Albistea entzun

Hasier Arraiz

"Estrategia aldaketa sendotu dugunez, arnasa berria behar da"

'Segurako auziko' inhabilitazio zigor bat dela medio, Hasier Arraizek joan den astean esan zion agur Eusko Legebiltzarrari. Asteon iragarri du ez dela berriz aurkeztuko Sortuko presidentetzara. Albiste izan da. Bideoa: Arraizi elkarrizketa (Lara Madinabeitia / Argazki Press).

Enekoitz Esnaola -

2016ko maiatzak 27

Hasier Arraizek (Gasteiz, 1973) atzo eguerdian hartu zuen BERRIA, eta artean ez zeukan jasoa Segurako auziko inhabilitazioaren agiri ofiziala. Dena dela, gaur zortzi agurtu zen Eusko Legebiltzarretik. Elkarrizketa bukatu ondoren jaso zuen debekuaren berri.

Inhabilitazioagatik Eusko Legebiltzarra utzi zenuenetik bost egunera iragarri duzu ez zarela aurkeztuko Sortuko Kontseilu Nazionaleko presidente izateko.

Galdera zehatza egin zidan Info7-ko kazetariak, eta erantzun zehatza ematea baino ez nuen.

Aspalditik al zenuen buruan?

Duela hilabete batzuetatik.

Eta orain?

Oraindik hor nabil, eta etapak ondo ixtea gustatzen zait. Uste dut Eusko Legebiltzarrekoa ondo itxi dudala, hitza hartu eta baliatuz, duintasunez eta dotore, eta Sortukoa ere ondo itxi nahi dut, oztopo izan gabe eta atzetik etorriko direnei bidea ahal den gehien erraztuz.

Sortuk «birfundaziorako» batzar nazionala egingo du uztailaren 2an, eta, aurrerago, kongresua. Noiz arte egongo zara?

Nire asmoa uztailaren 2an uztea da, arduradun berriak sartuko dira eta. Gero, haiek nire laguntza behar badute, izango dute.

Berrikuntza handia aurreikusten al da zuzendaritzan?

Baietz uste dut. Guri, Sorturen eratze kongresuan zuzendaritzan jarri ginenoi egokitu zitzaigun bidearen zati bat egitea. Ezker abertzalearen estrategia aldatu eta gero hartu genuen Sortuko zuzendaritza, eta aldaketa hori sendotu eta kudeatu egin behar genuen. Nire ustez, egin dugu, gauza batzuetan erratu egingo genuen arren. Aldaketaren sendotze hori gertatu da, eta orain garaia da estrategia berriari arnasa berria emateko eta muturreraino garatzeko. Horretarako, ideien berrikuntza behar da, gauzak egiteko moduak aldatu behar dira, eta, horrekin batera, aurpegi berriak egon behar dira.

Zahartzat al daukazu zeurea?

42 urte ditut, baina badira belaunaldi berriak, ardurak hartu eta gure bide honetan pauso berriak emateko. Nik badaramatzat ezker abertzalean urte batzuk lanean.

Aipatutako kargurik gabe, zer egiteko asmoa duzu?

Etapak ondo ixteaz eta neure bizitza pertsonala antolatzeaz gain —bi haurren aita izan naiz aurten—, Otegi [EAEko] lehendakari izateko lan egingo dut. Niretzat ere erreferentzia bat da hura, eta sekulako aktiboa berreskuratu dugu.

Duela hiru urte eratu zenuten Sortu. Zer balantze egiten duzu?

Denon artean egindakoa hor dago, aldaketa estrategikoaren sendotzea hor dago, baina aldaketa gehiago eta ausardia handiagoa behar dira estrategia berrirako. Nik hori guztia positibotzat hartzen dut, eta kongresua zerbait aurreratzea berri ona da.

Zein izan zen 2013ko eratze biltzarreko mezu nagusia?

Aurreko ezker abertzalea ginela, estrategia aldatu zutenak ginela eta aldaketa haiek guztiak ezarri behar genituela. Irudi hori ematea oso garrantzitsua zen orduan, eta nik uste hori heldu dela gizartera. Fase hori betea da, eta orain beste bati ekin behar diogu. Geure burua eraldatzeko erronka dugu.

Zuen estrategia aldaketa sendotu da, baina Abian prozesuan aitortu duzue gatazkaren konponbidean ez duzuela asmatu.

ETAk 2011ko urrian jakinarazi zuenean jarduera armatua utzi zuela, ez genuen uste ondorioen atala blokeatu egingo zenik. Gero ikusi genuen Espainiako Estatuaren orduko jarrera gezur bat zela.

Sortu eratu zenuten une berean bukatu zen ETAren Norvegiako itxaronaldia, eta ondorioen arloan denbora bat eman duzue impasse batean bezala.

Estrategia aldaketa ez zen ETAren borroka armatua bukatzea soilik; askoz gehiago da, eta ez dugu jakin hori garatzen. Aldaketa pila bat behar dira, eta norberak gauzatu behar ditu lehendabizi.

Adibidez?

Egiteko moduez ari naiz. Esaten dugu gehiengo berriak artikulatu behar ditugula. Baina, lehen bezala funtzionatuta, ezin dira gehiengo horiek lortu. Elkarlana nahi dugu, baina besteei ezin diegu esan gu bezalakoak izateko. Kostatzen ari zaigu aldaketa hori egitea.

Jende batentzat ezker abertzalea ez al da ari gehiegi jaisten aldarrikapen maila?

Nire ustez, aldaketa, batez ere, jarreretan gauzatu behar dugu, bestea hartzeko moduetan. Ezker abertzalearen kultura politikoan, akordioaren kontzeptua garatu gabea dago oraindik. Zeure jarrera malgutu beharra duzu bestearekin adostasunera iristeko.

EH Bildu eratzean, lortu zenuten beste hiru indarrekin bat egitea.

Bai, eta sekulako aurrerapena izan da. EH Bilduren sorrera prozesua izan da poz handienetakoa eman didana. Kultura politiko desberdinen artean sintesi bat egiteko gai izan ginen. Gai batzuetan aurrez aurre egonak ginen, eta lortu dugu bat egitea; AHT da gai bat, gatazkari lotutakoa, feminismoa... EH Bildu ez da laborategiko formula bat; pausoka joan gara, beti akordio politikoa oinarri izanda.

Sortuk ez al ditu han gauza gehiegi egin?

Sortu da hango indar nagusia, hori bistan da, eta oso eskuzabal jokatu izan duenean funtzionatu du EH Bilduk ondoen.

Bildu 2011rako bazen. Oraindik EH Bildu ez duzue egituratu.

Espazio soziopolitiko bat artikulatzeko sortu genuen koalizioa, ez hauteskunde tresna izateko bakarrik. Hartara bueltatu behar da, egituratzera jota. Herri honetan bada jendea, alderdietatik kanpo, ezkerrekotzat eta subiranistatzat duena bere burua, eta gai izan behar dugu hori guztia antolatzeko.

Lau alderdiren koalizioa izanda ala EH Bildu egitura bakarra izanik? Iritzi desberdinak dituzue.

Bi aukerak jorratu behar dira. EH Bilduk nortasun propioa izan behar du , egitura bat izanda. Horrez gain, hango parte izan behar dute bertako egungo lau alderdiek. Horri denari gehituz jende independenteak ere egon behar duela.

Laura Mintegik utzi egin zuen.

Ez ginen justuak izan harekin. Orain arte, alderdietakoak izan dira aurpegi nagusiak koalizioan, eta datorren fasean independenteak izan behar dute.

Kaleko jendearentzat zu zer zara: Sortukoa ala EH Bildukoa?

EH Bildukoa.

Eta zer moduz EH Bildun?

Oso eroso sentitu naiz.

Hauteskundeetan goia jo al du?

Hor dira emaitzak, baina badira beste formula batzuk aurrera egiteko. Gure izaera galdu gabe, besteekin akordioak lortzea da aukera bat. Bestalde, hauteskundeak eta instituzioak ezinbestekoak dira gehiengoak artikulatzeko, baina herri boterea eraikitzea da benetan nahi duguna. Gipuzkoan aldundian egon ginen, baina ez genuen botererik. Herritarron kontzientzia eraldatu behar da, subjektu politiko eta sozial berriak eraikitzeko. Gai izan behar dugu bi eremuak lantzeko.

Iazko urtarrilean aurkeztu zuen koalizioak Euskal Bidea. Gustura al zaudete emandakoarekin?

Euskal Bidea-k sekulako irismena izango du, baina denbora beharko da. Hiru eremuetako prozesu bateratzailerako ari gara pausoak ikusten: Nafarroan aldaketa politikoa izan da; Ipar Euskal Herriak lehen aldiz izango du aitortza instituzionala; eta, EAEn, Maltzaga bat lantzeko aukera dugu, eta Maltzaga da erabakitzeko eskubidea, gero bide bat urratzeko.

Madrilera batera joan zaitezkete. Haren ezezkoa jasota, bueltako bidaia adostu al daiteke?

Egoera ezin dute lehendakariak edo alderdiek kudeatu, herriak baizik. Eragileekin biltzen ari gara.

EAJren eta EH Bilduren «herri akordioak» aldarrikatu berri dituzu. Batzuek ez al dizuete leporatzen berriro EAJrenganako gehiegizko fijazioa duzuela?

Inoiz euskal estatu bat izan nahi badugu, ezinbestekoak izango dira EAJren eta gure arteko akordioak. Orain ez dago baldintzarik harekin akordio estrategikoa egiteko, bion arteko mesfidantza nagusi baita. Zergatik ez gara hasten akordio txikiagoak egiten, [EAEko] Udal Legean egin dugun bezala? Hain zuzen, gero bide bat egiteko pausoak izateko akordio horiek.

Egin al daiteke bide bat batera?

Oro har, herri gisa ez gaude sasoirik onenean. Euskal politikagintza herri honen isla bat da, ez isolatua. Kezkatzen nau euskal politikagintzak, baina kezkatzen nau euskalgintzak, kulturgintzak, eta herri mugimenduak ere bai. Hor ere eredu zaharrak daude, eta eraberritu egin behar dira. Asko hitz egiten da herri mugimenduaz, baina gutxi egiten dugu. Bertan daudenei utzi egin behar zaie bidea egiten. Gainera, kolonizazio kultural bat gertatzen ari dela ikusten dut. Oraingoz, ez dugu erakutsi esparru propioak sortzeko gaitasunik. Espainol gisa bizi bagara, azkenean espainolak izango gara.

Eusko Legebiltzarreko zure agurrera joz berriro, euskal gatazkari buruz oholtzatik esan zenuen: «Aurkariari gizatasuna kendu genion». Zure azkeneko saio hartan hori esan beharra zenuela sentitzen al zenuen?

Bai, lubakiaren bestaldean egon denari hori helarazi nahi nion. Besteari gizatasuna kendu diogu, eta gainontzeko guztiek ere egin dute. Iruditu zaigu uneren batean bestearen giza eskubideak ez zirela ezinbestekoak, eta, hori egin dugunean, guk ere gizatasunaren zati bat galdu dugu. Norberaren sufrimenduak itsututa egon gara.

«Bestearekin» —fiskaltzarekin eta, kasu batzuetan, herri akusazioekin— akordio batzuk lortu berri ditu kartzelara joateko arriskua zeukan ezker abertzaleko jendeak. Zeuk, adibidez. 50 lagunek denera.

Nabarmena da jarrera aldaketa bat egon dela; bai gure aldetik, baita estatuaren aldetik ere. Pentsatzen dut aldaketa horretan sakontzeko aukera egongo dela.

Euskal presoez ari al zara?

Dudarik gabe. Euskal preso politikoak etxeratu daitezen bide bat zabaldu dugu. Benetako bakea egon dadin, etxean behar ditugu, eta lehenbailehen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Buruntza Mendiko gurutze frankista bota dute

Epaileak deklaratzera deitu du Ernairen legezko ordezkaria, Buruntzako gurutzearen eraisketagatik

Berria

Gazte antolakundeak bere gain hartu zuen ikur frankista hori bota izana. Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak jarri zuen haien aurkako salaketa.

Foro Sozial Iraunkorraren prentsaurrekoa, gaur eguerdian. ©Iñigo Uriz / Foku

Estatuaren biktimak aitortzeko «urrats instituzional garrantzitsuak» nabarmendu ditu Foro Sozialak

Iosu Alberdi

Legealdian emandako pausoen ondoriotzat jo dituzte Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak azken asteetan hartutako erabakiak.

Ahurretan sartu ezinezko 48 ordu

AHURRETAN SARTU EZINEZKO 48 ORDU

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Uztailean beteko dira 25 urte ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta hil zuela. 'Euskal' zen ororen aurkako olde bat ekarri zuen atentatuaren aurkako erreakzioak, BERRIAk elkartu dituen orduko hiru kazetariek oroitu dutenez. Abertzaletasunak batuta erantzun zion.

 ©BERRIA

Presoak eztabaidagai

Iosu Alberdi

1990eko hamarkadako tentsio gune nagusietako bat izan zen espetxe politika. Presio egiteko «fronte» propio bat ireki zuen ETAk, eta sakabanaketa amaitzeko exijitu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...