 'Hitza'.

Zutik, ezkerretik eksuinera: Ioritz Sanz, Oliver Ramajo eta Jurdana Anton; eserita, Pello Zubiria eta Dayana Zaldua. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Maite Alustiza.
2015eko maiatzaren 15a
17:29
Entzun

Preso jarraitu beharko duela jakin du Ibon Fernandez Iradik duela bederatzi egun. Senideekin egindako lehen hitzetan, zer moduz dauden galdetu die. Minez, haserrez, tristuraz, zalantzaz eta beldurrez hartu du Jurdana Anton lehengusinak Parisko dei auzitegiaren erabakia; eta hunkituta presoaren jarrera: “Momentu horretan, zuk bera babestu eta animoak eman nahi dizkiozunean, bera gugatik arduratuta dagoela jakiteak hunkitzen zaitu. Kezka zuen ea honek familiarengan nola eragingo zuen”. Lannemezango espetxean da Fernandez Iradi lasartearra, Okzitanian, gaixo; 2013ko urtarrilean diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza.

Fernandez Iradirekin batera, beste hiru dira gaixotasun larriak dituzten preso gipuzkoarrak: Aitzol Gogorza errenteriarra, Garikoitz Arruarte hernaniarra eta Jagoba Codo donostiarra. Gero eta zabalagoa da haien eskubideen alde lanean ari den sarea; mugimendu horren parte dira Jurdana Anton senidea, Pello Zubiria preso ohia, eta Ioritz Sanz, Dayana Zaldua eta Oliver Ramajo sarekideak.

Guztiak bat datoz: giza eskubideen urraketarik ezin da onartu, eta premiazkoa da gaixotasun larriak dituztenak aske uztea. Senide den aldetik, Antonek babes falta izugarria sentitzen du legearen aldetik: “Bi mediku txostenek esan dute Ibonen osasun egoera eta kartzelan egotea ez direla bateragarriak. Beti daukazu helduleku bat ikusita baldintzak betetzen direla, baina gero kontrako erabakia etortzen da. Zertan ari dira jolasten? Baldintza batzuk jartzen dituzte, betetzen dira, eta gero hau dator… Zeri hel diezaiokegu? Konturatzen zara salduta zaudela”. Sententzia “guztiz krudela” izan da familiarentzat: “Zergatik du horrelako balioa hirugarren txosten honek, aurreko biek ziotena guztiz kontrakoa izanda?”. Fisikoki dituen lesioek mina eragiten diote Fernandez Iradiri, eta mugak, ezintasunak. Broteak ere izaten ditu. Horiei aurre egiteko, ezinbestekotzat dute tratamendu eta bizi-baldintza egokiak edukitzea. Baita gainerako preso gaixoen kasuetan ere.

Aldeak daude gaixotasunen artean, eta gaixotasun berak ere ezberdin eragiten dio preso bakoitzari. Pello Zubiriak espondilitis ankilosantea du, Arruartek eta Codok duten gaixotasun bera. 2003an egon zen preso, eta soilik hilabete inguru egon arren, badaki gaixo dagoen presoak zer-nolako egoerari aurre egin behar dion: “Oso baliabide gutxirekin lortu behar du bizirik irautea. Han ze baliabide dauzka? Hau jatea edo ez jatea, ariketa asko edo gutxi egitea… Ibonen kasuan, tratamendu oso ezberdinak behar ditu halako gaixotasun batek: ariketa fisikoak, fisioterapeuta bat, laguntza psikologikoa kasu batzuetan…”. Erbesteratuta daudenen baldintza gogorrak ere gogoan izan ditu.

Kartzelako kideen aldetik sentitutako babesa oroitzen du Zubiriak: “Albokoek segituan ulertu zuten nik ez nuela ogirik jango; nire ogia haiei ematen nien, eta nik haien sagarrak hartzen nituen”. Presoaren egoera kudeatu beharraz ere mintzo da: “Ez da erraza. Jendeari esan behar diozu zein gaizki zauden, behartzen zaituzte biluztera jendearen aurrean, eman behar dituzu datu pila bat; baina gaizki egonda ere, ez da ezer egiten. Batzuetan badirudi bizi-baldintzak hobetzea lortzea ere kalterako dela; humanitatearen arauak ez dira betetzen”.

Iosu Uribetxebarriaren kasua ekarri du gogora: “Egundoko eskandalua izan zen. Etxean zeukaten, baina kartzelan bezala. Han ez zegoen, ez, hamargarren txostenik minbizia terminala zuela ukatuko zuenik”. Zubiriak kontatu duenez, etxeko pasilloan bi kilometro egiten zituen egunero, atzera eta aurrera.

Tratua ospitalean

Osasun arreta egokia ez emateaz gain osasun egoera hori okertzeko neurri ugari hartzen dituztela salatu du Antonek: “Presio handia jasaten dute, eta gaixo zaudenean halako neurriek zure kontra egiten dute; denborak ere zure kontra egiten du”. Medikuarenera eramaten dituzteneko baldintzez ari da jarraian: “Atzetik lotuta eramaten dituzte, ia mugitu ezinda, eta han inguratuta daude denbora guztian. Intimitatea ukatua zaizu; biluzi behar duzu, eta ez medikuaren aurrean, baizik eta funtzionarioen eta abarren aurrean”.

Fernandez Iradiri lehen sintomak azaleratu zitzaizkionetik sufritu dutena ere ez du ahaztu. 2011n behin baino gehiagotan mediku probak eskatu arren, urtebetez “entzungor” egin zioten. Urte horretako maiatzean, ospitaleratzeko prest zegoela, atzera bota zioten eskaria. “Ibonek salaketa jarri zuen horren aurka, eta azaroan arrazoia eman zioten”. Egindako frogetan medikuak larritzat jo zuen gaixotasuna, ospitalean gelditu behar zuela adierazi zuen, baina bueltan eraman zuten, handik hilabetera berriro ospitalera eramateko.

Zubiriak gaineratu duenez, kartzelaldia luzea izateak berak ere eragina du osasunaren okertzean, eta egoeraren aurrean gobernuek duten jarrera kritikatu du: “Presoen gaiak bere abiadura darama, baina harrigarria da gaixoekin ez ematea pausorik. Edozein irakurketa politikotik libre geratu behar du. Euskal preso guztiei salbuespenezko egoera bat jartzen zaie, eta horiei bere gordintasun osoan aplikatzen zaie”.

Babes sarea

Legearen aldetik babes falta sentitzen duten aldi berean, jendearen berotasuna nabaritzen dute presoen senideek. Hala dio Antonek: “Aurrera aterarazten zaituena da. Sortzen zaizu gogoa inoiz baino gehiago erakusteko beraiekin egongo garela, ez ditugula inoiz bakarrik utziko, eta nahi dugula gaixotasun larriak dituzten preso guztien giza eskubideak berma daitezela”. Kartzeletan bisitara joaten diren mediku eta boluntarioen lana ere eskertu du, baita Zubiriak ere: “Badago isilean kanpotik laguntzen ari den jende asko”.

Zubiriak badaki “momentu delikatua” dela denentzat: “Dena hain blokeatuta dago, desanimatzeko tartea ere ematen du… Familiakoek babesa behar dute, eta ingurukook eman behar diegu”. Horretan ari dira, beste hainbat lagunekin batera, Sanz, Zaldua eta Ramajo sarekideak. Errenterian ari dira euren alea jartzen. Herrikidea dute Aitzol Gogorza preso gaixoa; nahasmendu obsesibo konpultsiboa du, sintoma psikotikoekin nahastuta. Hala laburbildu du egoera Sanzek: “Basaurin dago orain. Frantzian, zeukan gaixotasunarekin ez zegoen horren gaizki; Madrilera eraman zutenean okerrera egin zuen”. Hamasei ospitaleratze izan ditu azken hiru urtean. Egoeraren berri eman zuten joan den astean Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Aintzane Intxausti psikiatrak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean.

Hamabost bat lagun elkartzen dira asteazkenero Errenterian, “ideologia ezberdinetakoak”. Gogorza eta gaixo dauden gainerakoak aska ditzatela eskatzeko, ekintza ugari antolatzen ari dira: “Herriak erakusten duen indarra beharrezkoa da, bestela ez daukagu ezer egiteko”, dio Sanzek. Iaz, esaterako, 500 globo askatu zituzten Gogorzaren alde; erantzuna espero baino hobea izan zen.

Irratsaio bat ere martxan dute, ekitaldiak eta gaiari lotutako berriak kontatzeko. Ramajo eta Zaldua dira hizlarietako bi. “Jendeari falta zaion energia transmititu nahi diogu. Asko ez dira parte hartzera animatzen, eta bultzada bat eman nahi diegu”. Ele bitan egiten dute saioa, argi baitute hizkuntza ezin dela muga izan. “Berdin da euskaraz edo gazteleraz; denek gauza bera bilatzen dugu. Nahi dugu jende guztiak bere erara adieraz dezala presoek etxean behar dutela”.

Errenterian ez ezik beste zenbait herritan mugimendua dagoela ikusteak “elikatzen” ditu senideak; elkartasunak itxaropena hauspotzen dio Antoni: “Gero eta gehiago joango dira gerturatzen. Gero eta gehiago izan behar dugu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.