Albistea entzun

Ondorioak

 

Berria -

2016ko apirilak 29

Hauek dira Errenteriko elkarrizketarako foroak bere bukaerako agerraldian plazatu dituen ondorioak:

"Honaino iritsita, egiaztatu dugu bide honek oraindik ere ibilbide luzea izan dezakeela, baina iritsi da albo batera egin eta lekua uzteko ordua. Hauek dira guk ateratako ondorioak:

1. Bidaide bihurtu gara nahi gabe. Gai izan gara sufrimenduan elkarrengana hurbiltzeko. Nahiz eta hasieran beldurra sentitu eta egoera beti ez izan nahi bezain egokiena, konfiantzako eta segurtasuneko espazio bat eraiki eta mantendu dugu, bildu eta elkar ezagutzeko, lehen nirea eta zurea zirena orain gure bihurtzeko. Prozesu honek aldatu egin gaitu; lehen ziur genuen horretan zalantzak piztu dizkigu, elkar ezagutzeko entzun diogu elkarri. Hartara, ezjakintasuna gainetik kendu dugu, bizitu eta sufritu dugunaren larritasunaz jabetu gara eta horrek pertsona hobeak bilakatu gaitu, objektiboagoak gara orain.

2. Aldi berean, egiaztatu dugu zaila dela desberdinen artean adostasun politikoa lortzea. Aldiz, konfiantzazko eta errespetuzko ingurunean gai izan gara pertsona eta bere iritziak bereizteko eta horri esker gure arteko distantzia ideologikoa eta politikoaren neurria hartzeko gai izan gara, ulertu dugu bakoitzak nondik hitz egiten duen, zer dagoen hitzen eta jarrera desberdinen azpian eta, azken batean, agerian geratu da zer partekatzen dugun eta zer ez.

3. Zintzotasunez onartu ditugu gure mugak eta aitortu behar dugu lañotasunez ekin geniola bideari. Bidea bera taldearen xede bihurtu da azkenean, eraiki dugun espazioak aukera eman baitigu etorkizun partekaturako oinarriak jartzeko baldintzak sortzeko.

4. Azkenik, ikasi dugu luzaroan barneratutako dinamikak aldatzeko pauso eta keinu txikiak beharrezkoak direla. Taldearen berri lehenago eman ez dugun arren, kideok ez dugu inoiz ezkutatu gure arteko harremana, kalean topatu eta elkar agurtu dugu. Guretzat keinu txiki naturalak izan dira, nahiz eta zenbaitetan harridura eragin duten edo ez dituzten ulertu. Horrek taldean lortutakoaz jabetzera eraman gaitu,  gai izan garela dinamikak aldatzeko eta bizi izan dugun prozesua ezagutzera eman behar dugula. Gure ekarpena egin nahi dugu askatasuna eta errespetuan oinarrituko den bizikidetza esparru berri bat ahalbidetuko dituzten baldintzak sortzen".

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.