Hezkuntza

Aurten 30 ikastaro egingo ditu UEUk, “inoiz baino pluralagoak”

Iruñean, ikastaroen data ekaineko azken astera aurreratu dute, jende gehiago erakartzeko asmoz.

Iñaki Alegri, Irati Iciar eta Mikel Haraburu, Iruñean. UEU
joxerra senar
2016ko maiatzaren 18a
10:02
Entzun

“Anitza da aurtengo udako ikastaroen leloa”. Iñaki Alegria Udako Euskal Unibertsitateko zuzendariak aurtengo edizioak gai, formatu eta tokien aldetik izango duen aberastasuna nabarmendu du goizean egindako aurkezpenean.

Interesguneetako bat Iruñean datza. Aurreko urteetan sanferminen ondotik egin izan dituzte ikastaroak  eta aurten ekainaren azken astera aurreratu dute. “Guretzat aldaketa estrategikoa da aldaketa honekin bertako jende gehiago etortzea du helburua”, azpimarratu du Alegriak.

Ekainaren 29an, kasurako, Nafarroako aldaketari buruzko ikastaroa antolatu dute Gobernu-kudeaketa aldaketa, erregimen aldaketa? izenburupean. Era berean, ekainaren 27an, Eusko Kultur Fundazioarekin elkarlanean  Eugenio Arraiza zenaren figura aztertuko dute, batez ere azken 40 urteetan euskal kulturaren bultzatzaile gisa egin zuen lana.

Guztira 23 ikastaro eta 7 jardunaldi antolatu dituzte. “Azken urteetan 40 ikastaro antolatu izan ditugu, baina aurten erabaki dugu eskaintza trinkotzea eta optimizatzea”, azaldu du Irati Iciar Udako ikastaroen arduradunak. Iruñean 6 ikastaro egingo dituzte ekainaren 27tik 29ra; Eibarren 11 ikastaro eta lau jardunaldi ekainaren 30 eta uztailaren 1ean eta uztailaren 11tik 15era; Baionan lau ikastaro eta Bidarten jardunaldi bat uztailaren 6tik 8ra; Donostian jardunaldi bat eta Bilbon eta Zumaian ikastaro bana.

Baldintzei dagokionez ikasle, langabe eta erretirodunek beherapenak izango dituzte matrikula egiteko. Euskal Herriko hainbat udalek diru laguntzak emango diete euren herritarrei. Bizkaitarrek zein gipuzkoarrek laguntza desberdinak dituzte. Berrialagunek ere UEUko bazkideen beherapen berak izango dituzte. Guzti hori ueu.org webgunean ikus daiteke.

Jardunaldietan, besteak beste, honako gaiak jorratuko dira: Teknologia eta itzulpena; matematikari euskaldunen topaketak; arkitektura eta hirigintzan euskararen egoera; energia eta sare elektrikoak.

Ikastaroetan, berriz, gizarte zientziak eta gai zientifikoek izango dute protagonismoa: nola idatzi administrazio testu ulergarriak; euskararen biziberritzea; adimen gaitasun handiko ikasleei erantzuna; guraso/hezitzaile eta haurren elkar ulertzea; IKTak Euskal Herrian; Kartzela eta euskal gatazka birpentsatzen; berezko zuzenbide zibilari buruzko hausnarketak; Arkitektura eta hezkuntza espaziala; Python programazio-lengoaia; sendabelarrak eta etnobotanika; kostako basa-bizitzaren ikerketa; zientziaren dibulgazioa…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.